463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kontxu Odriozola

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Kontxu Odriozola 1945ean Azpeitian jaio zen euskal aktoresa da, eta nahiz eta proiektu askotan parte hartu, urte luzez Goenkaleko Maria Luisa bezala ezagunago izan da pantaila txikiari esker. Telebista, antzokia eta zinea izan ditu lantoki.

Txikitan sortu zitzaion antzerkiarekiko kuriositatea gipuzkoarrari. Aitak herriko antzerki taldean kolaboratzen zuen dekoratuarekin–eta, eta Kontxu eramaten zuen berarekin lokalera. Orduantxe hasi zen antzerkilariengan arreta ipintzen eta poliki–poliki harrapatuta sentitu zen.

Hala ere, Kontxuk irakasle ikasketak egin zituen eta horretara dedikatu zen hamazazpi urte luzez. Hala ere, ez zuen antzezteko gogoa galdu eta ikastetxeetako haurrekin ipuinak eszenaratzen zituen, esaterako. Baina barruan zeukan gogo hura ase nahian, interpretazioarekin zerikusia zuten ikastaro gehienetan izena ematen zuen azpeitiarrak, eta gainera, Herri Irratian programa bat gidatu zuen.

Bi aldiz pentsatu gabe Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortutako lehenengo antzerki eskolan izena eman zuen 1982an. Hiru urtez bertan trebatu zen –besteak beste, Euripideren Troiarrak obrako antzezleetariko bat izan zen – eta aurrerapen handia egin zuen antzez teknikan. Bikoizketa ikasketak ere burutu zituen aurrerago. Ordutik, lan asko egin du, hala antzerkian, zein zineman, nola telebistan.

Zineman, besteak beste Albaniaren Konkista (1983) eta Gerra Karlisten kronika (1988) pelikuletan paper txikiak antzeztu zituen. Protagonistetako bat bihurtu zen Anje Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez filmean (1985). Segidan, Las seis en punta (1987) eta Amor light (1987) laburmetraietan ere aritu zen.

Antzerkiari dagokionez, Elena Iruretarekin batera martxan jarri zuen 1989an Ama begira zazu antzezlana eta ezusteko ederra izan zen jasotako arrakasta. Berrehun emanaldi inguru eman zituzten Euskal Herri guztian barrena. Aspirina para dos edota Ezetz lepoa jarri izenburuetako antzezlea izan zen.

Esan daiteke telebista euskal aktoreentzako lantoki oparoenetarikoa dela, eta Kontxu Odriozolak makina bat proiektutan hartu du parte. Bai Horixe programan aritu zen 1986an, eta jarraian etorri ziren Flamingo Berria (1993) eta Goenkale. Telesaila emititzen hasi zirenetik (1994) aritu zen Kontxu lanean 14 denboralditan zehar eta arrazoi horrexegatik Maria Luisa bezala ezagutu izan dute etxe askotan. 2008ko otsailean behin betiko utzi zuen telesaila azpeitiarrak.

Urte guzti hauetan zehar besteak dibertitzen eta aldi berean bere buruari erronka berriak jartzen aritu da. Monotoniarik gabeko lanbidea aukeratuta, pertsonaia ezberdinen paperean ezagutu dugu Kontxu eta atsegin handiz lan egiten duela nabaritzen zaio.