Euskonews Gaztea
Gaiak: Azokako datu bitxi batzuk
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Aurtengo Durangoko Azokak zenbait berezitasun izango ditu eta horietariko batzuk jasoko ditugu Euskonews Gaztearen orrialde honetan.
Hasteko, berrogeita bost lanetatik Igotz Ziarreta meñakarrak egindako kartela aukeratu dute edizio berri honetarako. Eta ba al zenekien bertan Olentzero gure oparia zein izango den erabakitzen agertzen dela? Eta biluzik gainera? Izan ere, aurtengo leloa Jantzi euskara da. “Idazleak bere arima biluztu eta gurekin partekatzen duen tokia” baita azoka, spot honek dioen bezala.
Bestalde, umorea izango da azoka honetako ardatz. Hala, azokaren 42. irekieran Vaya Semanitako aurkezlea den Andoni Agirregomezkortak hartuko du parte. Noiz? Abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan.
Etxeko gaztetxoenek ere badute nola dibertitu Durangon. Izan ere beraientzako gunean Olentzeroren bisita jasoko dute, esaterako. Gaztetxoek eskutitz bana idatziko dute eta Olentzerok bat aukeratuko du; zortedunak eskatutakoa etxean jasotzeko aukera edukiko du....
Goazen geografiarekin. Ba al dakizu non dagoen Georgia? Bada, Europako ekialdeko herrialde bat da, Itsaso Beltzaren ertzean kokatuta dago, zehatzago esanda. Ba aurten Georgiako literaturgintzan haur eta gazte literaturan nagusitzen diren idazle batzuk gonbidatu dituzte Durangora, euskal georgiar talde Ertobak eta Euskal Idazleen Elkarteak hain zuzen ere. David Turashvili, Nugzar Tsikaluri eta Tamar Ebralidze dira beraien izenak eta hauekin solasaldia egingo dute abenduaren 8an eguerdiko 12etan. Hitzordu kuriosoa literaturaren maitaleentzat.
Amaitzeko, zuzeneko emanaldiei buruz hitz egingo dugu. Plateruena Kafe Antzokian askotariko kontzertuak antolatu dituzte, eta esaterako, Gaztelupeko Hotsak gaua egingo da abenduaren 6an gaueko 22:30etatik aurrera. Petti, Surfin Kaos eta Uek arituko dira. Mikel Urdangarin abenduaren 7an eta Ken 7 hilaren 8an, ordu berean. Goseren zuzenekoarekin itxiko dute azokako musika eskaintza, abenduaren 9an.
Durangora ez gerturatzeko aitzakiarik ez duzu, askotariko kontuak aurkituko baitituzu bertan abenduaren 5etik 9ra bitartean. Ez huts egin!