484 Zenbakia 2009-05-01 / 2009-05-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: D eredua, zergatik?

AIESTARAN, Nagore



Nire aita–amek hautu bat egin zuten, txiki–txikia nintzela ikastolara bidaltzea, bertan baitzegoen euskaraz ikasteko eskaintzarik onena. Halaber, nik neuk egunen batean umeren bat edukiz gero, ezin esango nuke xuxen nora bidaliko nukeen ikastera. Gauza askoren menpe egongo da erabakia, baina argi daukadana, euskaraz ikasiko du(t)ela. Akaso, nire herrian behintzat, ikastola zein eskola publikoa euskara maila aldetik oso berdintsuak direlako izango da eta horregatik bederen, ez dut apriori bata edo bestea nahiago.

Jabetzen naiz Euskal Herriko toki guztietan ez dela egoera berdina ematen. Eremu erdaldunago batetan, ikastola eta beste ikastetxe batzuen arteko aldea nabarmena izaten da eta haietariko batean biziz gero, ez nuke zalantzarik edukiko; nire haurrek ikastolan ikasiko lukete.

Eta horixe iritzi diot Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko kasuei dagokienez ere. Batean zein bestean, askotxo baztertzen da euskara ?bai instituzio, baita herritar ugariren aldetik ere. Ofizialtasunik eza da nagusi eta euskara beraien kulturako parte denik ere aintzatesteko gorabeherak egoten dira.

Seaskaren kasua daukagu Iparraldean ?orain 40 urte sortua eta bertako ikastolen federazioa litzateke. Elkartearen lana, beste egiteko askoren artean, ikastolei sostengua ematea. Buru–belarri aritu dira 40 urte hauetan, eta zergatik ez esan, beraiek gabe eta orokorrean, Iparraldeko euskaltzale ororen lan gogorrik gabe, auskalo gaurko egoera zein izango litzatekeen.

Euskarak bizirik dirau euskaltzaleon artean, zailtasunak zailtasun. Gure gizarteak badu ezkutuko indar bat eta ez du amore ematen ezbeharren aurrean. D ereduan matrikulatzea edo ez; ikastolara eramatea edo ez. Hautu pertsonala da, eta bihotzak gidatuta hartzen ditugu erabaki asko eta asko. Nahiz eta gizon–emakume askok gure hizkuntza kriminalizatu nahi, guk badakigu zein den egia, eta geure ?burugogorkeriarekin? jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Eta denoi dagokiguna da hori egitea, haur, gazte zein helduoi, euskara maite badugu, euskara erabiltzea behar–beharrezkoa baitugu.

Hemen nire galdera. Zergatik D eredua? Azken batean, militantziagatik.