492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jose Mari Goenaga. (Zinemagilea): Euskal zinemagintza orain hamar urte baino askoz egoera hobean dago

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Axun eta Maite. Hala du izena Jose Mari Goenaga zinemagilearen aurreneko luzemetraiak. Abentura honetan ez dago bakarrik, berarekin batera Jon Garaño ari baita filma zuzentzen. Hainbat astez grabaketetan murgilduta egon ondoren, ekainaren 20an amaitu zuten fase hori; orain aldiz, produkzio–osteko muntaketa falta zaie. Goenagarekin hitz egiteko aukera eduki genuen Donostiako kaleetan filmatzen ari ziren sekuentzia baten erdian, horrek dakartzan presa eta denbora libre urriarekin. Hala ere, atseginez erantzun zien gure galderei. Argiak, kamerak eta akzioa!

Ez dago dudarik, film baten errodajearen erdian harrapatu zaituztegu!

Halaxe da. Axun eta Maite filmaren hogeigarren grabaketa egunean buru–belarri gabiltza. Gaur daukagun sekuentzia Banku baten inguruan gertatzen da eta hementxe harrapatu gaituzue!

Hau da hau zortea, zuzendariarekin berbaldia izateko tarte bat edukitzea!

(Barre). Kasu honetan Jon Garañorekin batera ari naiz luzemetrai hau filmatzen eta biok zuzendari izateaz gain, filmeko gidoilariak ere bagara. Gainera, Axun eta Maiteen errodajean bi produkzio etxe –Irusoin eta Moriarti– daude saltsan sartuta eta horietariko baten parte ere bagara Jon eta biok.

Betebehar guzti horiek beraien artean desberdintasun puntu batzuk dituzte, zalantza barik. Zuzendaritza eta gidoigile lanek alde nabarmenak dituzten arren, beraien artean osagarriak direla esango nuke. Esaterako, guk filma zuzendu izan behar geneuenez, gidoilari lanak burutzerakoan aurreratu egin gintzaizkion pixka bat geroko lanari eta adibidez, bagenekien gutxi gorabehera zein planotan kontatu nahi genuen istorioa, edota aktoreek beraien papera nola bete behar zuten. Hala, idazte eta zuzentze betebeharrak nahasten dira.

Gidoilari eta zuzendari eginkizunek bat egiten dute, baina ezaugarri ezberdinak dituzte, ezta?

Bai noski! Gidoia idazten ari zarenean zu zeu bakarrik zaude, ordenagailu eta zeure buruarekin ?nahiz eta nire kasuan Jonekin batera aritu. Noski, errodajea bestelako gauza bat da, jende mordoa baitago nahasita; hasierako erreprodukzioan hiru, lau edo bost pertsonekin hasten da guztia, eta errodajean murgiltzerakoan, taldea berrogeita hamar pertsonakoa izatera irits daiteke!

Esango al zenuke Axun eta Maite filmarekin apustu handia egin duzuela?

Ez dakit apustu handia den ala ez. Egia esan proiektua aurrera eramateko egoera oso ona zen, batez ere finantziazio aldetik hitz egiten badugu. Esate baterako, ETB momentu honetan nahiko diru jartzen ari da horrelako egitasmoak aurrera eramateko, eta gainera euskara bultzatzea ere lortzen zen? Bestalde, Jonek garatu zuen pelikularen aurreneko bertsioa eta irakurtzerakoan aurrera eramatea posible zela ikusi genuen.

Argumentu aldetik baditu ?arriskutsu? izan daitezkeen hainbat elementu aipagarri, hirugarren adinean ematen den harreman homosexuala jorratzen dugula, kasu. Eta bestaldetik hizkuntzari dagokionez, euskara hutsezko egitasmo bat burutzea arriskutsuagoa da merkatua txikiagoa delako, nahiz eta ez lukeen horrela izan behar. Hau da, emaitza ona bada, filma kanpoan erakusteko aukera egon beharko litzatekeela iruditzen zait. Hala ere, guk ez dugu inongo momentuan proiektu arriskutsu moduan ikusi.

Jakin dugu protagonistetako baten aurreneko filma dela, nahiz eta antzerkian esperientzia baduen.

Mariasun Pagoaga da bera eta benetan oso pozik gaude berarekin –eta orokorrean, aktore guztiekin berdin. Agian badago arrisku puntu bat horretan, orain arte zinean ez duelako ezer egin. Baina bere castinga ikusi genuenean ez genuen zalantzarik eduki, nahiz eta guk aurreikusten genuen pertsonaia baino gazteagoa izan, paper horrek eskatzen zuen perfila zeukan.

Eta zer espero duzue lortzea film honekin?

Batez ere, ikusleriak ordu eta erdi atsegin bat igarotzea, hori da garrantzitsuena guretzako. Eta noski, pelikula on bat irtetea da gure egitasmoa, ea lortzen dugun! Hortik aurrera, gogoratu gure aurreneko esperientzia dela luzemetrai bat egiten eta horrela hartzen ari gara, ikasten saiatzen baikara uneoro. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Eta gustura gabiltza, guzti honekin disfrutatzen. Baditugu eztabaidak gure artean, noski, bi pertsonen artean zuzendari lanak burutzea ez baita erraza, baina oso ondo ezagutzen garenez, oihu batzuk egon arren badakigu ez dela gehiagora joango! (barre)

Amaitzen joateko, nola ikusten duzu euskal zinemaren egoera?

Nire ustez momentu honetan orain hamar urte baino askoz ere egoera hobean dago, zalantza barik. Euskarazko filmak errodatzen dira; Aupa Etxebeste! baino lehenago, urte mordoxka bat generamatzan ezer egin gabe eta uste dut bide positiboan dagoela orain euskal zinema. Ez dakigu momentuko gauza izango den edo zinea euskara munduan gelditzeko iritsi den, baina instituzioen aldetik badago bultzada bat eta hori aprobetxatu beharra dago. Ea luzerako den!

Eta gainera zuek zinemagile gazteak zarete!

Batzuek esaten dute bi pelikula egiten ari garela hemen, gure aurrenekoa eta azkenekoa! Espero dugu horrela ez izatea, baina noski, arriskua ere hor dago! Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) Gipuzkoar gaztea da Jose Mari Goenaga. Zinemagintza gustuko zuela, laburmetraien munduan murgildu zen Jose Mari eta besteak beste, Tercero B (2002) eta Sintonia (2005) ditugu bere lanetariko batzuk. Ondoren, dokumental batekin animatu eta Lucio (2007) egin zuen Aitor Arregirekin batera. Bere aurreneko luzemetraia – Axun eta Maite– grabatu berri du Jon Garañorekin batera eta zuzendari beharretan ibiltzeaz gain, gidoia idazten ere aritu zen.