Euskonews Gaztea
Gaiak: Oihan Vega kazetari eta musikariarekin berbetan
AGIRRE, Nerea LAZPIUR, Asier TXINTXURRETA, Maite
Aranzadi Ikastolako lantaldea (Bergara)
Bergarar honek txikitatik izan du garbi egin nahi zuena. Donostiako danborrada ikusten konturatu zen perkusio–jole izango zela, eta betidanik gustatu zaio komunikabideen mundua. Gaur egun, perkusio irakasle, Dj eta ETBn zein Gaztea Irratian aurkezle da. Horretaz gain, orain dela gutxi lehen diskoa kaleratu duen Belceblues taldeko bateria–jolea da. Oso lanpetua egon arren, mutil honek ez du bere alaitasuna galdu, eta oso ireki eta adeitsu azaldu da gurekin.
Musikari, aurkezle, ume askoren etorkizunerako ametsak izan daitezke. Zureak ere hauek ziren?
Berez, txikitako nire ametsa telebistako aurkezle izatea zen, baina musikaren munduak ere asko erakartzen ninduen; talde bat osatu, diskoak kaleratu, kontzertuak eman... Azkenean, biak betetzea lortu dut, eta zentzu horretan, oso gustura nago. Baina, egia da lan asko egin behar izan dudala hona heltzeko. Askotan entzuten den zerbait da, baina egia borobila ere bada, izan ere, bizitza honetan inork ez dizu ezer oparitzen.
Musika estilo desberdinetako taldetan parte hartu duzu. Zein musika estilo eta talde dira zure gustukoenak?
Gehien gustatzen zaidan musika estiloa heavy melodikoa da. Taldeei dagokienez, Rapsody eta Metallica ditut gogoko. Honetaz gain, musika zelta beste estilo batzuekin nahasten dituzten taldeak ere atsegin ditut, Celtas Cortos eta Mago de Oz, besteak beste.
Nola sartu zinen irrati munduan?
Goiena Telebistatik ETBko Teleberri saioko kiroletan lan egitera pasatu nintzen Erreala kubritzen. Urte horretan, ordea, Erreala bigarren mailara jaitsi zen, eta honekin batera, audientzia. Beraz, langile murrizketa bat egin behar izan zuten, eta Gaztea Irratira pasatzea proposatu zidaten. Izan ere, Joxeinaren ordezko baten bila zebiltzan, eta ni izan nintzen aukeratua bere irrati saioa gidatzeko. Horrez gain, disko–festetan ere ordezkatu nuen.
Gogorra da denbora luzean irrati saio bat bakarrik gidatzea?
Gogorra baino gehiago, luze egiten da. Baina, ez naiz aspertzen, izan ere, etengabe zerbaitetan aritu behar izaten naiz, teknikaririk ez dagoelako. Ondorioz, guztia nik kontrolatu behar dut. Gainera, saioaren zati handiena inprobisatuz egiten dut.
Gustatuko litzaizuke irratian beste saio motaren bat egitea?
Nire saioarekin gustura nagoen arren, bai, gustatuko litzaidake. Gehien bat, entzuleekin harreman zuzena izateko aukera ematen duen saioren bat. Adibidez, entzuleek telefono deiak egiteko aukera eskainiko lukeen bat, honek iritzi ezberdinak entzuteko balio izango lukeelako. Argazkia: Belceblues-ek utzia.
Orain, telebistan ere bazabiltza bideoklipak aurkezten. Hau irratia baino gustukoago duzu?
Bai. Gainera, telebistako aurkezle izateko ikasi nuen. Baina, egia da irratian lanean hasi naizenetik, mundu honekin maitemindu egin naizela. Izan ere, komunikabide mota hau intimoagoa da; telebistak, aldiz, espektakuloari garrantzi handiagoa ematen dio.
Lanagatik, alde batetik bestera ibili behar izaten duzu. Astuna egiten zaizu?
Bai, kotxea dut nire “bulegoa”. Hasieran, astuna egiten da, baina gerora, ohitu egiten zara. Dena den, aurten lasaiago nabil, EITB guztia Bilbon zentralizatuta dagoelako, eta bertan bizi naiz. Hala ere, astean behin Bergarara joaten naiz familiarekin eta lagunekin egoteko. Gainera, Belceblues taldearekin entseguak ere egin behar izaten ditugu, nahiz eta ez dugun nahi besteko denborarik. Hala ere, nahiko ondo moldatzen gara bakoitzak bere aldetik lan egiten baitugu.
Gelditzen zaizu aisialdirako denborarik?
Bai, igerilekura edota zinemara joateko astia izaten dut, eta baita pianoa jotzeko. Honek erlaxatu egiten nau lanegun gogorren ostean. Lagunekin elkartzea, ordea, zailagoa izaten da. Hala ere, topatzen ditut tartetxoak haiekin egoteko.
Izan duzu lanean pasadizo barregarriren bat?
Bai, irratian lanean hasi eta lehenengo astean, gainera. Jendeak nahi zituen abestiak aukeratzeko sms mezuak bidaltzen zituen saio batean hasi nintzen. Mezu horiek Albento enpresak jasotzen zituen, eta guri email bidez igortzen zizkiguten. Askotan, lantegietatik abestien eskaerak bidaltzen zituzten. Egun hartan heldu zitzaizkigun emailak Albentoko langileen kantu eskaerak zirela pentsatuz, zera esan nuen: “Kantu hau Albentoko langileentzat, mezu asko bidaltzen ari dira eta!” Taldean ere anekdota ugari izan ditugu, eta hauek diskoko zenbait abestiren gaiak dira.
Non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?
Egia esan, zaila da jakitea, komunikabideen mundua oso gorabeheratsua delako. Momentu batean oso goian egon zaitezke eta, bat–batean, hori guztia galdu, eta hori oso garbi daukat. Niri, behintzat, mundu honetan jarraitzea gustatuko litzaidake.