Euskonews Gaztea
Gaiak: Ordenagailu eramangarriak ikastetxeetan
ARRANZ, Gonzalo BALERDI, Irantzu BEGOÑA, Nerea BLANCO, Christian PEREDA, Alazne
Begoñazpi Ikastolako ikasleak (Bilbo)
Gaur egun teknologiak ikaragarri egin dau aurrera eta askoren ustetan, urte batzuk barru ikastoletan liburuen ordez ordenagailu eramangarriak erabiliko doguz. Baten batek zientzia–fikziozko filma edo elebarri bati buruz berbetan gagozala pentsatuko dau, eta irakasle bat baino gehiago dagoeneko bildurtuta egongo da. Zuek zer deritxozue? Liburuen ordez ordenagailu eramangarriak erabiliko doguz? Egokiak al dira? Argazkia: One Laptop per Child
Gure ustetan, ordenagailuak ikastolan erabiltzeak alde onak daukaz. Alde batetik, erosotasuna. Egunero ikastolara liburu guztiak motxilan eroatea nahiko neketsua da eta sorbaldan arazoak sortu leikez. Hori dala eta, ordenagailuak ikastolara eroatea urtenbide egokia izan daitekeala pentsatzen dogu. Horrela, ordenagailua da aldean eroan beharreko pisu bakarra, bertan arlo guztietako lanak egongo lirateke eta.
Bestetik, dirua aurreztu egingo geunke. Urtero, ikasturte horretako liburuak erosi behar doguzanean diru kantitate itzela gastatzen dogu. Horregaitik, ordenagailuak ikastolara eroatea konponbide ona izan daiteke, behin ordenagailu bat erosita, urtero erosi beharreko liburu eta koaderno guztiak ordezkatuko leukezalako. Beraz, gure gurasoen ekonomiaren mesederako izango litzatekeala uste dogu.
Hala ere, dana ez da zoragarria. Ordenagailuek, sareak... hainbat aukera eskaintzen dabez baina arriskua hor dago. Egokiak ez diran orrialdeetan sartzerakoan birusekaz topo egin zeinke eta ordenagailua izorratu ezkero, zer gertatuko litzateke? Bestetik, ikastoletan gero eta lapurreta gehiago dago, batez ere balio handiko gauzetan. Takiletan nahiz klaseetan utzi, ordenagailua ez litzateke seguru egongo. Hori ordenagailuak ikastolara ez eroateko arrazoi nagusia izango litzateke.
Horretaz gain, eguneko ordu guztietan ordenagailu pantaila baten aurrean egotea gure ikusmenerako oso neketsua izango litzateke eta gerora begietan kalteak sortu leikez. Gainera, beti ordenagailuagaz lan egitean, ez ginateke kideekaz orain bezala erlazionatuko eta gauzak gure kabuz egingo geunkez. Azken finean, klase orduak aspergarriagoak izango lirateke.
Laburbilduz, ordenagailuak ikastolara eroatea ideia ona da gure ustez, liburu guztiak ordezkatzen dauazalako eta ikasteko metodo barria dalako. Baina hau posible izateko, segurtasun bide hobea bilatu beharko geunke.