487 Zenbakia 2009-05-22 / 2009-05-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jostailuen eraldaketa

CANOVAS, Carlos

Olabide Ikastolako ikaslea (Gasteiz)



Jostailuak zeharo aldatu dira azken urte hauetan, baina historiari begiradatxo bat botaz gero ikusiko dugu Erdi Aroan edo Antzinako Egipton jostailuak erabiltzen zirela baita ere. Aztarnen aurkikuntzek frogatzen duten bezala, lehen eta orain gazteenak entretenitzea eta poztaraztea zuten helburu. Hau guztia dela eta, bermatu dezakegu jostailuen presentziaren garrantzia haurren bizitzetan, baina nagusion papera pentsatu ahal dezakeguna baino garrantzitsuagoa da. Jostailuei esker umeak beste mundu batera eraman dezake bere burua, gainera mundu horren kontrolatzailea delarik. Ezinezkoa da ukatzea hainbat aspektutan haurrari hezten laguntzen diola, batez ere irudimenari buruz hitz egiten badugu. Baina jostailuei buruz mintzatzean Spiderman–en sare–jaurtitzaile berrira mugatzea akats bat da.

Jostailuak ia–ia edozer gauza izan daitezke, makil eta oihal zatietatik koloredun motorrera. Guztiek balio dute umetxo bat alaitzeko, baina bestalde eta zoritxarrez, denbora pasa ahala –jostailuen fabrikazio masiboagatik, besteak beste– hauen benetako esentzia galtzen ari dela ematen du. Beraz, ume bati makil eta oihal zati horrekin zaldun bihurtzen irakasten diogun heinean, arazo larriagoez salbu gaude.

Bestalde, beste motako polemika aurki dezakegu gai honen inguruan. Esate baterako, zer–nolako eraginak izan ditzaketen umeengan, eta modu batean edo bestean pentsamendu desegokiak izatera bultzatzen dituen. Nire kasuan adibidez, txikia nintzela Lara Croft, Tomb Raiderreko jostailu bat ikustean lehenengo pentsamendua erosteko gogoa zen. Baina orain aldiz birpentsatuz gero, nola eragin diezaioke ume bati etsaiak hiltzeko edozein motatako armak erabiltzea helburu duen fikziozko emakume batek? Ez zen eredugarriagoa izango ba, miniaturazko kotxeen bilduma bat? Edo hobeagoa ume batentzat mahai–joko familiarren bat bola–pistola bat baino? Nire ustez ez dago inolako zalantzarik, baina hori kontrolatzea gurasoen eskuetan dagoela pentsatzen dut.

Jostailuaren mundua ondo begiratuz gero ezagutzen ez ditugun aspektu asko bereizi ahal izango ditugu, batzuk gustatuko zaizkigu, beste asko ez. Baina edozein kasutan, ondorio nagusi batzuk atera ditzakegu, eta guztiak helduei buruz: batetik, gu geu izan behar gara mundu honetatik gure seme–alabak gidatu behar ditugunak; eta bestetik, helduon ardura izango dela beti jostailuaren arima galdu ez daitezen borrokatzea.