492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03
Kazetaria izandakoa, Uxue Barkos Berruezok gaur egun politikagintzan dihardu lanean. Nafarra da, Iruñean jaio zen 1964ko uztailaren 5ean.
Gaztetan ikasketak Iruñeko San Fermin ikastolan burutu zituen. Handik, Nafarroako Unibertsitatera joan zen eta Informazio Zientzietan egin zuen lizentziatura. Kazetari lanei ekin zien Radio Nacional de Españan aurrena, eta Estatuko telebista publikoan ondoren.
Uxuek Navarra Hoy egunkarian ere lan egin zuen harik eta 1990.urtean Euskal Telebistan hasi zenera arte. Aurrena, hedabideak Iruñean zeukan berriemaile gisa aritu zen eta denbora batera Iurretako egoitzan egin zioten tokia nafarrari. Modu horretan ETBko bigarren kateko asteburutako albistegia –Teleberri– aurkeztera igaro zen; telebista katean egindako azken geldiunea baina, Madrileko korrespontsal zenean burutu zuen.
Izan ere, Uxuek artegatasun nagusi bat zeraman barnean eta ordura arteko bizimodua alboratzea erabaki zuen. Nafarroa Bai izeneko koalizio bat aurkeztu zen aurreneko aldiz 2004.urtean hauteskunde orokorretara; EAJ, Batzarre, Aralar eta EAko hainbat pertsonek osatzen zuten zerrenda eta Uxue zen horietariko bat. Bozketek Barkos kongresuko diputatu izatera eraman zuten eta han, Talde Mistoa osatzera igaro zen.
Ordutik Diputatuen Kongresua lantoki nagusi du politikari nafarrak. Hala ere, 2007an izandako hauteskundeetan Iruñeko alkategai izateko izendatu zuten urtebete lehenago. Nahiz eta irabaztea lortu ez, gaur egun Madrileko lana Iruñeko udaletxeko zinegotzi beharrekin uztartzen du.
Bietan ala bietan, Uxue Barkosen jarrera beti oso kritikoa izan da bai boterearekiko, baita oposizioko talde handiekiko ere. Behin baino gehiagotan argi utzi du ez dela isiltzen diren horietarikoa eta pentsatzen duena esaten du, bai onerako eta baita txarrerako ere.
Madrilera iritsi zen urtean (2004) Parlamentuko Kazetari Elkarteak Diputatu Berriaren saria eman zion. Bestalde, Madrilgo Atentatuen ikerketa batzordean parte hartu zuen Talde Mistoko ordezkari gisa.
Kazetari lanek politikagintzan funtsezkoa den trebetasuna eman zioten Uxue Barkosi eta lanbide horretan jarrera aktiboa izatea beharrezkoa dela irizten dio, beti ere Nafarroarako politika sozialen alde eginez.