489 Zenbakia 2009-06-05 / 2009-06-12

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Zigor Aldama. (Kazetaria eta Ekialde Urrunean aditua): Mongoliako nomadekin egotea izugarri gustatzen zait

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Zigor Aldamak utzita

Gerra korrespontsal izatea pentsatu zuen, baina azkenean maitasunak Txinaraino eraman eta bestelako kazetaritza lanetan murgildu zen orain hamar urte Zigor. Shangai du bizitoki, baina noizean behin Asiako beste zenbait herrialdetan barneratzen da, atseden bila batzuetan, albistearen atzetik bestetan. Bilbon hiru aste igaro ostean, hegazkina hartu baino pare bat egun lehenago bere agendan tarte bat atera du Euskonews Gaztearen galderei erantzuteko.

Ekialde Urrunean espezializatutako kazetaria zaitugu. Hala ere, aurretik beste karrera batekin saiatu zinela iritsi zaigu belarrietara...

Halaxe da! Ingeniaritza Industriala ikasten hasi nintzen eta lehenengo maila egin nuen. Nire aitaren eraginez sartu nintzen, bera arkitektoa da. Garai hartan zientziak gustuko nituenez eta karrera horrek lan arloan irteera ona izan zezakeela pentsatuz animatu nintzen. Baina ikasturtearen erdialdean konturatu nintzen institutuan emandako zientziek ez zutela karreran ikasitakoarekin zerikusirik eta ingeniaritza ez zela niretzako ohartu nintzen. Hala ere, ikasgai batzuk gainditu nituen, karreratik kanporatua ez izateko nahikoak! Zigor Rajastaneko desertuan.

Kazetaritza mundura salto egin zenuen orduan.

Karreraz aldatzeko zailtasunak izan nituen. Hartu kontutan nik batxilergo zientifikoa neukala egina, eta beraz suposatzen zen osorik errepikatu behar nuela kazetaritza egin nahi izanez gero. Zorionez, orduan fakultateko dekanoa zen Manu Monterorekin hitz egitera joan nintzen eta konbentzitu egin nuen.

Gogoz ikusiko zintuen eta!

Irrikatan nengoen eta nabaritu egingo zuen, bai!

Baina nola amaitu zenuen Asia aldean?

Argazkilaritza benetan gustuko nuen eta 1998ko uda hura aprobetxatu nuen Belfast aldera joateko eta argazki–kazetaritzara hurbildu nintzen aurrenekoz. Oroitu behar dugu uda hura arazotsua izan zela; Ohmako bonbaren kasua orduantxe eman zen. Lana gustuko izan nuen eta gerra korrespontsal izateko ideia eduki nuen. Hala ere, bertan nire neska–laguna ezagutu nuen eta Txinara joan nintzen berarekin. Bitxia benetan, ni nahiko etxezalea nintzen garai hartan, pentsa, Bilbotik Donostiara bidaiatzea asko zen!

Eta iritsi zinenean zer–nolako sentsazioa izan zenuen?

Kazetaritzarekiko pasioa pizten hasi zitzaidan orduan. Izan ere, nik Txina izango zenari buruzko aurreiritzi batzuk nituen eta oso bestelako leku batekin egin nuen topo. Nire ideiak ez zirela errealitatearekin bat etortzen konturatu nintzen eta hori kontatu beharra neukala sentitzen nuen. Gainera, sasoi hartan ez zegoen Txinatik informatzen zuen ez euskal eta ezta estatuko kazetaririk ere eta kronikak bidaltzen hasi nintzen; Deian publikatu zituzten aurrenekoak. El Pa?s Semanal aldizkarirako saio fotografiko batetan modelo batekin batera.

Eta ikasketak?

Azterketak egitera etortzen nintzen Bilbora, gainditzen banuen ongi, eta bestela hurrengo aukeran izaten zen. Nire iritziz behintzat, kazetaritza klasera joan gabe atera daitekeen karrera bat da. Akaso oso modu klasiko batetan ulertzen dut kazetaritza, hau da, funtsezkoena zerbait aurkitu eta hori kontatzea da eta ikasgeletan ezer gutxi bilatu daiteke teoria nagusi baita. Apunteak bidaltzen zizkidaten eta lanak egin behar zirenean, ez zuen ardura Txinan edo Bilbon egon.

Lehen aipatu duzunez ez zenuen aurrez pentsatutako Txina topatu. Topiko gehiegi izaten al ditugu?

Gainera, gaur egun baino askoz ere ezezagunagoa zen Txina orain hamar urte! Eta topikoak? Nik garai hartan nolabait esateko, txinatarrak horiak zirela pentsatzen nuen, toki guztiak tenpluz beteta zeudela, espiritualtasuna... dena oso bukolikoa.

Hong Kongeko aireportura iritsi nintzen –eta uste nuen bezala– toki oso moderno batekin egin nuen topo. Baina handik Txina kontinentalera joateko muga zeharkatu nuen eta nire ezusterako, Hong Kongen antza zuen; pentsatzen nuena baino askoz ere garatuagoa zen tokia, desberdintasun sozialak ere handiak ziren... Eta are gehiago esango nuke, aurreneko momentutik ohartu nintzen etorkizuneko potentzia ekonomiko batetara iritsi berria nintzela.

Eta hizkuntzarekin, zer moduz?

Momentu honetan txineraz defendatu egiten naizela esango nuke, zoritxarrez ez daukat elkarrizketa bat bere osotasunean burutzeko mailarik. Txinera ikasteko denborarik uzten ez duen lanbidea da nirea. Esate baterako, hizkuntza benetan menperatzeko, akademia batetan egunero lauzpabost orduz ikasi eta etxera iritsita beste horrenbesteko denbora eskaintzen dionik ere bada. Zoritxarrez ez daukat denborarik baina zorionez, geroz eta jende gehiagok hitz egiten du ingelesez eta gainera, itzultzaile bat topatzea ere geroz eta errazagoa da.

Bidaiatzea zure lanaren parte da, zenbatek nahiko luketen hori!

Baina azken aldian nekatzen hasia naiz horrenbeste bidaiatzeaz eta jendeak arraro edota gaizki begiratzen dit hori esaten badut! (barre) Hasierako bidaiak gehiago ziren ia–ia plazerari eskainitakoak eta aldatzen joan direla esan behar dut. Eta kontuan hartu behar da ez dela berdina turismoa egitea edota lanera joatea. Bestetik, ez dut inoiz toki berean bi aste baino gehiago egiten –eta ez naiz soilik Txinan egoten, Indiaraino ere bidaiatzen dut, esaterako– eta nekatu egiten duen egoera da! Hala ere, liluratuta nauka lanbide honek, beste batzuen artean, etengabe gauza ezberdin eta txundigarriak ikusten egoteko aukera eskaintzen baitit. Nepaleko Gerrilla maoistarekin, 2004an.

Hasieran komentatu duzunez, gerra–korrespontsal izatea pentsatu zenuen. Ideia guztiz alboratu duzu?

Nire alde dudana geografikoki espezializatuta nagoela da ?Ekialde Urrunean, zehatzago esanda– eta zorionez, Asia ikaragarri handia da. Lanari dagokionez, zenbait gatazkatan –ez dakit gerra dei daitezkeen– egon izan naiz, Nepalgo gerrilla maoistarekin elkarrizketa lortu zuen bakarra izan nintzen, Sri Lankan egon nintzen...

Bestalde, badaude Pakistan edota Afganistan moduko herrialdeetako gerrei buruzko albisteentzako korrespontsalak. Baina esan behar dut ez diodala ezeri muzin egiten eta nire beharra edukiz gero, joango nintzateke gerrara. Hala ere, gerren gainean baino, niretzako hondamendi naturalei buruzko albisteak ematea gogorragoa izan da: 2004ko tsunamia, 2005eko Pakistango lurrikara, Sichuango lurrikara 2008an... Esan daiteke gerra batetan adrenalina dela nagusi, eta horrelako hondamendietan berriz, tristura. Askoz ere gogorragoa da nire iritziz halako egoera baten berri ematea.

Odol hotza izatea funtsezkoa al da kasu horietan?

Ez dakit odol hotza den, bai ordea indar edo pairamen handia edukitzea. Nik argazkiak ere ateratzen ditut eta uste dut horrek laguntzen duela nolabaiteko distantziaz begiratzen; ez baita berdina gorpu hil bat objektibo baten atzetik edota zuzen zuzenean ikustea. Geure buruak babesteko arma bikaina da. Birmanian 2007an.

Gaiz alda dezagun. Zeintzuk dira horren urruti bizitzearen alde txar eta onak?

Esango nuke familia eta lagunen falta sumatzen dudala Euskaditik kanpo nagoen bakoitzean, baina baita inguru fisikoa ere. Txikia da gure lur hau, baina itsasoa zein mendiak dauzkagu eta gainera herrialde garbia da! Shangain aldiz, dena erraldoia da, estresagarria, kutsatuta dago... Normalean, hara iritsi bezain pronto begiak gorri–gorri jartzen zaizkit eta eztarriko mina izaten dut poluzioa dela medio.

Baina horren urruti bizitzeak baditu alde onak. Esaterako, guztia perspektibarekin ikusten duzu, ikusmira zabalago batetik –politika gaiak kasu. Munduari eta bertako gauzei garrantzia desberdina ematen hasten zara. Nire ustez, sarritan ahaztu egiten gara munduan gertatzen denaz, izan ere, gure zilborrari gehiago begiratzeko ohitura daukagu. Gainera azken urteetan mundura horrenbeste zabaldu den herrialde batean albiste pila bat sortzen dira eta inurri txiki bat sentitzen zara mundu zabalean; nahiz eta gero benetan txindurri hori izan nahi dugun eta etxera itzultzea den gure asmoa.

Eta zer nolakoa da Txina?

Benetan herrialde interesgarri eta kitzikagarria da, etengabe gauzak gertatzen direlako. Baina bestaldetik, oso azkar gogaitu zaitzakeen lurraldea ere bada, oso estresagarria baita. Nire bikotea txinatarra delako bizi naiz bertan eta baita albiste gehien sortzen den tokia delako. Baina hiru hilabetean behin, oxigenatzeko kanpora joan behar izaten dut ezinbestean. Taiwaneko presidentearen prentsaurreko batetan.

Asia nahiko ongi ezagutzen duzu egindako bidaiengatik. Baina, nongoa da daukazun oroitzapenik onena?

Mongolia bereziki atsegin dut, bertako desertu edo estepa. Agian Shangaiko bizimodutik gehien aldentzen den zonaldea delako izango da. Nomadekin egotea izugarri gustatzen zait; gauza gutxi edukita naturan bizitzeak liluratzen nau. Bestalde, jendea oso atsegina da bertan. Baina batez ere han egoteak guztiagatik aldentzeko balio dit, gaur egungo teknologia berriak direla–eta beti jarri baitaitezke zurekin kontaktuan.

Esaterako, egunkari batetik e–posta bidaltzen dizute eta ordu gutxian erantzun dezazun zain egoten dira; Mongolian banago, aitzakia ederra daukat pare bat astetan ez erantzuteko, ez bainaiz satelite batekin joango bertara estaldura edukitzeko! (barre) Hala ere, ez dut esan nahi betirako biziko nintzatekeenik han. Eta Mongoliaz gain, Laos, Camboya edota Tailandian ere oso erraza da deskonektatzea, turismoarentzako prestatuta baitaude eta hondartzara joan zaitezke, zerbait edatera irten... Noizean behin ongi etortzen da horrelako bidaiatxo bat!

Kazetari lanbideaz kritikarik ba al duzu?

Egoera ikusita, nola ez! Adibide bat jarriko dizut. Indiara egin nuen azken bidaian –urtarriletik martxora bitartean–, haurren arteko ezkontzen inguruko erreportaje bat egin gura izan nuen; Berrian kaleratu zen. Ohi bezala horrelako lan bat egiteko erakunde batekin jarri nintzen harremanetan, kasu hartan Unicefekin. Haiek biktima izandako hainbat neskatilengana iristen lagundu zidaten. Rajastanera abiatu nintzen eta hiru egun bakarrik eduki nituen erreportajea burutzeko. Bidaia hartan gai berdina hiru herrialdetan tratatzen ari zen National Geographiceko kazetari estatubatuar batekin elkartu nintzen. Nik hiru egun nituen erreportajea egiteko eta berak bost hilabete! Bion lanerako baliabideak oso desberdinak ziren. Tiananmengo plazan, Joko Olinpikoetan.

Estatuan kazetaritza lanbidea gutxietsita dagoela iruditzen zait eta beharrezko baliabideak ez dira profesionalen esku ipintzen. Kazetariok sinesgarritasun krisi bat daukagu, sarri merezita maiz gauzak ez direlako behar bezala egiten. Bestalde, lan prekarietatea haziz doa eta badirudi lanbide hau bekadunen esku dagoela; ez du zertan txarra izan behar, baina beraiei ez dagozkien lanak egiten dituztela iruditzen zait.

Nik lehengo kazetaritzaren aldeko apustua egiten dut eta gai bakoitza lantzeko merezi duen denbora eskaintzea ezinbestekoa da. Eta gainera, iruditzen zait beharrezkoa baino gehiago erabiltzen dela Google, esaterako, eta ematen du albisteak hor daudela, kalean beharrean.

Bestalde, Asia, el burdel del mundo deitutako liburua argitaratu zenuen 2004an.

Askotan kazetarioi soilik albiste txarrak ematea leporatzen digute, baina gizartean dagoen zikinkeria azalaraztea ere bada gure lana. Askotan badaude egunkari edo aldizkarietan merezi duten sakontasunez jorratu ezin daitezkeen gai batzuk. Horren harira, liburua enkargu bat izan zen, Deiako editore batek Asiako prostituzioari buruzko erreportaje bat publikatu zidan eta pertsona horrek egunkaria utzi eta bere editorial propioa sortu zuenean, gaiarekin lotutako erreportaje–liburua idazteko eskatu zidan.

Lau urtez ikertu nuen gaia, zenbait elkarrizketa burutu nituen... Baina prostituzioaz gain, bertan ezagutu dezakegu emakume eta gizonezkoek zer nolako rola duten kontinente hartan. Prostituzioa azken batean, gizartean generoen artean ematen den desberdintasuna erakusten duen termometro bat dela esango nuke.

Bazoaz Txina aldera beste denboraldi baterako. Zer sartu duzu maletan?

(Barre) Hiru urdaiazpiko pakete, hurdun txokolatea, kafea, liburuak eta opariak. Bilbon eta Shangain arropa dudanez, hori sartzen dut maletan!

Amaitzeko, pentsa ezazu Shangairi buruzko dokumental bat egiten ari garela. Zein musika jarriko zenioke?

Diskoteka–musika zalantzarik gabe. Bi arrazoiengatik gainera, dantzaleku asko topatu ditzakegulako batetik eta bestetik erritmo bizia duen hiria delako. Horregatik, diskotekakoa bai, baina musika txarra ipiniko nioke! (barre) Zigor Aldama (Bilbo, 1980ko martxoaren 5a) Bizkaitarra da Zigor, baina Asiak adoptatu duela esan genezake. Izan ere 19 urte dituenetik Txinan bizi da, eta hori bai, noizbehinka etxera etortzen da aste batzuk igarotzera. Bilboko Ibarrekolanda Institutuan ikasi zuen eta han amaituta, Ingeniaritza Industriala ikasten hasi zen; baina berarentzako eginda ez zegoela eta, karreraz aldatu eta Kazetaritza ikasi zuen EHUn. Euskal Herriko eta estatuko egunkari, astekari zein webgunetan irakur ditzakegu kontinente hartatik bidalitako kronikak; besteak beste, Deia, Berria, Bizkaie edota Traves?as aldizkarian.