415 Zenbakia 2007-11-09 / 2007-11-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bilbo eta industria

COBELA GARCIA, Jorge

Begoñazpi Ikastetxeko lantaldea



Industria iraultzaren garaian hainbat enpresa, burdin meategi, fabrika eta ontziola zeuden. Hiriari maila ekonomiko altua eman ziotenak. Bilbo estatu mailako gunerik aurreratuena izan zen Katalunia eta bestelako guneekin batera. Bilbo enpresa askoren sorburua izan zen, Iberduero, Banco de Bilbao, Banco de Vizcaya, Seguros Bilbao, Bizkaiko Labe Garaiak eta ontzigintza inguruko hainbat enpresa bertan hasi ziren. Labe Garaietako irudi bat.

Bilbora gero eta etorkin gehiago zetorren bitartean, hiriak hazteko tokia behar izan zuen. Horretarako beste bi elizate anexionatu ziren, Deustu eta Begoña. Frankoren diktadura garaian, zehatzago esanda 1940ean Erandio, eta urte batzuk beranduago Sondika, Loiu, Lezama, Zamudio eta Derio (Asuako Haran osoa). Azken herri hauek 1981ean lortu zuten Bilbotik banatzea eta, gaur egun, Bilbotik bananduta jarraitzen dute. Hiriko biztanleria izugarri hasi zen eta Bilbo pertsona askoren jomuga bilakatu zen, lana erraz lortzen zelakoan.

Abando eta Alde Zaharraz gaindi, langile auzo berriak eraiki ziren. Inolako plangintzarik gabe eraiki zituzten bloke asko (Errekalde, Santutxu, Zorrotza, eta beste hainbat auzo, esaterako). Dena dela, salbuespenak ere bazeuden, San Inazio auzoa esaterako, bertan kale zuzenak eta eraikin ordenatuak dira nagusi. Urbanismo kaotikoaz gain, txabolismoa asko zabaldu zen Bilbo inguruko mendietan. San Inazio, La Peña eta Errekaldeko auzoetan esaterako.

Bizitzeko duinak ez ziren etxebizitza hauek ordezkatzeko ahaleginak egin zituzten garai hartako gobernu eta udaletxeak, horretarako txaboletako biztanleak Otxarkoagako auzoan eraiki zen “etxe merkeen” auzo berrira eraman zituzten 1960. urtean. Dena dela, etxe hauen kalitatea eta zerbitzu falta ikaragarria zen, eta horrez gain, hirigunetik oso urruti zeuden. Horregatik, ondorengo hamarkadetan, auzo hauetako bizilagunen bizi–kalitatea hobetzeko hainbat ekimen egingo ziren. Krisialdia eta gainbehera

Hazkunde ekonomikoak muga izan zuen eta petrolioaren krisialdiak eta industria astunarekin batera, hiriak gainbehera hasi zuen inguruko eskualde guztiek bezala. Aurreko urteetan ez bezala, kontrako prozesua suertatu zen, enpresek ez zuten behar horrenbesteko langilerik, eta produkzioa beheraka joan zen. Enpresa askok ateak itxi zituzten eta Bilborako immigrazio itzela, emigrazio bihurtu zen.

Honi gehitu behar zaio, 1983an Bizkaia osoan egondako uholde larriak. Hildako eta kalte material ugari sortu zituen. Bilboko Alde Zaharra oso kalteturik suertatu zen. Askok diote uholde hauek izan zirela Bilboko eraberritzea hastea posible egin zutenak, pixkanaka eraikinak berritzen joan zirelako eta nolabaiteko “erreakzio” edo erantzuna gertatzea posible egin zutelako. Berritzea eta azken urteak

Eraberritzeko proiektuak dozenaka dira Bilbo guztian. Metro berria (1995), aireportua, Guggenheim Museoa (1997), Euskalduna Jauregia... Nazioarteko hainbat arkitektoren bidez eta Guggenheim Museoaren mundu mailako famaz baliatuta, gaur egungo Bilbok gero eta gehiago dauka herri turistiko baten antza, antzinako itxura industriala atzean utziz.

Horrez gain, gune zaharkituak berreskuratzen ari dira, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko esaterako. Etxebizitza berriak eraikiz zaharren ordez, eta jarduera kulturalak sustatuz, ingurune “bohemio” bat eratu nahian. Bilboko alderdi hauek berritzeko lanak 1998an hasi zirenean, etxebizitza askok ez zeukaten ez komunik ezta ur berorik ere.

Abandoibarrako gunea eraberritzeko lanetan ari dira orain, errekaren inguruan lehen industrialak ziren lurrak biztanleriarentzako berreskuratzen. Uribitarten Arata Isozaki arkitekto japoniarrak bi dorre eraikitzen dihardu, Isozaki Atea. Eta Abandoibarran bertan Cesar Pellik 165 metroko dorre bat egingo du Iberdrola euskal konpainiarentzat.

Etorkizunera begira hainbat erronkei aurre egin beharko dio Bilbok. Leku faltaren arazoa gero eta handiagoa da, eta horrekin batera etxebizitzen prezioak goraka doaz. Bilbok hazteko daukan aukera bakarra, antzinako gune industrial zaharkituak eraberritzea da. Horretarako, udalak bi gune industrial berreskuratzeko planak egin ditu, Olabeaga eta Zorrotzaurre. Garrantzitsuena Zorrotzaurreko auzo berria izango da, 5.300 etxebizitza berrirekin. Hamabost urteko epean 10.000 etxebizitzatik gora eraikiko dira, horietako asko, babes ofizialekoak.