Euskonews Gaztea
Gaiak: Koldo Pastor orkestra zuzendariarekin hizketan
GORRIZ, Oihan LOZANO, Iñigo NAPAL, Josu
San Fermin Ikastolako lantaldea (Iruñea)
Koldo Pastor Arriazu, iruindarra eta euskalduna, 1947an jaio zen. Obra sinfonikoen, ganbarakoen eta koralen konpositorea da, beste gauza askoren artean. Koldo, aspaldiko argazki batetan.
Konposatzeaz beste, armonia eta talde instrumentaleko irakaslea eta koro zuzendaria da, Iruñeko Ganbara Abesbatza Taldeko eta Orfeoi Iruindarraren zuzendari, adibidez. Gainera, XX. mendeko musikaren hedapenaren jarraitzaile izanik, Iruñeko Taldearen kide fundatzailea da.
Bere konposaketa katalogoa oso zabala da, mota askotako musika konposatu baitu: musika instrumentala, orkestrakoa, pianorako konposaketak, bokalak eta baita zinerako musika. Bere obra musikala bai estatuan eta bai atzerrian interpretatu izan da, eta ikus–entzunezko hainbat hedabidetan zabaldua.
Nola hasi zinen musikan?
Txiki–txikitan hasi nintzen, 9 edo 10 urterekin; Aitzineko eskolan, hau da, Iruñeko musika eskolan hasi nintzen. Geroago, heldua nintzenean musika talde batetan aritu nintzen eta Espainian zehar birak egin genituen. Disko bat grabatu eta gero, 30 urterekin, goi mailako kontserbatorio batera joan nintzen musika ikastera.
Zure familiaren partetik, bazegoen tradizio musikalik zu musikan hasteko?
Ez hainbeste, nire familiakoei musika gustatzen zaie, baina gustukoa izatea eta musika ikastea ez dira gauza bera.
Nola definituko zenuke zure musika?
Nire musika nahiz eta modernoa izan, nahiko tradizionala da. Barrokoaren influentzia pixka bat dauka, eta aurreko mendeko konposatzaileek egiten zituzten konposaketen antza du. Zentzu orokorrean nahiko kontserbadorea dela esan daiteke.
Zer da zuretzat musika?
Musika nire bizitza da.
Zergatik hautatu zenuen musika zure ogibide izatea?
Kasualitatez izan zen. Ia–ia 28 urterekin hasi nintzen zuzendaritza ikasten eta asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzenean, serioago ikasten hasi nintzen. Orduan goi mailako kontserbatorioan apuntatu nintzen eta karrerari hasiera eman nion; izugarri luzea izan zen eta 39 urterekin bukatu nuen.
Karrera egiten ari nintzen bitartean baina, lan ere egiten nuen. Nire familia ez zen oso handia, hiru semekoa hain zuzen; hauek aurrera atera nituen, ikasketak burutu bitartean lan eta lan eginez. Argazkia: procsilas (http://www.flickr.com/photos/ procsilas/57630118/)
Zein da zure instrumentu nagusia?
Gitarra eta pianoa dira.
Zein izan zen zuzendari bezala eman zenuen aurreneko kontzertua?
Kasik ahaztu zait non izan zen, uste dut 30 bat urterekin egin nuela, beno... (barre), ez dut ondo gogoratzen. Urtero–urtero kontzertu pila bat ematen ditut –hamar inguru– orduan pentsa zenbat kontzertu egin ditudan nire bizitzan zehar! (barre)
Norantz uste duzu eboluzionatuko duela musika klasikoak?
Pasa den mendean egiten hasi zen musikarantz; oso musika berezia eta moderno egiten zen baina XX. mendeko lehen boladan aldatu zen ia irizpide nagusiena. Eta uste dut nahiko kontserbadore bihurtu dutela musika klasikoa, agian errazago entzuteko eta egiteko. Gaur egun oso konposatzaile gutxi daude, hau da, badaude, baina ez asko. Alor nagusiak, pelikulak eta ikus–entzunezkoekin doazen gauzak dira, baino musika puruzko konposaketak gure gusturako egiten ditugu. Ez dago dirurik eta sosik ez irabazteko ez du merezi askorentzat. Orduan konposatzen duguna, daukagun bokazioarengatik egiten dugu.
Orkestra bat zuzentzeko, zeintzuk dira behar diren ikasketak?
Itzelak. Lengoaia musikalarekin hasi behar da, eta pare bat instrumentu ezinbestekoa da – jotzea pianoa behar–beharrezkoa da. Konposaketa eta zuzendaritza eskolek garrantzia handia daukate. Hori dela eta, karrera pilo bat luzatzen da. Teorian, erdi–mailako ikasketak bukatu eta oraindik 8–10 bat urte geratzen dira goi mailan!
Arlo profesionalean zein da zure izaera definitzen duen ezaugarria?
Zaila da galdera hau erantzutea. Nire kasuan zuzendaritza baino, gehien gustatzen zaidana irakaskuntza da. Orkestra profesionalaren arloa, oso estua da eta oso zaila da bertan sartzea. Hau da, lan guztia 20–30 zuzendarien artean banatzen da.
Bestetik, arlo profesionalean arazo handia suposatzen du pertsonak eta musika tresnak mugitu beharrak, eta etengabe bidaiatzen egoteak. Hilero mugitu behar da tokiz, orduan egun batean Murtzian kontzertu bat ematen egon zaitezke eta hurrengoan Londresen. Horregatik nahiago dut irakastea zuzendaria izatea baino.
Esan ohi da gazteek ez dutela musika klasikoa jarraitzen. Egia al da?
Ez dut uste, denetarik dago. Gazte batzuei musika klasikoa zein modernoa gustatzen zaie, beste batzuei ordea, klasikoa, eta gehienei musika modernoa edo komertziala bakarrik. Baina ez da beti horrela. Adibidez, nik kontserbatorioan musika klasikoa izugarri gustatzen zaien ikasle pila bat ezagutzen ditut.
Musikariei dagokionez, zein da zure iritzia?
Nire ustez, gazte gutxi daude karrera egiten. Erdi mailan gazte asko daude, baina goi mailan tamalez, gutxi. Alde batetik karrera oso luzea eta gogorra delako, eta bestetik familia askotan ez delako musika ogibide bezala ongi ikusten. Oraindik badaude musika dibertimendutzat soilik hartu behar dela pentsatzen duten familia asko, eta karrera arruntetara jotzen dute. Familia horiek beste pentsaera bat izango balute, konturatuko lirateke ez dela horrela, baina tamalez, oso jende gutxik bukatzen du musika karrera.
Orkestra batean, zuzendariaren papera boteretsuena al da?
Beno, egia esateko, zuzendaritza musika alorraren beste eginkizun bat da, instrumentua jotzen duen norbait bezala; baina, nola esan, gure espresioa eta gure gustua irudikatzen da zuzendaritzaren bidez. Azken finean orkestra instrumentu handi bat bezala ikusten dut eta niretzat, zuzendaritza, instrumentu handi bat jotzea bezala da.
Modu despota batean zuzentzen duzue?
(Barre) Denetarik dago. Egia da batzuk horrela egiten dutela lan, baina ez da ohikoena; nik zuzendari asko ezagutzen ditut eta denetarik dago. Azken finean hau politika alorrean bezala da, edo eskolan irakaskuntza arrunta bezala.
Ba al duzu gustuko errepertoriorik?
Bai, badago errepertorio bat niretzat oso berezia eta atsegina dena. Zuzendari bakoitza garai batean espezializatzen da errepertorioaren arabera. Niri gehien gustatzen zaidan musika neorromantikoa edo XX mendeko musika da.
Zer jakin behar dute gazteek musikan karrera bat egiteko?
Lehenbiziko gauza gehienetan bezala, dituzun helburuak zeintzuk diren argi edukitzea da. Gazteek ongi pentsatu behar dute etorkizunari begira zer nolako lana egin nahi duten. Orduan, ezer baino lehen norberarentzako komenigarria den instrumentua hautatu behar da, eta gero jarraitu eta jarraitu...
Ba al dago harrotasunez edo/eta maitasunez gogoratzen duzun kontzerturen bat?
Bai, eta gainera asko dira. Adibidez, pasaden Gabonetan emandako kontzertua.
Azkenik, elkarrizketari amaiera emateko, zer edo zer esan nahi al diezu irakurleei?
Gazteak musika klasikoaren alorrera gehiago hurbil daitezela.