493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10
Azkenaldian interneten bolo-bolo dabilen gaia da sare sozialena. Komunikabideek sareko beste edozein fenomenori baino askoz ere oihartzun handiagoa ematen diote, batez ere Obamak baliabide hauek Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazteko erabili zituenetik.
Baina, zer dira sare sozialak? Non eta nola sortu ziren? Zer motatakoak daude?
Labur esanda sare sozialak harremanak mantentzeko balio duten zerbitzuak dira, harreman horiek pertsonalak edo lanekoak izan daitezkeelarik. Gure inguruko pertsona eta erakundeekin loturak mantendu eta sortzeko balio dute, bai eta beraiekin edukiak elkarbanatzeko ere.
Modu horretan sare sozialek gure lagun eta ikaskideekin elkartzeko topagune bat eskaintzen digute, bai eta harremanetan dauden pertsonen artean gogoko suertatzen zaizkigun edukiak banatzeko ere. Horrela sarean artikulu, argazki edo bideo interesgarriren bat topatzen badugu, sare sozialera bidali eta gure lagun guztiek ikusteko aukera izango dute.
Gure edukiak sareratzeko ere balio dute, gustuko ditugun argazki eta bideoak lagunei erakutsi ahal izateko. Gainera lagunek iritziak idazteko aukera ere edukiko dute, guztion artean elkarrizketa bat sortuko delarik.
Gaur egun gure artean erabiliena den sare soziala -Facebook hain zuzen ere- unibertsitate ikasle batzuek sortu zuten 2003an. Beraien helburua ikaskideen harremanak sortu eta sendotzeko baliabide bat sortzea zen, ikasgelan eta campusean sortzen ziren kontaktuak internetera eramanez. Eta lortu zuten, bai. Uste baino arrakasta handiagoa eskuratu dute, bai Facebook-ek bai eta beste sare sozialek ere. Orain mota askotako harremanetarako erabiltzen ditugu, ez bakarrik ikaskideekin, bai eta koadrilako lagunekin, udaran ezagututako pertsonekin edo auzokideekin hitz egiteko, geratzeko edo afari bat antolatzeko erabilgarriak direlarik.
Facebook-ez gain, gure gazteen artean Tuenti sarea ere oso erabilia da, beraiei zuzendua baitago, Facebook-en itxura helduagoentzako pentsatua dagoelarik. Hauez gain mota askotako sare sozialak topatuko ditugu: mendizaleentzat, argazkilarientzat... eta Ning bezalako zerbitzuak, geure sare sozial propioa sortzeko aukera ematen digutenak.
Orain gainera euskal gazteek euskaraz egindako lehenengo sare sozialean parte hartzeko aukera dute, Zugaz hain zuzen ere. Beste sare sozialek ematen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditu Zugaz-ek: hitz egiteko tresnak, argazki eta bideoak igotzeko aukera, bai eta jokoei eskainitako atal bat, beti ere euskaraz. Ale honetan bertan Zugaz-eko arduradunari egindako elkarrizketa topatuko duzu.
Zu zeu ere sare sozialen erabiltzailea bazara, gogoratu Euskonews Gaztea eta Euskonews bera ere Facebook-en aurkituko dituzula.