Euskonews Gaztea
Gaiak: Musika saretik jaitsi ala dendetan erosi?
AGUIRRE, Jaione ALONSO, Nerea ELORRIAGA, Jon GÓMEZ, Désirée
Begoñazpi Ikastolako ikasleak (Bilbo)
Gaur egun, musika edota bideoak dendetan erostea gero eta garestiagoa da eta gazteok gure gogoko taldeen musika entzun eta ikusi gura dogu. Zer egin orduan? Musika saretik jaitsi ala dendetan erosi? Itzela da gai honen inguruan sortutako eztabaida.
CDen prezioak gora egin dau azken urteotan. Gazteak gara musikaren munduan gehien sartuta gagozanak eta ez dogu dirurik soberan poltsikoetan. Egunotan krisia danon ahotan dabil eta gazteok, gurasoen kontura bizi arren, hurbiletik bizi dogu dirua neurtu beharra. Zelan erosi geinke prezio ikaragarria dauan CDa? Bestetik, gertatu daiteke diskoan agertzen diran abesti guztiak gustukoak ez izatea. Horrelakoetan dirua alperrik bota dogun ustea izaten dogu. Horrez gain, gaur egungo teknologia aurrerakuntzak dirala eta, askoz be erosoagoa da gustoko dozuzan abesti horreek guztiak mp3, mp4, eskuko telefono eta abarretan entzutea. Ez da batere erosoa CDekaz atzera eta aurrera ibiltea. Zenbat aldiz entzungo dozu beraz CD osoa? Hiruzpalau aldiz? Hainbat diru ordaindu horretarako? Merezi al dau?
CDak erosi gura ez badozuz, biderik errezena eta zuzenena musika saretik jaistea da. Gazteak oso ausartak gara ordenagailuaren aurrean eta sarritan ez dogu ikusten edo ez dogu onartu gura bide honek hainbat arazo sortu leikezala. Adibidez, legalak ez diran web orrialdeetatik abestiak jaistea ez da guztiz ziurra; batetik, poliziak programa horreek kontrolatu egiten dauz, eta bestetik, ordenagailuaren sistema guztiz hondatu leiken birusagaz topo egin zeinke. Gainera, sarritan artxibo bat jaitsi eta zabaldu orduko, entzuteko irrikaz egon zaran hori ez dala ikusiko dozu eta horra, denpora alperrik galduta.
Egia da bestetik inork ez dauala zalantzan jarriko disketxeetako CDen kalitatea. Eta inoiz arazorik izan ezkero, dendara joan eta beste disko baten ordez aldatu zeinke. Baina sarritan saretik jaitsitako disko edo abesti horreen kalitatea be primerakoa izaten da. Eta musika jaistearen abantailarik esanguratsuena: merkea eta oso arina da, eta gainera, etxetik urten barik. Horrez gain, antzeko abestiak bilatzeko programen bidez, gustuko dozun musikaz gozatzeko aukera ikaragarria izango da.
Badakigu pirateatzen ibiltze honek galera izugarria sortu dauala musika munduan. Baina guk argi daukagu. Disketxeek CDen salneurria jaitsiko balebe, gazteok pirateoa baztertu eta CD gehiago erosiko geunkez. Hau da, gure ustez, musikaren hedapenerako urtenbiderik egokiena.