487 Zenbakia 2009-05-22 / 2009-05-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Azterketak, alde on eta txarrak

GOMEZ, Andrea

Olabide Ikastolako ikaslea (Gasteiz)



Izenburuan aipatu dudan legez, azterketen gainean arituko naiz. Ikasle naizenez, oso gertu dudan gaia da eta honen alde on zein txarrei buruz asko daukat esateko.

Aldez aurretik aipatu beharra dago, nahiz eta azterketak gure gustukoak ez izan, ezinbestekoak direla. Pentsa ezazu azterketak egingo ez balira. Helbururik gabe ikasteak ez luke etekinik izango, hots, zertarako ikasi azterketak ez badaude? Egia da ikasketen helburua ez dela azterketarako bakarrik ikastea, baizik eta gure bizitzarako baliogarria den zerbait barneratzea, funtsezkoak izango diren kontzeptuak eskuratzea.

Honez gero, beste modu batean begiratu beharko genituzke azterketak. Gure onerako den zerbait bezala onartu behar ditugu, eta helburu garrantzitsu bat izan beharko litzateke gazte guztiontzat.

Ez dugu bat ere gustuko estudiatzea eta klasera joatea baino, lagunekin hizketan aritzea nahiago dugu. Baina ez gara jabetzen hirugarren munduko nerabeek esaterako, eskolara joan eta ezagutza batzuk izateagatik guztia emango luketela. Hortaz, zergatik guk ez dugu modu horretan ikusten?

Nire ustez, gizartearen arazoa da. Bai, gizarte arazoa. Zer ba? Oso erosoak garela uste dut, edozerekin konformatzen gara eta berdin zaigu bost bat ateratzea, doi–doi gainditzea da–eta gure helburua.

Adibide bat jarriko dut. Nire klasean 25 pertsona gara. Hainbat azterketa egin ditugu eta emaitzak, orokorki, ez dira batere onak izan. Irakasle gauzak azaltzen ari den bitartean, klaseko 3/4 a hitz egiten ari da, musika entzuten, edota ilargian...Eta hori gero nota finaletan nabaritzen da. Zer esan nahi dut honekin? Gero eta gutxiago baloratzen ditugula ditugun gauzak. Dena sufrimendu bat izango balitz bezala hartzen du gaurko gizarteak. Ikasketa mailak gero eta gehiago ari dira jaisten, baina orain geroz eta gehiago behar ditugu.

Gurasoen errieta ez aguantatzeko ikasten dugu bakarrik edota ez errepikatzeagatik, baina dena memoriaz “lorito” batzuk bezala ikasten dugu eta handik bi egunetara landutako guztia ahaztuta dugu. Hori al da asmoa?

Batez ere 15–23 urte bitartean da gutxiago ikasi nahi den adina, parrandan ateratzen garelako, larunbatetan bai edo bai ateratzen baikara, neska edo mutil laguna daukagu... Eta ikasketak alde batean utziz bizi nahi dugu, edo behintzat, bigarren plano batean egon daitezela.

Bukatzeko, jorratu dudan testuari amaiera emateko, espero dut azterketen garrantzia ulertzea. Nik 16 urte ditut eta ez dut ikastea gogoko. Baina horrez gain, oso jakitun naiz zer–nolako egoera izango dudan etorkizunean nire ikasketak ez baditut burutzen, beraz jo eta ke ari naiz.

Emandako argudio hauengatik guztiengatik azterketen alde nagoela ikustea espero dut. Badaude nik bezala pentsatzen ez dutenak ere, noski; presidente izango balira egingo luketen aurreneko gauza azterketak betiko kentzea izango litzatekeela pentsatzen dute askok. Horregatik esango nizuke: “ Zenbat buru, hainbat aburu!”