421 Zenbakia 2007-12-21 / 2008-01-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gabonen atarian, Santo Tomas

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Gabonen atarian, Euskal Herriko udalerri askotan ospatzen da Santo Tomas eguna. Abenduaren 21ean, baserritar, abeltzain eta artisauek hitzordu desberdinak izaten dituzte. Urtaro honetako hotzari aurre egiten, kalera irteten dira mendeak dituen jaiarekin bat egiteko. Egun honetako berezitasuna, txorizo–taloa eta sagardo tragoa.

Euskal hiriburuetako bitan ?Donostia eta Bilbon– ospatzen den jaia da Santo Tomas, esaterako. Bietan ala bietan antzera hasi zen azoka antolatzen; jatorria ezagutzeko, baina, bi mende egin behar ditugu atzera. Azokaren hastapenak

Joan gaitezen XIX. mendera. Orduan, bai Gipuzkoa eta baita Bizkaiko lurrak, maizterrek lantzen zituzten. Hau da, lurjabeak ez ziren arduratzen baserriko kontuez eta errentan ematen zituzten. Hala, normalean familia desberdinak arduratzen ziren lan hori burutzeaz.

Baina noski, edozein errenta ordaindu egin behar da eta jabearekin batzea ez zen erraza izaten; denok dakigun bezala, baserriko lana gogorra eta ia egunero egin beharrekoa izaten da. Horrexegatik, data bat zehaztu zuten ordainketarako, eta azken egun bezala abenduren 21a jartzen zuten gehienetan. Hori horrela izanik, eta kontuan hartuz jabe gehienak hiriburuetan bizi zirela, maizterrak hara abiatzen ziren ordainketa egitera.

Urteak joan eta urteak etorri, feria antolatzea onuragarria zela ikusi eta hala sortu zen ohitura herrikoi hau.

Goizean goiz hasten dira postuak antolatzen. Animalia, barazki eta artisauen lanak jartzen dituzte herriko kaleetan zehar ikusleen gozamenerako. Donostian, adibidez, lehen aipatutako postuez gain, bertsolariak, txorimalo lehiaketa eta haur jokoak antolatu dituzte. Ehuna hiritar kalera irtengo dira abenduaren 21ean eta giro bikaina sortuko dute.

Bestalde, Bilbokoa 60. edizioa izango da aurtengoa. Guztira 275 saltoki jarriko dituzte eta baserritar giroa nagusi izango da Bizkaiko hiriburuan Arrasaten, 22an

Baina egun bat beranduago ere badago Santo Tomas (Santamasak) feria batez gozatzeko aukera. Izan ere, Arrasaten ospatzen da orduan eta bertako kaleetan ere ez da girorik faltako. Arrasateko azokaren historiak 650 urte baino gehiago ditu eta lehen hiru egunetan ospatzen zen, 20, 21 eta 22an, alegia. (Horren gaineko datu gehiago hemen)

Arrasaten ere festa goizean goiz hasiko da eta arratsaldera arte ez da aspertzeko betarik egongo. Bertso saioak, pilota–partiduak eta herri kirolak daude egitarauaren barruan, ohiko postuez gain.

Jai herrikoi hauek izugarrizko arrakasta izaten dute, denoi gustatzen baitzaigu kalean gora eta kalean behera ibiltzea, zerbait erosi edota mokadutxo bat hartzea. Hotzari mingaina atera, baserritar jantzia soinean ipini eta herriak girotzeko, ze aitzakia hoberik?