488 Zenbakia 2009-05-29 / 2009-06-05

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Mikel Urdanpilleta. (Eguzkibegi Ikastolako zuzendaria): Ibilaldiaren bigarren xedea, euskara Galdakaoko kaleetara eramatea da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Iritsi da eguna, gainean da Ibilaldia 2009. Aurtengoan Galdakaon izango da hitzordua eta festa antolatzearen ardura Eguzkibegi Ikastolarena izan da. Urte guztia daramate maiatzaren 31rako guztia prest egon dadin lanean. Gainera, aurrenekoz ospatuko da Bizkaiko ikastolen aldeko festa hau herri honetan eta ehunka lagun murgildu dira antolaketa lanetan. Horietariko bat da Mikel; berak ederto daki nolako erantzukizuna den, izan ere Eguzkibegiko zuzendaria dugu.

Ibilaldiaren antolaketa lanak amaituta daude. Baina nolako izan da prozesua?

Urtebete baino gehiago daramagu antolaketa lanetan; gutxi gorabehera 2008ko martxotik. Orduan, asanblada handi bat egin genuen, guraso eta beste lagunak lantalde ezberdinetara gehi zitezen animatuz. Aurreneko urrats haiek baina, barrura begirako lanari zuzenduta zeuden, izan ere urte hartako Ibilaldia amaitu aurretik ezin ginen jendaurrean aritu.

Esaterako, 2008ko Ibilaldia amaitu bezain pronto, publizitate zein arropen gaiak eramaten dituzten taldeak martxan jarri ziren eta urte guztia aprobetxatu da etekin ekonomikoa ateratzeko. Bestalde, kontutan hartu behar dugu Ibilaldia maiatzaren 31n den arren, egun handiaren aurretik ekimen ugari burutu direla eta horiek prestatzeko ere gogor aritu gara.

Eta jendearen erantzuna nolako izan da?

Antolaketa lanetan barruraino sartu dira. Ibilaldia Galdakaon ospatuko den aurreneko aldia izango da. Egin genuen aurreneko batzar handi hartan guk aurreikusitako jende kopurua gainditu genuen. Bilera deialdia, momentu honetan bazkide eta guraso direnei zuzenduta zegoen eta zoratu egin ginen agertu zen jende guztia dela eta. Oso pozgarria izan zen, horrek esan nahi baitzuen hasiera–hasieratik jendeak gogotsu ekingo ziola lanari.

Behin taldeak osatuta, ikaragarria izan da ikustea zenbat jende dabilen antolatzen: oraingo eta lehengo gurasoak, ikasle ohiak, kultur taldeak... Neurri handi batean urte guztian zehar antolatutako ekintzak beraien jardunari esker atera dira aurrera. Bestalde, Galdakaoko udaletxearen erantzuna ere primerakoa izan da, asko lagundu digute. Oso gustura gaude jendearen jarrerarekin.

Horrelako festek helbururen bat betetzea izaten dute xede. Zuek, baten ordez bi!

Argi dago aurreneko helburua ekonomikoa dela. Hasiera batean eraikuntza berririk egiteko asmorik ez dugun arren, oraingo eraikina atondu behar da. Ez daukagu zehatz erabakita zer egin bildutako diruarekin; behin etekinak ikusita, beharrizan handienei egingo diegu aurre.

Bestaldetik, Euskal Herriko toki gehienetan pasatzen den bezala, Galdakaoko herritarrek duten euskara jakintza maila nahiko handia izan daitekeela iruditzen zait, ez ordea erabilpena. Ez dut esan nahi Ibilaldia bertan egiteagatik erabilera izugarri handituko denik, baina behintzat euskara indartu, bultzatu eta kalera ateratzea nahi genuen. Horrelako ekimen bat pizgarri suerta daiteke herri batentzat eta kontzientzia pixka bat handitzen da norberaren barruan. Beraz, euskara Galdakaoko kaleetara eramatea da gure bigarren xedea.

Izan ere, askori Galdakaori buruz hitz eginez gero, herri ez euskaldun bat etortzen zaie burura...

Halaxe da. Baina zenbait estatistiken arabera, biztanleen %40ak badaki euskaraz nahiz eta erabilera portzentajea txikiagoa izan. Nolanahi ere –eta agian nire pertzepzio pertsonala izango da– Eguzkibegin nagoenetik geroz eta euskara gehiago entzuten dut; umeek hizkuntza jakiteak betiere gehiago bultzatzen ditu nagusiak hitz egitera. Erabilerari dagokionez, Bilboko eragin handia dago Galdakaon, eta txarrerako dela iruditzen zait; baina ez nuke esango herri erdalduna denik.

Ikastolari buruz mintza gaitezen. Hogeita hamabost ikaslerekin hasi zen abentura 1967an...

Hala da bai, 35 ikasle eta bi irakaslerekin, zehazkiago esanda eta apurka–apurka handitzen joan da ikastola, 683 neska–mutil ditugu egun! Gainera, 0tik 16 urte bitarterako eskaintza daukagu, haur eskolatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino. Ikasleen kopurua gora doa eta horrek, bai aurretik eta baita orain ere, lan bikaina egin dela erakusten du.

Aurtengo leloak ikastolaren izenarekin jolasten du.

Gerizpetik eguzki begire da leloa, eta ikasle ohi batek sortu zuen, Arkaitz Estiballez bertsolariak hain zuzen. Ikastolen sorreraraino joaten da eta haien hastapena nolabait gerizpean egin zela esan genezake, klandestinitatean; gaur egun, giro hartan egotetik eguzkira begira egotera pasa garela esan daiteke.

Bestalde, ikastolaren aurreneko eraikina herrian bertan zegoen, nolabait gerizpe gune batetan kokatuta, eta gaurko eraikina mendialdean dago, eguzkiak zuzenean ematen dio.

Beste ikasle ohi batzuek musika jarri diote Ibilaldiari.

Biok da ikasle ohi horien musika taldea. Abestia ka?eroa da eta oso gustura geratu gara. Gainera, hainbat kolaborazio egon dira; besteak beste, Benito Lertxundi edota Rafa Rueda topatuko ditugu. Baina kantak fase ezberdinak dituenez, Benitoren kolaborazioa ez da hasieran pentsa genezakeen bezain arraro gertatzen, esaterako.

Maiatzaren 31n zer topatuko dugu Galdakaora gerturatuz gero?

Ibilbideak sei kilometro inguru izango ditu. Alde batetik, hiri–zonaldea egongo da eta bestetik, mendialdea edo ikastola ingurua. Oso polita dela pentsatzen dut, izan ere, herria barrutik zein kanpotik ezagutzeko parada ematen du eta interesgarria dela deritzot.

Egitarauari dagokionez, ahalik eta adin tarte zabalenari zuzendutakoa prestatu nahi genuen, haurretatik hasi eta nagusietara, guztiok ondo pasatzeko aukera izan dezagun. Musikari dagokionez, Biok, Esne Beltza, Anje Duhalde eta beste hainbat arituko dira. Gainerako ekitaldietan, pailazoak, ipuin kontalariak, antzerkia, bertsolariak...

Igandean gerizperik ez izateko...

Ea eguraldia aldeko dugun eta eguzkia zeruan ikusteko aukera daukagun! Bestalde, irakurleei esango nieke, Galdakao apur bat ezezaguna izanik, herriaz gozatzera etor daitezela. Eta bide batez, euskaraz jo eta su hitz egin dezatela!

Eta garraio publikoa erabili dezatela!

Aukerarik onena da zalantzarik gabe. Autoz datozenei abisatu, bi aparkaleku nagusi jarri ditugula, bata Bilbondon eta bestea Erletxesen. Kotxea han utzi eta autobusak topatuko dituzte Ibilaldiraino. Gainera, gogoratu herri askotatik autobusak antolatzen direla!

Milesker, zorte on eta ongi pasa ezazu eguna!

Urduritasuna hor egongo da egun guztian zehar eta ondorioz, ez dut uste disfrutatzeko denbora askorik izango dudanik, agian arratsaldeko zazpietatik aurrera! (barre). Gainera, ikastolako zuzendaria naizenez gero, ekintza ugaritan esku hartu behar dut: hasiera ekitaldia, ibilbide zatitxo bat oinez eta ohiko omenaldia... Guzti horren ostean niretzako tartetxo bat edukitzea espero dut, ahal dudan neurrian ongi pasatzen saiatuko naiz! Mikel Urdanpilleta (Lasartearra) Jaiotzez Lasartekoa da Mikel. Zientzien mundua gogoko zuela–eta, Biologia ikastea erabaki zuen gipuzkoar honek. Orain bederatzi urte, 2000.urtean, irakasle ordezkapenak egiten hasi zen Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan eta urteak igaro ahala, zuzendari izendatu zuten 2008an. Askotariko zereginen artean, 2009ko Ibilaldiaren antolaketa izan du eskuartean azken urtean.