486 Zenbakia 2009-05-15 / 2009-05-22

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ainhoa Zabala. (Antropologoa): Orain arte historian ia presentziarik eduki ez duen kolektibo baten memoria ikusgai jartzea garrantzitsua da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Antropologian doktoregaia da Ainhoa eta Eusko Ikaskuntzako Andresare proiektuaren gidaria. Gogoko izan du beti generoari buruzko ikerketak egitea eta gaur egun daukan lanbideak ahalbidetu egiten dio xede horretan aritzea. Gainera teknologia berriekin aritzen da eta horien laguntzarekin gure historiaren zati garrantzitsu bat azalarazten saiatzen da.

Jende askok ez du Andresare ezagutuko. Azalduko al diezu zer den?

Kuriositate moduan, Andresare Estoniako Tartumaa eskualdeko herri txiki bat da, baina gure proiektuak ez dauka horrekin zerikusirik! (barre) Dokumentazio zentro baten antzekoa dela esango nuke, edota zehazkiago esanda, liburutegi birtual bat izango litzateke Andresare. Euskal Herriko emakumeen, feminismoaren eta generoaren inguruan ikerketa lanak eta abar batzen dituen tokia dugu.

Proiektu honen oinarrian euskal emakumeak daude beraz. Hori da. Erreferentzia nagusia edo muina horixe litzateke.

Baina zeintzuk dira Andresareren helburuak?

Gure asmoa ez da soilik bibliografia bat osatzea, edukiak bertan izan nahi ditugu edo behintzat haietara iristeko bideak eman. Egia da sarean material asko dagoela eta dezente hedatuta daude, baina pixka bat guzti hori Andresaren bateratu nahiko genuke.

Eta nork erabil dezake bertako informazioa?

Egia da oraindik ez dugula erabiltzaileen perfil zehatzik. Hala ere, interesatuta dauden herritar guztiei zuzenduta dago, oro har eta gainera, ikasten ari direnek, edota ikerlari zein profesionalek euskal emakumeen gaineko materiala aurkituko dute gure webgunean..

Andresareko bisitariek atal ezberdinekin egingo dute topo, ezta?

Bai. Lehenik eta behin Andresare zer den, noiz sortu zen eta abar azaltzen digun sarrera dago. Liburutegi honetako beste atal garrantzitsu bat bibliografiari buruzkoa dugu eta hau Euskal Herrian produzitu edota bertako emakumeen inguruan kanpoko jendeak ekoiztutakoa da. Bestalde, biografiak ditugu eta gure gizarteko historian zehar erreferenteak izan diren emakumeen bizitzak biltzen dira; hemengo pertsonez gain, Euskal Herriarekin zerikusia dutenak ere topatuko ditugu. Berriak izeneko beste atal bat ere badaukagu; hau egunero gaurkotzen da eta generoarekin harremana dauzkaten gai edo berriak lantzen dira –hitzaldiak direla, erakusketak direla... Azken honetan esan genezake ez dugula Euskal Herrira mugatzen, atzerriko kontuak ere biltzen baitugu. Webguneko beste sekzio bat Nor da Nor izango litzateke, eta bertan agertzen zaizkigun emakumeak bizirik daude; beraiek dira protagonistak, euren biografiak sortuz zuzenean parte hartzen dutelako. Diziplina ezberdinetako pertsonaiekin egin dugu harremana eta sarea poliki–poliki handitu nahiko genuke: ikerlariak, zientzialariak, arte mundukoak, enpresariak... Azkenik, arteak ere badauka bere espazioa Andresaren; Erakusketak izeneko atalean Euskal Herriko emakume artisten berri ematen da.

Zergatik protagonista horiek eta ez beste batzuk?

Egia esateko ez daukagu mugarik, guztiek daukate tokia.

Orain gutxira arte emakumeak bigarren maila batetan egon dira historian. Beraz, garrantzitsua da horrelako atari bat, ezta?

Ezin dugu ahaztu beti gizonen historia kontatu izan dela; emakumeak ikusezin bihurtu ziren eta oraindik gainditzeke dagoen egoera da. Gure helburua ere hortik badoa, emakume guztiak ikusgai ipintzea eta herriaren eraikuntzan beraien parte hartzea funtsezkoa izan dela adieraztea. Nik uste dut Andresareren funtzioa bikoitza dela; alde batetik materiala biltzen dugu, baina bestetik memoria sozial bat ere eraikitzen ari gara.

Eta hori garrantzitsua da ezbairik gabe...

Ia presentziarik gabe egon den kolektibo baten memoria ikusgai jartzea garrantzitsua da baina gainera, guk geuk historia hori ezagutzea ezinbestekoa da. Norbaitek gure historiako emakume garrantzitsuenak nortzuk izan diren galdegingo baligu, konturatuko ginateke erreginak, mojak eta beste gutxi batzuk kenduta ez dugula askorik ezagutzen. Egunen batetan liburuetan beste historia hori irakurtzea nahi badugu, guztiok egin behar dugu lan. Eta horretarako funtsezkoak ditugu teknologia berriak, emakume horietaz ez ahazteko nonbait agertu behar baitira.

Emakumeen egoera asko aldatu den arren, hutsuneak ere egongo dira oraindik, ezta?

Noski, oraindik badaudela. Asko aurreratzen ari garen arren, oraindik eguneroko bizitzan, lan munduan eta abar, berdintasuna lortzeko lan egin behar dugu denok.

Apur bat kuxkuxean ibili ondoren, XX. mende hasierako emakume batzuk beraien arloan aitzindari izan zirela ikusi dezakegu.

Hori da. Bertan topatu daitezke esaterako, Euskal Herriko aurreneko argazkilaria, politikan jardun zutenak, aurreneko albaitariak, Ameriketara joandakoak... XIX. mendeko emakumeez ari gara! Azken batean, emakume izatearen kontzientzia piztuta zeukatenak zirela esango nuke.

Gaiei nolako trataera ematen zaie Andresaren?

Berriei dagokienez, badago teknologia berriek eskaintzen diguten abantaila bat, hots, sare bat osatzekoa eta hori egin dugu. Beste talde batzuekin informazio trukaketa egiten da eta horietatik jasotako albisteak egokitzen ditugu publikatu ahal izateko. Nor da Nor atalean berriz, protagonistak beraiek dira ekoizpena lantzen dutenak eta zuzeneko parte hartzea dago beraz.

Emakumeei zuzendutako horrelako beste sarerik bada gure artean?

Proiektuak egon zirela badakit, baina horrelako sarerik ez. Egia da emakumeak ardatz dituzten dokumentazio zentroak badaudela, Iru?ean, Bilbon... Baina guk andrazkoen inguruko ezagutza zientifikoari ematen diogu esklusiboki garrantzia. Hala ere, antzerako helburuak ditugu.

Zu antropologoa izanik, Internetek zer eskaintzen dizu?

Asko eskaini dezakete Internetek zalantza barik, eta ez bakarrik antropologiari, baita gainerako diziplinei ere. Azken finean bat–batekotasuna eta baita informazioa edonora heldu daitekeela eta aldi berean guk ere edonon eta edonoiz eskura dezakegula; ikerketarako oso tresna baliagarria dugu.

Lan antropologikoari dagokionez, beste herrialdeetan egiten denari edo beste ikerlariek burutzen dituzten ikerketen gainean gehiago jakiteko tresna zoragarria da. Andresareren kasuan, esaterako, Internetik gabe Nor da Nor ataleko protagonistekin edukiko genukeen harremana ez litzateke horren zuzena izango, teknologia hori gabe Andresare ez litzateke existituko... Ainhoa Zabala (Hernani, 1977) Pedagogia ikasketak egin zituen, ondoren Antropologia arlora igaro zen eta azken horretan doktoregai dugu. Gainera, Eusko Ikaskuntzako Andresare proiektuan buru–belarri lanean dihardu. Beti egon izan da euskal kulturaren gaineko gaiei lotuta.