Euskonews Gaztea
Gaiak: Txiribitonekin hitzordua
ENRIQUEZ, Mikel Andoni GARMENDIA, Aitor LIZARRAGA, Ander USARRAGA, Asier
Zurriola Ikastolako ikasleak (Donostia)
Lehengo egun batean Txiribitonekin Amarako kafetegi batean bildu ginen, galdera batzuk egiteko. Oso pailazoa denez, galdera batzuk katxondeoz erantzun zizkigun, baina azkenean elkarrizketa dibertigarri eta serioa eduki genuen berarekin. Egin genizkion galderak hauexek dira:
Noiz jaio zinen?
Auskalo! Uste dut 1943ko otsailaren 25ean Bilbon jaio nintzela.
Txiribiton bai, baina zein da zure benetako izena?
Jose Maria Vitoria Cormenzana.
Zein izan zen zure lehenengo lana?
Pailazoa edo bufoia izan naiz beti. Gero matematika ikasi nuen eta bigarren lan bezala matematikako irakasle bihurtu nintzen.
Nola izan ziren zure lehenengo urteak pailazo gisa?
Jaio naizenetik naiz pailazo, eta nire lehenengo urteak pixa eta kaka egiten, titia hartzen, lo egiten eta negar egiten igaro nituen.
Noiz hasi zinen telebista munduan?
Orain dela 25 urte, 1984ko abenduan.
Zein izan zen zure arrazoia pailazo bihurtzeko?
Bihurtu ez, pailazo jaio nintzen.
Erraza egiten al zitzaizun bi lan edukitzea?
Nahiko pailazoa izan behar duzu matematikako irakasle izateko, baina arazo bat sortzen zitzaidan. Batzuetan atentzioa lortzeko lurrera bota behar duzu edo tuntun aurpegia jarri. Argazkia: sergiodsno
Kirola gustuko al duzu?
Bai asko. Uretako kirolak gustatzen zaizkit, igeri egin, olatuak hartu eta termatara joan. Gaztetan gainera waterpolo egiten nuen.
Zer sentitu zenuen zure alabak haurdun zegoela esan zizunean?
Izugarrizko poza.
Zenbat urte ditu zure alabak?
Hogeita hamazortzi.
Eta aitortu, zer moduz aitona izateko esperientzia berri hau?
Oraindik enteratu gabe. Egia esan, txoratuta nago, pelikula bat izango balitz bezala.
Egiten al diozu show pribaturik zure bilobari?
Ez oraindik ez, txikia baita, baina gero noski egingo dizkiodala!
Zenbat programa grabatzen dituzue urtean?
Utzi pentsatzen... Hogeita sei bat urtero.
Eta zer moduz lankideekin?
Oso lagun minak gara, bai lanean eta baita kanpoan ere, horregatik daramatzagu horrenbeste urte elkarrekin.
Zergatik da Txiribiton mutua?
Mutua pertsonaia da. Lehenago Kixki, Mixki eta Kaskamelon ziren eta Kaskamelon ere mutua zenez, Txiribitonek ere ez du hitzik egiten.
Jubilatua al zaude?
Bai. Dagoeneko ez ditut matematikako klaseak ematen, bakarrik pailazoarena egiten dut.