Euskonews Gaztea
Gaiak: Uda luzea aurretik
Ekainaren 21a igarota, nire urteko sasoirik gogokoenean murgildu gara eta egun luzeez gozatzeko unea iritsi da. Gogoan dut, nerabezaroan udaren esperoan egoten nintzela urte guztian zehar. Asteek hilabete irauten zutela iruditzen zitzaidan eta ohartu orduko di–da batean azterketak gainean izaten genituen ikastolan. Horrek azalpen bakarra zeukan: uda gertu zegoen! Argazkia: Dmitry Kichenko
Negu luzea udako oporretan zer egin pentsatzen igarotzen nuen: aurten kanpinera joango naiz gurasoekin; lehengusuaren baserrian astebete igaroko dut; Aitor gonbidatuko dut aitona–amonen etxera, edozer egiten uzten baitidate... Dena delakoarekin, aire libreaz eta urtaro hotzean falta izaten zitzaigun berotasunaz gozatzea atsegin nuen batez ere.
Aitortu behar dut hiru hilabeteko oporraldia motz geratzen zitzaidala eta dagoeneko bukatu da? irailean behin eta berriz errepikatzen nuen esaldia zen. Urtaroak igarotzen ziren heinean, ni neu ere nagusitzen hasi nintzen, eta uda geroz eta laburragoa iruditzen zitzaidan.
Noski nire bizitzan aldaketak ematen hasi ziren eta horrek asko baldintzatzen zuen egoera. Ikastetik lan egitera pasatu nintzen. Gogoan daukat aurreneko aldiz taberna batetan aritu nintzela; uztaila zen eta ondorioz, hiru hilabetetik bi hilabete libre izatera igaro nintzen. Denborarekin baina, lanpostu bat eskaini zidaten bulego batetan; aurreneko urtean bai uztailean eta baita abuztuan ere beharrera joatea egokitu zitzaidan, uda usaina asteburutara mugatu zen.
Pribilegioak irabazita moduan, bigarren urtean hiru astetako oporraldiaz “saritu” ninduten; niri behintzat hori pentsatzea gustatzen zait –agian berezia naizela sentitzeko edo–, nahiz eta badakidan langile guztiok egoera berdinean geundela.
Hiru hilabete, bi, bat edota aste solte batzuk. Dagoeneko ez zait axola zenbat denboraz gozatu dezakedan, libre ditudan egunetan zehar jaikitzen naizenetik oheratzen naizenera arte aprobetxatzen baititut minutuak. Hasteko, gaur hondartzara joango naiz. Eta bihar? Mendira, igerilekura edota gaueko zine emanaldietara, zer axola du uda giroaz gozatzeko gai naizen bitartean?