493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10
Zugaz. Bizkaitarrez esandako berba dirudien arren, ez da horrela, ezta?
Ez ba! Sare sozial baten izena da, bi hitzen hasieren konposaketa da hain justu: Zu, zerbait pertsonala nahi genuelako aukeratu genuen, eta Gaz,gazte hitzetik hartutakoa.
Joan gaitezen hasierara. Nola sortu zen Zugaz egiteko ideia?
Goienaren bitartez etorri da mundura Zugaz. Aurretik, gazteei zuzendutako blog bat geneukan, eta azkenaldian bizitasuna hartzen zihoala ikusi genuen, estatistikek gora egin baitzuten. Bloga motz geratzen zitzaigula ohartu eta urrats bat gehiago ematea ondorioztatu genuen. Urte hasieran ekin genion sarean gazteentzako euskarazko zerbait sortzeko ideiari bueltak ematen eta gaur egun horren modan dauden Facebook, Tuenti eta bestelako sare sozialak kontuan hartuz, gure hizkuntzan tankera horretako atari bat sortzea erabaki genuen.
Euskarazko aurrenekoa da, ezta?
Hori da. Azken batean, gaur egungo gazteak teknologia berrientzako eta interneterako hezita daudela esango nuke, baina orain arte eskaini zaizkien tresnak beste hizkuntza batzuetan zeuden. Sarean euskara bultzatzea izan da helburuetariko bat.
Euskarazko ataria izanik, derrigorrez hizkuntza hori erabili behar al da?
Guk edukiak eta tresnak ematen ditugu euskaraz, baina horrek ez du bermatzen erabiltzaileek euskaraz egingo dutenik? Nahiz eta nahiko genukeen!
Gazteak aipatu dituzu; zein adin tarteren inguruan hitz egiten dugu?
Ez dugu zehaztu gura izan, adin guztiei irekita dagoen webgunea baita. Hala ere, beti gomendio bera egiten dugu; hau da, hamalau urtetik beherako gaztetxoak sartuz gero, beti guraso edo heldu batek lagunduta izan dadila eta familia giroan kontsumitu dezatela. Hartu kontuan gaur egun askotariko gauzak entzuten direla interneten inguruan -normalean, txarrak, gainera.
Hala ere, horren harira esan gurako nuke, nahiko webgune segurua dela Zugaz, ezen euskara hutsezko tokia denez, horrek milioika erabiltzaile ere ez ditugula edukiko adierazten baitu. Horrez gain, eduki bakoitzaren azpian karratutxo bat topatuko dugu non klikatuz gero, edozein erabiltzailek eduki hori ezegoki moduan markatu dezakeen. Norbaitek bide hori hartzea erabakiko balu, administratzaileari iritsiko zaio salaketa eta honek edukia webgunetik kentzeko aukera izango du.
Gazteentzako dela argi dugu, baina edozein tokitako gazteentzat al da?
Zalantzarik gabe! Nahiz eta aurkezpena orain arte bakarrik Debagoienan egin dugun, ez dugu zonaldera mugatu nahi! Edozeinek sor dezake bere soslaia eta Zugazen bitartez lagunak aurkitu edota berriak egin ditzake. Argazkiaren oina eta egilea
Hitz egin dezagun eskaintzen dituen atalei buruz.
Edukiei probetxua ateratzeko aurreneko gauza izenematea da, noski! Izena eta pasahitza derrigorrezkoak dira, helbide elektronikoa aldiz, norberak aukeratzen du eman ala ez; modu horretan ez duzu datu pertsonalik erabiltzen. Zure soslaia sortuko litzateke horrela.
Webgunearen mamiari dagokionez, alde batetik argazki eta bideoak igotzeko aukera izango du erabiltzaileak; hala, lagunei banan-banan argazkiak bidali beharrean, karpeta bat osatu eta guztiek ikusiko dute toki beretik eta gainera, irudiak iruzkindu daitezke. Bestalde, Jokoak izeneko sekzioa daukagu. Bertan 8.000 jolas topatuko ditugu eta datu esanguratsu moduan gaineratu nahiko nuke, Zugaz martxan jarri denetik bi mila jokalditik gora egin dituztela erabiltzaileek; arrakastatsua benetan!
Bestetik, Trukeak atala topatuko dugu eta hau, erabiltzaileek gauzak elkartrukatzeko merkatu bat litzateke. Pentsatu nik erabiltzen ez dudan hiztegi bat daukadala eta norbaitek berrerabiltzeko moduan dagoela; nire eskaintza egingo nuke atal horretan eta norbait interesatuz gero, erantzun egingo lioke iragarkiari.
Zugazeko lagunek beraien artean mezuak bidaltzeko aukera ere eskaintzen dugu Mezutxoak sailean eta modu publikoan ?jende guztiak irakurriko luke mezua- zein era pribatuan bidali daitezke testuak.
Azkenik, Tribuak deitutako atala aipatu beharko genuke. Gazteek lagun-taldeak sortzen dituzte -gustuen arabera, esaterako- eta beraien gauzei buruz hitz egiteko aukera daukate. Adibide batzuk jartzearren, O?atiko dantza taldea tribua sortu dute, edota igeriketa eta karate taldeak ditugu...
Zugaz hobeto ezagutzen dugula, esaguzu, zein izango da zure lana?
Ni hasieratik nago proiektu honetan murgilduta, eta oraindik hobetzeko prozesuan gaudela esango nuke, eduki aldetik-eta, batez ere: desegokiak direnak kendu, berriak proposatu? Hori koordinatzen dut.
Eta zein da sare sozialekiko duzun iritzia?
Atari berri honetaz gain, badauzkat nire kontuak Facebook eta Tuentin. Asko erabiltzen ditut, bai gertuko lagunekin hitz egiteko, klaseko kontuetarako, edota horren gertu ez daudenekin harreman bat mantendu ahal izateko. Zalantza barik dena eskura jartzen digu Internetek, hots, leiho bat irekitzen digu mundura.
Ez al duzu uste maiz gehiegi erabiltzen direla horrelako teknologiak?
Agian bai, baina azken batean etorkizuna da. Argi eta garbi ikus dezakegu adibidez, gazteek eskoletan bakoitzak bere ordenagailu eramangarria edukitzea ez dela arraroa, eta esaterako, matematika ariketak norberaren ordenagailuan egiten dituzte. Gauzak garatzen doaz -baita teknologia ere- eta guk aurrera egin behar dugu eta garai berrietara egokitu. Gurasoek agian arazo gehiago izaten dituzte gaztetxoek baino arlo hauetan igeri egiteko.
Hori diozula, ez al duzu uste 14 urtetik beherako gazteak gurasoekin konektatu behar badira, arazoa sor daitekeela?
Baita ere. Hainbat herritatik ibili gara gazteei Zugaz nola erabili irakasten, baina ia inertziaz nabigatzen dutela esan genezake. Egia esan, hainbat guraso gerturatu dira erabilerarekin ohitzeko asmotan; guk atariak eskaintzen dituen aukeren berri eman diegu, eta haiek etxean praktikan jarriko dutela esan digute. Ikusi egin behar!
Gaiz aldatuko dugu. Badakigu ondo abesten duzula? Estatu mailako La Batalla de los Coros programan aritu baitzinen!
(Barre) Bai, Donostiako taldeko kidea nintzen Mikel Erentxunen gidaritzapean. Kasualitatea izan zen, O?atiko taberna batetara deitu zuten casting baterako kantatzen zekien norbait ezagutzen zuten galdezka eta nitaz oroitu ziren. Aurkeztu eta hartu egin ninduten!
Hilabete oso batez programan buru-belarri sartuta egon nintzen. Astelehenetik ostegunera Madrilen egoten ginen, grabazioekin eta; ostiral eta larunbatetan berriz, Donostian entseguak egiten. Platoa industrigune batetan zegoen, izugarria zen, argiak, publikoa...
Baina ez da musikarekin lotuta egin duzun gauza bakarra.
Ez! ETBko Betizun aritu nintzen orain urte batzuk eta handik irten nintzenetik orkestra batekin nabil berbenetan; hamasei urte nituen hasi nintzenean. Gaur egun Altsasuko Ciclon taldearekin ari naiz plazarik plaza. Eta bestalde, Goiena Telebistan Kantari saioa gidatzen dut.
Eta Zugazen jarrai dezakegu Kantari saioa!
Bloga dugu bertan, eta gaztetxoek jarraitzen gaituzte, bai! Amaia Txintxurreta (O?ati, 1988) Hogeita bat urte ditu Amaia Txintxurretak. Karrera bikoitza ari da egiten Eskoriatzako Huhezi fakultatean. Alde batetik, Ikus-entzunezko Komunikazioko hirugarren mailan ari da, eta bestetik Enpresa eta Humanitate ikasketak burutzen ditu. Bere esparruan praktikak egitea egokitu eta Goiena enpresan eduki du horretarako aukera. Bertan esaterako, bailarako karaokea den Kantari saioko gidaria da, Goiena Telebistan. Bestalde, 2009ko ekainean beste proiektu bati heldu dio Amaiak, hain zuzen, Zugaz sare sozialeko webmaster edo koordinatzaile lanak egiteari.