Euskonews Gaztea
Gaiak: Dibertsioaren ordua, Galdakaon!
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Nork nahi dau gozoki bat poltsikoan gordea, ahoan hartzen badau bere zaporea? Zertarako euskera gorde bihotzean, gustua hartzen badau ezpanen ertzean?
Maiatzaren 31n Galdakaon behin eta berriz entzungo den abesti baten hasiera. Letraren asmatzailea Arkaitz Estiballes Eguzkibegi ikastolako ikasle ohia da, eta musika bizia berriz, Biok talde galdakarrak jarri dio. Kolaborazio ugari dituen kanta da eta ez harritu Benito Lertxundiren ahotsa entzuten baduzu tartean! Entzun abestia hemen 3,2,1...Ekin!
Goizeko 9.30etan emango diote hasiera Ibilaldiaren edizio berriari. “Ekitaldi xumea izango da eta ohikoa denez, politikarien diskurtsoak egongo dira, besteak beste,” adierazi du Mikel Urdanpilleta Eguzkibegi Ikastolako zuzendariak. “Inaugurazio ekitaldiaren ostean, bertan parte hartzen dugunok ibilbidearen zatitxo bat egingo dugu batera,” gaineratu du.
Ikastolen aldeko festetan urtero omenaldiak egiten dira; aldatuz joaten den gai bat eta Euskara izaten dira ardatz. Esaterako, 2008an Zornotzan egindako ekitaldian, Kantagintza eta Euskara izan zen gai nagusia. “Aurtengoan, Sukaldaritza mundua eta euskara omenduko ditugu.” Eta guneetan zer?
Galdakaon zehar sei gune eta bi azpi–gune prestatu dituzte. Gune nagusiei dagokienez, –lehenengotik seigarrenera ordenatuta– Udaletxea, Iturrondo, Anbulatorioa, Ikastola, K–2000 eta Elexalde aurkituko ditugu. Beste biei dagokienez berriz, Muguru izenekoa da A azpi–gunea, eta B, Tiro Zelaia.
Antolatzaileek adin tarte guztiei zuzendutako ikuskizunak prestatzea erabaki zuten, modu horretan Galdakaora bertaratzen diren guztiek ondo pasa dezaten. Ardo dastatzea, rokodromoa, globo aerostatikoa edota puzgarriak izango dira protagonista. Bakarrak? Ez noski!
Beste ekimen ugariren artean, magia ikuskizuna Txan Magoaren eskutik, umeentzako tailerrak, euskal kantak, pailazoak –Txirri, Mirri eta Txiribiton junior–, Indonesiako jatorria duen Pencak Silat borroka–arte erakustaldia eta musika aurkituko ditugu guneetan barrena. Noski, musikarentzat tartea egongo da eta Ibilaldiko eszenatokietara igoko dira esaterako, Anje Duhalde, Biok, Sagarroi edota Esne Beltza taldeak.
Bestalde, ibilbidean zehar musikari ibiltariak topatzea erraza izango da, edota zanpantzarrak zein kale animazioa...
Amaitzeko, Askagintzak Tiro Zelaia azpi–gunean bere lekua izango duela komentatu eta norberarekiko, naturarekiko eta besteenganako errespetua sustatuko dute bertan: ohi moduan horren ezagun bihurtu den Primeran pasa, pasatu gabe lelopean. Ikusi egitaraua hemen Ikusi ibilbidea hemen
Etxean geratzeko gogoa al duzu oraindik? Dibertsioaren ordua da baina, Galdakaon!