492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03
Arrasateko taberna batetan hitzordua egin dugu Mariasun Pagoagarekin. Aitzakia ederra eduki dugu horretarako, Axun eta Maite luzemetraiako protagonistetako bat baita, Itziar Aizpururekin batera; Maiteren rola betetzen du berak. Sei aste eman ditu Donostian filma grabatzen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritzapean. Pelikula batetan lan egiten duen aurreneko aldia da Mariasunentzat, eta esperientzia berri honen gaineko bere inpresioak jakin gura izan ditugu.
Grabagailua piztu eta solasean hasi gara; hitz jario ederra du emakume honek eta alaitasunez kontatu dizkigu bizitakoak. “Sei astez ibili gara filma grabatzen eta abentura amaitu berri dut. Egia esan, pena ematen dit, benetan esperientzia ederra izan baita!”. Baina film bateko protagonista izatera nola iritsi zen jakin nahi izan dugu. “Arrasateko Doke Antzerki taldeko kidea naiz eta gure zuzendari Itziar Recaldek deitu ninduen egun batetan. Esan zidanez, Donostiako enpresa bat kontaktuan jarri zen berarekin, casting batetarako jende bila zebiltzala–eta. Lau lagun joan ginen taldetik eta egia esan arratsalde eder bat igaro genuen. Ez zitzaidan burutik pasatu hartuko nindutenik, eta nire ezusterako, hurrengo egunean beste saio bat egiteko deitu ninduten; kasu hartan hiru sekuentzia ikasi behar nituen eta azkenean hartu egin ninduten Maiteren papererako.”
Kafesneari tragoxka bat eman eta jarraitu egin du Mariasunek. “Grabaketekin hasi aurretik Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin egin genituen entseguak zenbait astez. Oso ongi joan zen guztia, zoragarriak dira biak, zintzoak, gazteak... Ilusio handia zeukaten, beraien aurreneko luzemetraia baitzen.” Mariasun (eskuinean), Doke Antzerki Taldeak 2007an Donostian antzeztutako Actto para la Noche Buena obran . Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.
Antzerkian edota zineman lan egiteko moduak ezberdinak izango direla iruditu eta horixe izan da hurrengo galdera. “Noski, ez daukate zerikusirik. Grabaketetara gidoia ikasita joan behar duzu eta gainera, nola interpretatu ere aurrez jakin behar da, eta hori antzerkian ikasten duzu. Film batetan zure antzezpena da garrantzitsuena. Antzerkian berriz, paperari garrantzia eman arren, aurretik arnas ariketak egiten ditugu, negarra, poztasuna zein haserrea nola interpretatu ikasten dugu... Izugarri lagundu dit Doken aritzeak!”
Gidoia aurrez ikasita joan behar dela–eta, non, noiz eta norekin entseatzen duen galdetzera eraman gaitu jakin–minak. “Etxean ikasi izan dut gidoia, batzuetan goizeko hiruak arte geratu behar izan naiz! Gainera bai alabak eta baita senarrak ere askotan lagundu naute. Esan beharra dut, alaba oso zorrotza dela horretarako, bera ere antzerkian ibilitakoa baita.”
Gure solasaldiarekin aurrera egin dugu eta argumentuari buruzko galderara iritsi gara. “Ez dut inolako arazorik eduki lesbiana baten paperean sartzeko, beste edozein rol bezalakoa izan da. Noski, zailtxoagoak egin zaizkidan sekuentzia batzuk egon dira; esaterako, maitasun eszenetan, laztanak edota ezpainetan muxu ematerakoan; baina beno, hori ere burutu dugu.” Mariasun Pagoaga eta Itziar Aizpurua, filmeko bi protagonistak.
Bestalde, pianoa jotzen ere ikasi duela aitortu digu. “Piano kontzertu bat eskaini behar nuen eta nik ez nekienez jotzen, irakasle bat jarri nahi zidaten. Baina nire loba batek piano karrera dauka eginda, eta nahiago nuen berarekin aritzea, bestela ordutegi aldetik konplikatu egiten baitzitzaizkidan egunak. Modu honetan, etxean ikasteko aukera eduki nuen. Grabaketa egunean, piano aurrean eseri eta hasieran kostatu arren, gero berez atera zitzaidan. Ni poz–pozik nengoen eta zuzendaria gerturatu zitzaidan denbora guztia teklei begira egon nintzela esanez; eta profesionala naizela suposatzen zenez, ezin zen horrela geratu. Zorionez baina, nire eskuak pianoa jotzen grabatu zituzten eta ostean hartu zituzten planoetan antzeztu egin nuen aurpegiak–eta jarrita. Badakizu, zinemak gezur asko ditu!”
Antzezle askok beste batzuengan jartzen dute arreta paper bat prestatzerako orduan. “Ez dut denborarik eduki horretarako. Kontuan hartu entsegu eta errodaje artean ez neukala denborarik, eta etxera iristerakoan berriz, dozenaka gauza nituen egiteko, ilobak haurtzaindegira eramatea, adibidez.”
Gaiz aldatu eta taldeko girora egin dugu salto. “Axun eta Maite filmeko taldea izugarri ona izan da. Beste antzezleek komentatu izan didate ez dela beti horrela izaten; zenbait kasutan zuzendariek–eta ez dituzte aktoreak pertsona gisa kontsideratzen, objektu moduan tratatzen ei dituzte eta askoz ere inpertsonalagoa izaten omen da dena. Denok iritzi berekoak gara, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño pertsona ederrak dira eta munduko erraztasun guztiak ematen dizkigute. Ni behintzat, guztiz zainduta sentitu naiz uneoro.”
Errodajea hasi aurreko momentuez ere hitz egin digu Mariasunek. “Egunero goizeko 7etan txoferra etortzen zitzaidan bila etxera. Donostiara iritsi eta janztera joaten ginen aurrena. Ondoren makillajearen txanda izaten zen; egia esan behar badut, inoiz ez du azala horren garbi eduki! Egunean pare bat aldiz garbitzen zidaten aurpegia eta berriro makillatu. Markesa gisa sentitu naiz hiru hilabete hauetan. (barre)”
Emaitza ikusteko irrikan egongo dela pentsatu dugu, baina usteak erdi ustel! “Egia esan ez, ez daukat gogo handirik. Egun batean bi zuzendariak monitorean sekuentzia bat ikusten ari ziren eta ea erakutsiko zidaten galdetu eta baietz esan zidatenean, hau ezustekoa! Pantailakoa ez nintzen ni, ez nuen nire ahotsa ezagutzen eta egiten nituen imintzioekin harrituta geratu nintzen. Benetan arraroa izan zen. Noski ikusiko dudala, baina...”
Esperientzia aski ona izan dela argi geratu zaigu solasaldiarekin, baina amaitzeko, antzerkiaren eta zinearen artean aukeratu beharko balu hartuko lukeen erabakia jakin nahi izan dugu. “Film hau egiteko aukera kasualitatez iritsi zitzaidan, eta esperientzia polita izan denez errepikatuko nuke. Baina argi daukat antzerkia ez dudala utziko. Niretzat eguneroko arazoetatik ihes egiteko modu bat da, alboratu egiten baititut buruan bueltaka ditudan gauzak. Oso gustura sentitzen naiz antzezten dudanean, erlaxatu egiten nau. Bestetik, burua erabiltzera behartzen nau eta hori garrantzitsua da.”
Eskerrik beroenak Mariasuni guretzako tartetxo bat hartzeagatik. Eszenatoki gainean edo pantailan, nork daki hurrena non ikusiko dugun emakume hau, baina dena delakoaz, zorte on!