Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Uxue Alberdi. Bertsolaria: Gozamenerako hizkuntza euskara dut, tristurarako edo amorrurako hizkuntza ere euskara dudan bezala
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Ekain Velez de Mendizabal
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzaren bideoan hartu duzu parte. Zer moduzko ideia deritzozu?
Uste dut ezer ez dagoela soberan. Horrelako ekimen guztiak ondo daude, baina nik uste, garrantzitsuena ez direla aldarriak edo zerbaiten aldeko edo kontrako egunak. Eguneroko jardunak bilakatzen du hizkuntza bat erakargarri eta beharrezko. Nik gozatu egiten dut, eta gozamenerako hizkuntza euskara dut, tristurarako edo amorrurako hizkuntza ere euskara dudan bezala. Hizkuntzak leihoak edo betaurrekoak dira, eta hizkuntza bakoitzari esker mundu asko deskubritu daitezke, baita betiko munduari begiratzeko modu berriak aurkitu ere. Nik ez dut euskara konplexutik edo militantziatik bizi, nire bizitzeko modua da, eta asko ematen dit.
Zer izan da Haizearen Orrazian abestu eta grabatzea?
Polita izan da, lekua ederra da, eta gustura egin nuen.
Euskara bitartez mundura. Bada esaten duenik gure hizkuntza oztopo izan daitekeela munduan zehar mugitzeko (eta ez horren urruti ere, etxean bertan...)
Hizkuntza bat ez da sekula oztopo. Norbere burua ulertzeko balio digun momentutik bada zerbait! Asko da. Gainera, Txinara bazoaz berdin da alemaniarra zaren ala euskalduna, beste modu batzuk topatu beharko dituzu komunikatzeko. Hizkuntzak ez dira tresna soilak, munduari begiratzeko moduak dira, eta mundu-ikuskerak ezin dira traba izan. Denok hizkuntza bakarra bagenu, denok bagenitu esaldi forma berberak gauzak adierazteko... orduan ezingo genuke desberdin pentsatu, eta mundua erabat tristea litzateke.
Gainera, horrelakoak esaten dituen jendeak arazo bat du, eta ez guk. Nik ez dut konplexurik euskalduna izateagatik! Gure hizkuntzak beste hizkuntzek adina funtzio betetzen ditu, ez gehiago eta ez gutxiago, eta hain txikia, zaharra eta bitxia izateak balio handiagoa ematen dio oraindik. Niri ikaragarri gustatzen zait gure hizkuntza.
Euskara txikia da, euskara zaharra da... Nola ikusten duzu bere etorkizuna?
Txikia eta zaharra izatearena berez ez da arazo. Nik ez dut gure hizkuntzak 40 milioi hiztun izatea behar euskara baliagarria eta kontuan hartzeko moduko hizkuntza dela pentsatzeko. Jende ezjakin asko dago eta botereetatik ere hizkuntzak positibatu edo estigmatizatu egiten dira. Pertsona askok ez dute ikusten hizkuntzen balioa, aberastasuna. Ez dute ikusten hizkuntzak kultura baten pentsatzeko eta sentitzeko modua adierazten duela; hizkuntza batean ikus daitekeela zer den giza talde batentzat garrantzitsua eta zer ez. Hizkuntza batek adierazi dezake gizarte bat nola kokatzen den munduaren aurrean... Hizkuntza txikien kontra egiten dutenak ezjakinak dira edo, hori guztia jakinda ere, gorrotoak bizi ditu, eta kultura edo giza talde horiek desagerraraztea eta historiatik ezabatzea dute helburu.
Noiztik daramazu bertsolaritza munduan?
Munduan? Nik bertsolaritza barruan daramat. Nire parte da, eta nire parte den heinean nirekin doa noan tokira noala. Ezagutzen ditudan pertsona, toki eta kulturetatik ahalik eta gehien jasotzen saiatzen naiz, eta nik nire burua konplexurik eta arazorik gabe erakusten dut: nire hizkuntzarekin, nire afizioekin eta amorratzen nauten gauzekin. Bidaiatzea da nire afizio handienetako bat, eta erabat sorgintzen nau elkartruke horrek.
Zein girotan abesten duzu erosoen? Eta norekin?
Edozein girotan abesten dut gustura, giroa bera ona bada. Bertsokide asko eta asko lagun minak ditut, eta haiekin oso eroso abesten dut. Baina edozeinekin abesten dut pozik, denok baitugu elkarrekin zer ikasi eta zer gozatu. Gainera, bertsolaritza ez da abestea bakarrik: familia handi bat bezalakoa da. Kotxeko orduak konpartitzen ditugu, otorduak, nerbioak, pozak eta penak... Gozamena da, egia esan. Zortedun sentitzen naiz.
Nola animatu dezakegu jendea euskara erabiltzera?
Xabi Payak aipatu zuen lehengoan: jendea euskarara hurbildu nahi baduzu, ez ezazu euskara aipatu. Aipatu ezazu beste edozer euskaraz. Ez hizkuntza bera. Euskarak mila ate zabaltzen ditu, eta ondorioz, ate horiek hurbildu behar zaizkio jendeari. Pentsatu dezatela “jo, euskaraz jakingo banu... bertso-saio horrekin gozatu ahalko nuke, antzezlan hori ikusi ahalko nuke, koadrila horretan integratu ahal izango nuke, liburu hori irakurri ahal izango nuke, pankarta horrek dioena ulertuko nuke, kanta horrekin barre egin ahal izango nuke, mutil horrekin maitemindu ahal izango nintzateke...” Asko dugu eskaintzeko, beste guztiek bezala. Ba, igarri dadila! Uxue Alberdi (Gipuzkoarra) Elgoibarkoa da bertsolari gazte hau. Bertsolaritzan, 2007. urteko Gipuzkoako Txapelketako finaularrekoa jokatuko du. Gainera, idazle lanetan ere aritu da elgoibartarra, 2005eko Igartza Saria jaso zuen, Aulki bat elurretan izeneko proiektuarekin.