414 Zenbakia 2007-11-02 / 2007-11-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Monar... zer?

AZKARZABAL, Luxio



Pil–pilean ari da espainiar estatuan monarkiaren gaineko eztabaida. Polita, alde guztietatik, baina batez ere erakunde anakroniko baten oinarria bera zalantzan ipintzen ari delako. Ikastolan aipamenen bat edo beste aditu genuen erregeen gainean, baina gutxi. Gainera, ez genuen ezertxo ere ulertzen. Etxean, aldiz, gehiago hitz egiten zuten gure gurasoek, gehienetan kritikatzeko eta erret sendiaren kideak barregarri uzteko. Labur esanda, estatu monarkiko batean jaio ginela jakin gabe igaro genituen haurtzaroa eta nerabezaroa.

Bizitzaren ezkutuetara agertzen zarenean, ordea, hainbat gauzen artean, monarkiaren izaera kontraesanez beterik dagoela konturatzen zara. Zertara dator men egin behar izatea, berez ezelako meriturik ez duen pertsona baten aurrean? Nik men, soil–soilik, beren giza balioengatik nabarmendu direnen aurrean egiten dut Zergatik ongarritu behar dira errege–erregina bikotearen inguruko bazterrak denon diruarekin?

Munduko monarkia guztiak antzerakoak dira. Salbuespen duin batzuekin, gizon–emakume aurkeztezin baldarrez osatuta daude, aldizkarietako pertsonaiak bihurtuta; jaiotzen direnetik zerraldoan daramatenera arte. Eta, hori gutxi balitz, lanik egitea zer den ez dakiten horietakoak ditugu. Hori bai, hileroko soldata guk denok ordaintzen diegu.

Errege–erreginak ez ditugu hautatu. Eta, hala ere, balizko herri kontsulta batean nik behintzat ezetz borobila emango nioke halako inkongruentzia bati. Hori bai, estatuko indar faktiko batzuetatik ? zenbait hedabideetatik, kasu– abisatu digute espainiar konstituzioa aldatu beharko litzatekeela... monarkiaren jarraipena ziurtatzeko, sendi horretako haurtxo baten sexua dela eta ... Horrelakorik!