490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aizpea Goenagarekin solasean

AMUNDARAIN, Oihane IRAUNDEGI, Amaia MITXELENA, Ane ZARAGÜETA, Kira

Zurriola Ikastolako lantaldea (Donostia)



Aizpea Goenagak aktore, idazle eta gidoilari moduan egiten du lan. Gaztetan hasi zen mundu honetan eta oso gustukoa du. Oso langilea da, beti du zerbait egiteko... Oraintxe bukatu du bere azkeneko pelikula.

Badakigu pelikula berri bat egin berri duzula, zer moduz joan da?

Oso ondo joan da. Pelikulak “Sukalde kontuak” izena du. Bost aste iraun zuen errodajeak. Oso gutxi dira bost aste, normalean gutxienez sei izaten baitira. Nahiko justu ibili gara denboraz, baina oso polita izan da.

Zeintzuk hartu dute parte pelikulan?

Jende asko dago, ez dago protagonista nabarmenik. Besteak beste, Maribi Bilbao, Lourdes Mendizabal, Barbara Goenaga, Aitziber Garmendia, Oscar Jaenaga, Oscar Terol, Karlos Argi?ano, Martin Berasategi eta Juan Mari Arzak dira gehien agertu direnak.

Bitxikeria gisa zer esan zenezake?

Estreinatu baino lehenago interneten egunero zintzilikatzen genuen errodatzen genuenaren zatitxo bat eta batzuetan errodatzen zen une berean ikus zezakeen jendeak egiten ari ginena. Web orria www.sukaldekontuak.com edo http://www.secretosdecocina.es/ da.

Zein hizkuntzatan egin duzue?

Euskaraz errodatu dugu eta gero katalanera, gaztelerara eta gailegora bikoiztuko dugu.

Idazle lanak ere egin dituzu, zer moduz joan zaizu eta nola hasi zinen?

Esaterako, azkenengo lan hau, Sukalde kontuak nik idatzitakoa da. Baina hasi, aspaldi hasi nintzen idazten, 14 urterekin idatzitako hainbat zirriborro baditut. Antzerkia egiten hasi nintzen eta euskal filologiako irakasle batek Ipurbeltz aldizkarian sartu gintuen. Poliki–poliki gure esketxak idazten hasi ginen eta orduan bi bide paralelo haiek eramaten hasi nintzen, antzerkia eta idaztearena. Beti oso lan pertsonalak idazten eta egiten ditut. Aizpea ordenagailu aurrean lanean.

Hainbat gauza egiten dituzu, idatzi, aktore lanak egin eta antzerkia ere bai... Baina, zein duzu gogokoen?

Hiruak ditut gogoko; oso ezberdinak dira. Gaztetan antzerkia egiten nuen asteburutan eta astean zehar ez nuen ezer egiten; beraz, idazten hasi nintzen, horrela biak konpentsatzen nituen. Telebistan, aktore, gidoilari eta zuzendari bezala aritu nintzen, baina telebistako erritmoa oso gogorra eta neketsua da eta, beraz, bolada batez bakarrik egin dut lan horretan. Pelikula batetan lan egitea ere oso neketsua da, entregu izugarria eskatzen duelako.

Nola hasi zinen telebista eta antzerki mundu honetan?

Hamahiru edo hamalau urterekin eskolan antzerki talde bat osatu genuen. Gure irakasleak antzerki talde bat zeukan eta batzuetan berarekin joateko deitzen ninduen. Hamasei urterekin unibertsitatean sartu nintzen, baina niri gustatzen zitzaidana antzerki eta interpretazio mundua zen eta handik atera eta Madrilera abiatu nintzen antzerkia ikastera.

Erraza al da honetatik bizitzea?

Ez da erraza, hilero bilatu behar duzu aurrera ateratzeko modua. Gainera, orain antzerki lan gutxi eta motzak daude. Zinema egiteko askok Madrilera edo herri handietara jotzen dute Euskal Herrian baino lan gehiago dagoelako. Ni lana bilatzera joan ordez, gehiago ibili naiz nire lan propioa sortzen. Ez da erraza, baina bizi zaitezke. Aizpea Goenaga Oihane eta Kirarekin.

Azken pelikula hau bukatuta, zer nolako proiektuak dituzu?

Gauza asko ditut egiteko. Alde batetik, Elkanori buruzko antzezlan bat idatzi behar dut Getariako udalak eskatuta. Bestalde, nik idatzitako “La pecera” izeneko antzezlan bat egin behar dut, tratu txarrei buruzkoa da. Eta baditut beste hainbat gauza ere...

Kaletik asko ezagutzen al zaituzte?

Orain ez hainbeste, ez bainaiz telebistan agertzen. Lehen pantaila txikian agertzen nintzenean bai; orain berriz, jendeak ezagutzen zaitu baina ez daki zertaz.

Eta zer moduz eramaten da fama?

Oso deserosoa da kaletik noala ezagutua izatea. Ni ez naiz konturatzen ezagutzen nautenik eta ezagutzen nautenean, ez naiz lasai sentitzen. Kontrolatuta nagoelako eta ezin naiz ni naizen modukoa izan edo nahi dudan bezala jokatu.

Bizitza berri bat hasiko bazenu, lanbide hau aukeratuko al zenuke?

Ba egia esan ez dakit. Batzuetan pentsatzen dut ezetz, lan erosoago bat aukeratuko nukeela, lan lasaiago bat. Ez dut beti egiten dudana gustuko izaten, baina azkeneko bi urteetan egindakoak, nik nahi nituelako egin ditut.