Euskonews Gaztea
Gaiak: XX. mendetik gaur arte, Eguzkibegi
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Frankismo garaian euskara eta orokorrean euskal kulturarekin zerikusia zuen oro debekatuta edo behintzat oso zapalduta zegoen. Ez zen egoera goxoa pentsamendu ofizialaren kontrako ideiak zituztenentzat. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko txoko ugaritan, zorionez balentriaz jokatu zuten zenbait guraso zein irakaslek eta protagonismoa hartzen joan ziren hezkuntza arloan.
Klandestinitatean lan egin behar izan zuten diktaduraren presioa medio. Ikastolen historiari erreparatuz gero, Elvira Zipitria dugu izen ezagunetariko bat; esperientzia handiko emakumea, gerraurrean ere ikastolen mugimenduan ibilitakoa baitzen. Nahiz eta momentuko egoera beltza izan, ez zuen esperantzarik galdu eta gerraostean euskarazko irakaskuntzaren beharragatik lan egiten jarraitu zuen. Berari esker, poliki–poliki ezkutuko ikastolak sortzen hasi ziren herri askotan, oso ikasle gutxirekin hasieran, apurka gehituz denbora igaro ahala. Galdakaon ere, bihurri
XX. mendeko 60.hamarkadan, guraso talde batek ikastola sortzeko ideia eduki zuen; 1966. urtea zen eta herria berriz, Galdakao, Bizkaia. Pertsona haiek euskaltzaletasuna barne–barnean zeramaten zalantzarik gabe, eta inguruan zituzten hezkuntza sistemen eskaintzek asetzen ez zituztelako eduki zuten iniziatiba.
Azkenean, 1967. urtean 35 ikasle eta bi irakaslerekin inauguratu zuten Galdakaoko ikastola. Hala ere, proiektuaren atzean zebiltzanek ez zuten argi ikusten ikastolaren etorkizuna. Baina konfiantza galdu gabe egin zuten aurrera eta gaur egun harrotasunez begiratzen zaio Eguzkibegi Ikastolaren aitzindariei eta noski, haiek eginiko lanari oro har.
Beste ikastolei bezala, garai hartan Galdakaoko ikastolari ez zioten begirik kentzen ez udaletxeak eta ezta gobernuko inspektoreek ere. Horrez gain, eraikinean Espainiako bandera jartzera behartu zituzten arduradunak; gogoratu behar da, euskaraz eginiko irakaskuntza debekatuta zegoela.
Asko eta asko izan dira denborarekin itxuraldatu diren aspektuak. Egungo ikastolak, zilegitasun osoz lan egiten dute. Gainera, pedagogia aldetik erabiltzen den materialak izugarrizko bilakaera jasan du. Baina aipatzekoa da Galdakaoko aurreneko ikastolako irakasleek garaiko hezkuntzan punta–puntan zeuden metodologiak bere egin eta haiekin funtzionatzen zutela. Bestalde, Galdakaoko ikastolak 1973an beste urrats bat eman eta kooperatiba eratu zuen.
Urteen poderioz eskaintza handitzen joan da eta ondorioz, ikastolara joaten diren ikasleen kopuruak gora egin du. Hasierako 35 ikasletatik, gaur eguneko 683 ikasletara pasatu da. Gainera, 2009. urte honetan, 0 urtetik 16 urtera arte bertan ikas dezakete galdakarrek. Eta hazten joateko asmoa burutik kendu ezinik dabiltzanez, eta helburu hori lortzeko dirua ezinbestean behar dutenez, aurtengo Ibilaldiaren antolatzailea dugu Galdakaoko Eguzkibegi Ikastola.