Euskonews Gaztea
Gaiak: Komertzioa Gasteizen
Olabide Ikastola
Betidanik leku guztietan komertzioa izan da herrialdearen sektore garrantzitsuenetariko bat. Denbora pasa ahala eta hirien garapenarekin batera , komertzioa alor askotan aldatu egin da. Hala ere, inoiz ez du jasan azken 50 urteotan izandako aldaketa hain bortitzik .
Gasteizen 1950-60 urteen artean, oraingo Alde Zaharra baino hedapen askoz handiagoa ez zuen herrian, denda txiki anitz aurki zitezkeen kaleetan. Denda bakoitza produktu zehatz bat saltzeaz arduratzen zen eta normalean produktu horren salmentaren irabazpidea gurasoek euren seme–alabei uzten zieten, negozioa familiaren baitan geldituz. Gainera, Gasteiz inguruan bizi ziren baserritar–nekazariak hirira hurbiltzen ziren beraien esfortzuz lortutako lehengaiak saltzera. Hori dela eta, merkatuak indar bizia hartu zuen.
Poliki–poliki, Gasteizen industrializazioarekin eta gaur egun hain famatuak diren Heraclio Fournier, Michelin, Areitio eta beste hainbat enpresen irekitzearekin batera, handiagoak diren eta denetarik saltzen zuten denda handiak agertzen hasi ziren ,adibidez: Simago. Hipermerkatu hauek boom izugarria jasan zuten eta berehala, Gasteiz handituz zihoan heinean, supermerkatuak nonahi eraikitzen hasi ziren.
Baina hau gutxi balitz, azken hamarkada honetan gune komertzial ugari zabaldu dituzte. Eraikuntza handi beraren barnean, mota askotako dendak aurki daitezke (goxoki dendak, arropa dendak, supermerkatuak...). Guzti honetaz gain, jendea aspertu ez dadin bolatokia, zinema, jatetxeak...ez dira falta. Hori dela eta, asko dira esaterako, hotza alde batera utzi nahian kalera irten gabe, egun osoa bertan igarotzen dutenak.
Orain arte azaldutako guztia ondo irakurri ondoren, burura datorkigun lehenengo galdera honakoa da:komertzioaren garapen honek onurak baino desabantaila gehiago al ditu? Egia esanda, gauza guztiak bezala bere alde onak eta txarrak ditu.
Alde batetik, leku berdin batean beharrezkoa duzun guztia erostea askoz erosoagoa izateaz aparte, lanpostu berri ugari sortu ditu langabezian zeuden gazteentzat. Hala ere, toki hauek ekarri duten ondorio nabarmenetako bat betiko denda txikien desagerpena da. Gero eta gutxiago dira esaterako, oihala saltzen duten dendetara jotzen dutenak. Konpetentzia. Beste hitzik ez dugu behar denda hauei gertatzen zaiena azaltzeko. Ezinezkoa egiten zaie haiek baino mila aldiz indartsuagoa den erraldoi baten aurka borrokatzea.
Beste alde batetik, garapen honek eragin handia izan du gure bizimodu eta harremanetan. Erosle–saltzaile arteko harremanak izugarri handiak ziren lehen eta betiko lagunak balira bezala edota, hobeto esanda, auzokide moduan hitz egiten zuten beraien artean. Gaur egun, ordea, gero eta hotzagoak bihurtzen ari dira harreman horiek. Segur aski, denda handietan dagoen langile kopuru altuaren ondorioa da, egunero pertsona ezberdin batek produktua salduz gero, ezinezkoa egiten zaigu dendari guztiak ezagutzea.
Azken finean, komertzioaren garapenak aurrera jarraituko duela da argi daukagun gauza bakarra. Eta zer izango da hurrengoa? Erosketa guztiak etxetik egitea? Internet–en bidez hasiak baikara hau egiten. Baina, nork daki zer dakarkigun etorkizuna...