419 Zenbakia 2007-12-07 / 2007-12-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Iruña-Veleian aurkitutako lekukoak

RUIZ DE ALEGRIA, Igone

Duranako Ikas-Bidea ikastetxea



Pasa den udan Arabako Iruña-Veleia aztarnategian III. eta VI. mendeen artekoak izan daitezkeen euskal hitz batzuk aurkitu zituzten etxe bateko zimenduetan eta hezurrezko hainbat hondakinetan. Aipatutako hitzak ezagutzera eman zituzten Henrike Knörr eta Joaquin Gorrotxategi filologoek, eta Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendariak. Henrike Knörr filologoa bat dator egiten ari diren ikerketekin eta hauen orain arteko emaitzekin. Joaquin Gorrotxategik, Linguistika Indoeuroparraren katedraduna, berriz, ikerketa gehiago egin behar direla dio.

Arabako aztarnategi horretan topatutako hitzak talde desberdinetan sailka ditzakegu. Eskola eta ikasketa munduarekin zerikusia dutenak, eguneroko bizitzan erabilitakoak, Egiptoko historiarekin zerikusia gordetzen dutenak edota kristautasunarekin lotuta dauden hitzak topa daitezke. Horrek guztiak adierazten digu hitzak aurkitu diren etxean bizi zen familia estatus handikoa zela bere hezkuntza maila altua baitzen. Gainera, ikertzaileek aurkikuntza horretan kristautasunari egiten zaizkion erreferentziei eta sekuentziei erreparatuz, III. mendea oso gatazkatsua izan zela baieztatzen dute.

Euskararen jatorriarekin lotura gordetzen duten hitzak aztertuz, bi multzotan bana ditzakegu. Alde batetik arruntak daude, non zuri, urdin, gori, isar... bezalako hitzak aurki daitezke. Bestetik, erlijio kutsukoak ditugu, hala nola, Iesus, Ioshe ata eta Miriam ama. Aipatutako hitz horiek guretzat ere ulergarriak direnez gero, badakigu euskarak ez duela garapen handirik izan, gaur egun erabiltzen diren hitzekin alderatuz, aldaketa handirik jasan ez dutelako. Arlo hori izan da batez ere filologoen artean oso eztabaidagarria bilakatu dena. Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Ikerketa horiek euskaldunei eta munduari ezagutarazteak komunikabideen informatze nahia areagotu du. Dena den, informazioa plazaratzeak ikertzaileei bere lanean traba egiten die eta aurkikuntzak egin eta denbora gutxira komunikabideek egindako filtrazio eta emandako datu txarren ondorioz, ikertzaileek esan dute bere lan eta ikerketak amaitu arte ez dietela komunikabideei daturik jakinaraziko. Ikerketa horiek piztu duten jakin mina dela eta, badira bere iritzia ematera ausartu direnak; adibidez Juan Santos, Aintzinako Historiaren katedraduna. Honek ez du sinesten Arabako aztarnategian eginiko aurkikuntzek horrenbesteko garrantzia dutenik, oraindik hitz hauek euskararen inguruan aurkitu diren lehen hitzak direla ikerketek egiaztatu ez dutelako.

Beraz, lehen azaldutako guztia ikusita, honako ondorio hauexek atera ditzakegu. Hasteko, aurkikuntza garrantzitsuak dira orain arte aurkitutako zaharrenak izan daitezkeelako. Jarraitzeko, eta hori egia izanez gero, euskararen jatorrizko oinarria Araban kokatuko litzatekeela. Eta amaitzeko, esan beharra dago komunikabideetan agertu diren hainbat iritzi pertsonal desegokiak izan direla oraindik ere ikertzaileek datu asko ziurtatu eta azaldu behar dituztelako.