417 Zenbakia 2007-11-23 / 2007-11-30
Agurain, Arabako lautadan dagoen herri zahar bat da, 750 urtekoa. Urtean zehar jai asko ospatzen dira, batzuk oso ospetsuak, beste batzuk ez horrenbeste. Agurainen ospatzen diren jai berezienak hauexek dira: San Joanetako danborrada, San Joan bezperan makalaren landatzea, San Joan Degollado delako sua, San Martin, Lardero, Sallurtegi eta Andra Mari Arrosarioko festetako feria. San Joanada
Ekainaren 23an San Joango elizatik eguerdiko ordu batean kanpaiak jotzen dituzte, udaletxetik suziriak botatzen dituzten bitartean. Kale nagusitik txistulariak joaten dira San Joanada joz.
Arratsaldean izen bera duen elizan, hots, San Joango elizan “Benedictus” abesten dute, hiru ahotsetan kantatzen delarik. Bertan, “San Joaniko”–ren irudia sartzen dute.
Arratsaldeko bederatzi eta erdietan dantzak egon ohi dira txistularien eta musika bandaren eskutik. Dantza bukatzean, makalaren bila joaten dira aguraindarrak. San Joan enparantzaraino eramango da zuhaitza, kokatua izango den lekura.
Hurrengo eguneko goizeko zazpietan, korporazioa Arrizabalagara joaten da zaldiz. San Joango danborrada
Traktoreetako erremolkeetan, karrozak egiten dituzte Aguraingo koadrilek. Desfilea bukatu ondoren, sariak banatzen dituzte, eta hau amaitutakoan, danborrada hasten da. Umeek herria zeharkatzen dute danborrak joz. Rosario enparantzatik ateratzen dira eta Santa Maria plazan amaitzen da. Umeek danborrada bukatzen dutenean, gozokiak ematen dizkiete. Makala landatzea
San Joan bezperan moztutako makal bat, San Joan enparantzara igotzen dute, eta hainbat gizonen artean altxatzen dute. Zuhaitza, plaza erdian landatzen da. Ondo landaturik dagoenean, jendea igotzen da, eta behean geratzen diren pertsonak makal inguruan dantzatzen dute. Aste bat inguru egoten da San Joan enparantzan landaturik. San Joan Degollado
Abuztuaren 29an pizten da sua, San Joan Degollado delako egunean. San Joan enparantzan sua egiten da, hamaikak aldera. Hamar eta erdietan antzerki talde batek suari buruzko antzezlan bat egiten du, eta gero, antzezleek egurrei su ematen diete. Sua nahiko itzalirik dagoenean, umeak suaren gainetik saltoka hasten dira. Festa sua itzaltzen denean bukatzen da, baina gazteek tabernetan jarraitzen dute. Sallurtegi
Sallurtegi edo “Sallurti” baseliza arrunt bat da. Aguraingo ekialdean, kilometro batera kokatua dago. 1025eko dokumentu batean Hagurahin eta Sallurtegui batera agertzen dira. Sallurtegiko birginaren erromeria, pazkoko bigarren egunean ospatzen da eta gure herriko ohitura zaharrenetarikoa da. Festa honen hasiera, 1597an kokatzen da. Erromerian Auroraren abestia azpimarratu behar da, herriaren ohituretatik biziraun duen bakarra da. Arrosarioko Andra Mari
Arrosarioko Andra Mariren festarekin batera Agurainen azoka bizi–bizi bat ospatzen da; dirudienez, lurraldeko azokarik zaharrena da, bere jatorria 1.395. urtean kokatzen baita. Denborak aurrera egin ahala, Arabako nekazaritzaren erakusleiho bihurtu da, eta bertan, ardi eta behi–aziendaren erakusketa bat, gastronomia–azoka bat eta zaldi–aziendaren eta artzain–gazten lehiaketa probintzialak egiten dira.
Aurten, 2007an, azokaren 611. edizioa ospatu da, urteko egunik ospetsuena eta bereziena. Talo, gazta eta beste gutizia gastronomiko batzuen usainak gosea ireki zien aurtengoan ere Kale Nagusitik pasatzen zirenei. Santa Maria enparantzan Idiazabal gazta lehiaketa ospatu zen, San Jorge auzoan ardi, behi eta zaldi–erakustaldia ospatzen zen bitartean. Zaldi–lehiaketa; Foruen Kalean arropa eta artisau lanak... Egun honetan, gazta nola egiten den ikasteko aukera ere egon zen.