491 Zenbakia 2009-06-19 / 2009-06-26
Gaur egun familia askok eta askok arazo bera dabe: gurasoak biak lanean eta ume txikia zelan hazi eta hezi?
Arazo honi aurre egiteko aukera bi jatorkuz gogora: haurtzaindegian edo zaintzaile baten esku uztea. Hainbatek aitite eta amamanera jotzen dau horrelakoetan, guri baina ez jaku aukera egokia begitantzen. Umea gazterik izan ezkero, izan daiteke aitite eta amama sasoiko egotea baina gaur eguneko joera guztiz bestelakoa da. Gero eta beranduago izaten doguz umeak eta ordurako aitite eta amama nahiko nagusiak izaten dira eta hainbesteko ardura eurengan uztea ez da bidezkoa. Beraz, galdera hauxe da: non ete dago umea seguruago? Argazkia: Leonid Mamchenkov
Umea haurtzaindegian uzteak izan leikezan abantailak aztertzerakoan harritu egin gara, hainbat baitira onurak. Batetik, haurtzaindegiak umeari beste ume batzuekaz egoteko aukera eskaintzen deutso. Honela, txikitatik beste haur batzuekaz egoterakoan pertsona zabalagoa izateko aukera gehiago dago. Honegaz batera, umea eskuzabalagoa izango da: jostailuak alkarbanatuz, besteen jostailuekaz jolastuz... Holan, bere heziketa pertsonala asko aurreratu egiten da. Bestetik, gauza desberdinak ikasten eta ikusten dauz, besteak beste: kolore barrien izenak, animalia desberdinak? Era berean, haurtzaindegietan lan egiten daben zaintzaileak guztiz profesionalak dira eta hasieratik estimulazio goiztiarra lantzen dabe, umearen bizitzako lehenengo urteak oso garrantzitsuak baitira bere heldutasun neurologikorako.
Haurtzaindegia etxean izan ei dogun zaintzaile bategaz konparatuz gero, alde itzela ikusiko dogu. Lehenengo eta behin, zaintzailea umeagaz bakarrik egoterakoan, ez deutso gainetik begirik kentzen eta umea da ardura bakarra. Haurtzaindegian ostera, hiru edo lau zaintzaile egoten diranez, ez dira ume bakar bategaz egoten denbora guztian, ume asko zaindu behar baitabez. Ildo beretik, umeak zaintzaile bategaz egoterakoan maitasun gehiago jaso leike. Eta ez hori bakarrik, zaintzailea gurasoek lanean daben ordutegira moldatzen da. Honek mesede handia egiten deutse gurasoei. Batetik, erosoa da gurasoek ez dabelako umearen bila joan behar. Modu berean, gaixorik dagoenean zaintzailea beragaz dago une oro eta ez dago behartuta kalera urtetzera. Umea gaixorik badago eta haurtzaindegian badaukazu eta inork zaindu ezin badau, haurtzaindegira gaixorik eroan beharko zeunke. Are gehiago, jaten dauanaren kalitatea ona dala ziurtatzen dozu.
Bestetik, zaintzaileak kezka ikaragarria sortzen dau gurasoengan. Izan be, zaintzailea ezagutzen ez dozunez, ez dakizu seme–alaba noren esku utziko dozun. Beraz, inork ez deutsu ziurtatuko profesionala dan ala ez. Gerta daiteke, pertsona txar bategaz topatzea eta zure seme–alaba txarto jagotea, esate baterako: umea jotzea, kalera ez ateratzea, jaten ez emotea... Haurtzaindegietan ostera, badakizu umea ondo zainduko dabena eta umearen egunerokoa, umeak egindako aurrerapenak eta abar txostenen bidez jakiteko aukera izango dozu.
Hau guztia aztertu ostean, guk ume bat eukiko bagendu, haurtzaindegira eroango geunke, gure seme–alabaren segurtasuna garrantzitsuena dala pentsatzen dogulako eta zaintzaileen aukerak ez gaituelako guztiz betetzen.