493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10
Azken hamabost edo hogei urteetan teknologiaren munduak izugarrizko iraultza bizi izan du. Gaur egun, etxeko gaztetxoek jaiotzen direnetik edukitzen dute lehen harremana merkatuan aurki daitezkeen ehunka aparailurekin, eta arraro begiratzen zaituzte, atzoko tresneria erabiliz gero.
Horren adibide dugu aurrekoan lagun batek kontatu zidana. Lau urteko bere lehengusuarekin zegoen eta argazki kamera analogiko batekin adiskideak erretratu bat hartu zion mutikoari; amaitzean, gaztetxoa gerturatu eta argazkia erakusteko eskatu zion behin eta berriz, eta ezinezkoa zela azaltzen saiatu arren, ulergaitza zitzaion eta harrituta moduan begiratzen zion. Argazkia: RebeccaPollard
Baina hel diezaiogun gaiari. Sarritan, “gazteak” eta “teknologia”, bi hitzak batera esaldi berdinean erabiltzean, hainbat helduri oilo–ipurdia ipintzen zaie eta ez dute jakiten beldurtu ala ez. Eta gazteek zer pentsatzen dute beraietaz? Askok, antigoaleko pertsonak direla. Azken batean, teknologiak beraien bizitzaren parte dira ezinbestean; telefono mugikorrak dituzte hamar–hamahiru urtetik aurrera, bideojokoekin aritzen dira nonahi edota interneten saltsan ibiltzeko aukera ez dute galtzen, besteak beste. Onak ala txarrak?
Gauza guztiek moduan, alde on eta txarrak dituztela argi daukagu teknologiak erabiltzera ohituta gaudenok. Txarrak, zoritxarrez, astero entzuten ditugu komunikabideetako albistegietan. Onak, teknologia berriek ematen diguten askatasuna, edota informazio pila, edota mundua gerturatzea, hainbaten artean.
Has gaitezen bideojokoez hitz egiten. Sarri ikusten ditugu gazteak kale–bazterrean eserita, gorde–gordeka, baloiarekin edota harrapaketan jolasten ibili beharrean, makinatxoaren botoiei sakatzen. Edota etxean, guraso askok etxeko–lanak lasai egin ahal izateko, bideojokoarekin nahi beste denbora pasatzen uzten diete beraien seme–alabei –eta ezin ahaztu, telebistarekin berdin gertatzen dela! Argazkia: Kristian D.
Nola ez, gaur egun makina bat bideojoko mota daude merkatuan, eta sarri biolentzia izaten da nagusi horietan. Jolasten utzi bai, baina aukera ditzagun zentzuzko argumentuetan oinarritutakoak –badaude erabilera pedagogikodunak, jolastearekin gazteek ikas dezatela helburu dutenak. Eta zergatik ez, MUGAK jartzea ere ez litzateke gaizki egongo. Esate baterako, denbora zehatz batez eta asteburutan soilik kontsumitu dezatela bideojokoa (noski, eskolako zerbaitetarako ez bada).
Interneten kasuan ere, beharrezkoa baino denbora gehiago pasatzen dute maiz nerabeek nabigatzen. Beraientzako egokiak diren atarietan sartuko balira bakarrik... Baina milioika webgune aurkitzen dituzte eta horren erraza da klik batekin haietan sartzea! Horri aurre egiteko adituek planteatzen dutena zera da, seme–alaben adinerako aproposak diren atariak soilik irekitzen dituen software edo programak instalatzea ordenagailuan. Eta bide batez, pantailaren aurrean daudenean bakarrik ez uztea, beraiekin egotea, edota behintzat, ordenagailua dagoen gelako atea irekita edukitzea.
Beldurtu beharrean zer egin behar du orduan esparru hauetan askorik ez dakienak? Nire iritziz interesa jarri eta ahalik eta gehien gerturatu beharko litzateke teknologia berrietara. Hala, nolabait, etxeko gazteenak zertan dabiltzan jakingo du, edo behintzat ulertu, ezagun izango baitu haien hizkera: Tuenti, Google, txat, Emule... Abstraktua irudituko zaie agian hasieran, baina esfortzu txikia egitea denon hobe beharrez da.