490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19
Jakin dudanez, txikitatik kirolen bat praktikatu duzu beti...
Bai. Zorionez, etxean beti kirolen bat egitera animatu gaituzte. Hasieran esku pilota eta igeriketa izan ziren hautatu nituen kirolak eta asteburuetan berriz, mendira ateratzen ginen gurasoekin batera txangoak egitera. Gainera, aldi berean kirol ezberdin asko praktikatu ditut, hala nola, judoa, eskalada, mendi bizikleta, skate–a...
Baina esan genezake triatloian zure anaiaren ?erruz? hasi zinela, ezta?
Hala da, bete–betean asmatu duzu! Hektor ni baino lehenago hasi zen kirol mota hau praktikatzen, eta bera ikustera joateko ohitura hartu nuen. Azkenean, probatzea erabaki nuen eta harrapatuta geratu nintzen. Hori bai, urratsez urrats hasi nintzen, ez zen bat–bateko kontua izan. Geroz eta hobeto moldatzen nintzela ikusi nuen eta azkenean, kirol hau serio hartzea erabaki nuen. Arizonan entrenatze egon zeneko argazkia.
Nire aurreneko emaitza esanguratsuenak 1995.urtean iritsi ziren; momentu hartan junior kategorian nengoen. Espainiako triatloi txapelketan podiumeko kaxoi altuenera igo nintzen; eta urte hartan gainera, Munduko Kopan aritzeko aukera eman zidaten, eta hamargarren postuan geratu nintzen. Momentu hartatik aurrera, kirol hau nire ogibide bihurtu eta profesionalki aritzea erabaki nuen.
Gaur egun diziplina horretan txapelduna zaitugu. Hitz egiguzu pixka bat kirol honi buruz.
Triatloia berez, igeriketa, bizikleta eta korrika batzen dituen kirola da. Hiruen artean aukeratu beharko banu, ez nuke bakar bat alboratuko. Aldi berean hiru arloetan entrenatzea gustatzen zait, eta uste dut hor dagoela gakoa; hau da, nahiz eta batean gusturago edota hobeto ibili, hiruetan ahalik eta mailarik altuena ematen saiatu behar da.
Suposatzen dut makina bat toki izango dituzula entrenatzeko...
Gasteizen bizi naizenez, normalean bertan entrenatzen dut. Adibidez, Estadion –Caja Vitaleko Fundazioa– aritzen naiz igeri egiten eta gimnasiora ere bertara joaten naiz. Noski, gustatuko litzaidake 50 metrotako igerileku bat edukitzea, baina momentuz hau da entrenatzeko eskura daukadan lekurik onena! Bizikletan berriz, Araba osoan zehar ibiltzen naiz, horretarako errepide ezin hobeak baititugu. Azkenik, korrika egiteko Gasteizko Zabalgana eta Armentiako basoak dira gustukoen ditudan tokiak.
Ohiko entrenamendu bati buruz esan nezake, normalean 4000 metro egiten ditudala igerian, bizikletako pedalei hiruzpalau orduz eragiten diet eta amaitzeko, oinezko karreran entrenatzen dut ordubetez edota ordu eta erdiz, gutxi gorabehera. Diziplina bat edukitzea behar–beharrezkoa da, kontutan hartu behar baitugu entrenamendurik gabe, ezingo genukeela ezer lortu.
Siberia–Gasteiz ere deitzen zaio Arabako hiriburuari eta txori migratzaileak moduan, toki beroagoen bila abiatzen omen zara negu aldean...
Harrapatu nauzu! Aurten Arizonan (Amerikako Estatu Batuak) pasa dut denboralditxo bat eta baita Kanariar irletan ere, Lanzaroten. Egia da hemen negua benetan gogorra dela, baina ezin dugu ahantzi horrek gogorrago egiten gaituela! Uribarri-Ganboan, Araban.
Ironman proban eroso sentitzen zarela entzun dugu eta badirudi hori dela lasterketa guzietatik gogorrena...
Egia da Ironman proba oso luzea dela; erresistentzia proba bat dela gaineratuko nuke. Gainera, azkeneko kilometroak egiten dira benetan gogorrak, bai arlo fisikoari eta baita psikologikoari dagokienez. Baina lasterketan zehar momentu onak ere badaude eta horiei esker jarraitzen dugu aurrera Ironmanean izena ematen dugunok.
Halaber, prestakuntza egokiarekin ia edonork har dezake parte proba honetan. Hau da, 18 eta 75 urte bitarteko jendearekin lehiatzea egokitu zait, pentsa! Bestalde, Ironman proba batean aritzea triatleta batentzako oso garrantzitsua da, esperientziaz janzteko balio baitigu.
Horrelako proba luzeetan kontzentrazioa mantentzea funtsezkoa izango da.
Ba egia esateko, ia ezinezkoa da denbora osoan kontzentrazioa mantentzea, eta kaltegarria ere badela esango nuke. Horregatik, noizean behin burua errepidetik altxatzea gustatzen zait eta paisaia edota inguruan gertatzen ari denari erreparatzea; hala, burua pixka bat freskatu eta indarberrituta sartzen naiz berriro lehiaketan. Sinestea zaila bada ere, gozatu egin daiteke inguruneaz.
Eta nekatuz gero?
Nekea etengabe dago zurekin, horretan gehiegi ez pentsatzea da egoerari aurre egiteko onena, eta bide batez, ahal den neurrian behintzat, lasaitasuna mantentzea ere funtsezkoa da.
Lasterketa amaituta, nola indarberritzen zara?
Imajina dezakezun bezala, horrelako txapelketatan izugarrizko energia xahutzen dugu eta aurrera jarraitu ahal izateko, lasterketan zehar azukredun edari eta janari asko hartzen ditugu. Hortaz, niri behintzat ostean hobeen sartzen zaizkidan jaki motak gaziak izaten dira. Adibide bat jartzearren, pasta–entsalada on bat eskertzen da, eta edateko, garagardo fresko bat.
Gaiz alda dezagun. Joko olinpikoetan aritzeko txartela birritan eskuratu duzu orain arte.
Sydney eta Atenasen aritzeko aukera eduki nuen eta egia esan, bi esperientziak oso politak izan ziren, nahiz eta kirol gaietan ez nituen aurrez pentsatutako emaitzak lortu. Edozein modutan, bizipen ederrak izan ziren. Era berean, joko olinpikoen inguruan antolatzen den guztia ez da beste inon ikusten, antolamendua, giro paregabea, eta hainbat eta hainbat kontu. Benasqueko Triatloi Zurian.
Konta iezaiezu gure irakurleei, 2009rako ze proiektu dituzu?
Urte guztia daramat makina bat txapelketetarako prestatzen eta dagoeneko hainbatetan hartu dut parte; besteak beste, urtarrilean Espainiako Triatloi Zuria Txapelketan aritu nintzen Benasquen (Huesca) eta maiatzean berriz, Donostiako Onditz Memorialean. Baina horiek atzean utzi eta hemendik aurrera ditudan erronka nagusiak bi direla esango nuke.
Batetik, uztailaren 5ean Europako Ironman txapelketan izango gara anaia eta biok, eta urteko helburu nagusia berriz, urrian Hawaiin burutuko den Munduko Ironman txapelketa dut. Pasa den urtean bigarren geratu nintzen bi proba horietan eta benetan espero dut aurten marka horiek hobetzea.
Kirol honen barruan topa dezakegun proba berezi eta zorrotzena da Hawaiikoa: 3.800 metro egin behar dira igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro inguru korrikan. Urte guztia eman dut hitzordu horretan pentsatzen!
Zure lanbidea medio asko bidaiatzen duzu. Zein toki daukazu bereziki gogoan?,
Asko eta asko daude, Australia, Txile, Hawaii... Esate baterako, Australian kirolarekiko kultura sakona dagoela ikustea asko gustatu zitzaidan; hots, goizean goizetik hondartza jendez gainezka egoten da eta igeri egiten, surfean, korrikan edo beste edozein ariketa burutzen ikus ditzakegu. Baina leku guztiek bere xarma daukatela gaineratuko nuke.
Kirolaria ez bazina, zertan egingo zenuke lan?
Auskalo! IVEF/SHEEko –Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea– ikasketak erdibidean utzi nituen eta agian irakaskuntza edota kirolarekin zerikusia daukan zerbaitean arituko nintzateke, edota suhiltzaile modura lanean, bestela.
Mezuren bat gure irakurleentzat?
Euskonews Gazteako irakurleak triatloi batetan parte hartzera animatu nahiko nituzke; baina ez edozein, esprint distantziako triatloi bat egiteko esango nieke. Proba honetan 750 metro egiten dira igeri, txirrinduari dagokionez 20 kilometro eta azkenik 5 kilometro korrikan. Nik esango nuke, ez dela prestakuntza berezirik behar eta giro polita izaten da horrelako probetan.
Eta erakusleiho hau aprobetxatuz, nire webgunea bisitatzera ere gonbidatu nahiko nituzke irakurleak! (barre) Eneko Llanos (Gasteiz, 1976ko azaroak 30) Gasteiztarra da Eneko. Duranako Ikasbidea ikastolan aritu ostean, Soin Hezkuntzako ikasketei ekin zien, baina hirugarren mailara arte burutu zituen soilik ikasketak. Bere asmoa, kirolari profesionala izatea zen eta gaur egun behintzat, Triatloian jaun eta jabe dugu. Beste askoren artean, Europako txapelketatan, Ironman probatan edota Joko Olinpikoetan aritutako mutil gaztea da.