488 Zenbakia 2009-05-29 / 2009-06-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldian ere, erabili burua!

GARAI, Maitane



Entzun dudanez, ibilbidea ez da oso luzea, sei kilometro eta erdi inguru edukiko ditu. Beno, buelta osoa ez emateko aukera txiki bat badut; noizbait gertatu zait gune batera iritsi eta bertako giroak harrapatuta geratzea. Baina burugogorra naizenez, urteroko lez buruari erronka jarri eta bide osoa burutzen saiatuko naiz. Modu horretan, toki berri bat ezagutzeko parada edukitzen dut, naturaz eta herrietako kaleez gozatzekoa... Argazkia: Wbs70

Izugarri atsegin dut ikastolen aldeko festetan. Ekintza mordo bat antolatzen dituzte, normalean gustuko izaten dut hitzorduren bat eta zalantza barik horiekin disfrutatzera joaten naiz. Gainera, badakit bertan diru apur bat gastatuz, jende asko laguntzen dugula. Denon babesarekin, eraikin berriak altxatu dira, edo zaharrak birgaitu, edo punta–puntako materiala ikasleen esku jarri...

Bai. Euskaltzaleon eskuzabaltasuna izugarria da, eta data seinalatu hauetan, milaka gizon–emakume artalde gisa gerturatzen gara Euskal Herriko txoko zehatzetara. Hala ere, badago guzti honetan horrenbeste gustatzen ez zaidan alderdi bat. Bai, festaren alde negatibo batez ari naiz, neurrigabeko parrandari buruz hain zuzen.

Hogeita hamabi urte ditut eta gogoan dut 15–16 urterekin Nafarroa Oinez edo Ibilaldira joaten nintzenean ere, alkohola nonahi zegoela, festa egiten genuela. Baina gaur egun ikusten dudan egoera asko aldatu dela iruditzen zait. Lehen, gure koadrilan behintzat, ibilbidea egiten saiatzen ginen, edo erdia behintzat.

Orain, askotan jendea toki berean geratzen da egun guztian zehar eta gainera, ailegatu bezain pronto –pentsa, goizeko 10etarako!– botila eta katxiak eskuetan mozkor–bidean jartzen dira. Horren adibide dugu orain urte batzuetako Kilometroak festa berriro batailatu zutela eta askorentzako, “Kilolitroak” izatera pasa zirela.

Horregatik, burua erabiltzea behar–beharrezkotzat dut. Eta lan handia egiten dute urte guztian zehar ikastetxeetan, Ongi pasa pasatu gabe lelora ahalik eta gazte gehien gerturatzeko asmoz. Izan ere, ez da derrigorrezkoa alkoholaren kontrolpean erortzea ongi pasatzeko. Hobe da, norberak alkohola – gainerako drogak bezalaxe– kontrolatzea. Ez al zaizu iruditzen?