413 Zenbakia 2007-10-26 / 2007-11-02
Euskal pilota Euskal Herriaren kirol eta kultura arloetan oso garrantzitsua izan da: gure herriaren nortasun ezaugarria da eta.
Hasiera batean, esku pilotaren jokoa ez zen gure herrira soilik mugatzen. Izan ere, kirol honek sona handia izan zuen gure mugetatik kanpo. Hainbesteraino, non, mendeetan zehar, jokoa munduko txoko askotan famatua izan zen. Kirol ospetsua zalantzarik gabe. Hala, historiari laburpen arin bat egiteko, ondo dator gogoratzea, antzinako erromatarrek, grekoek, aztekek, edota Egiptoko herriak berak ere, bazituztela pilotan jokatzeko beraien modu partikularrak. Argazkia: Z.V.M.
Gugandik hurbilago dauden beste kultura batzuetan, adibidez Frantziakoari dagokionez, esku pilota “paume” izenarekin ezagutzen dute. Horrek esku-ahurra esan nahi du.
Historian zehar, adibide eta pasarte ugari egon dira kirol honen garrantzia erakusten dutenak. Zehatzago hitz eginez, Felipe Ederra erregearen garaian kirol horren praktika ohikoa zen. Errege horrek zaletasun handia omen zeukan pilotara.
Era berean, adibide berriagoen artean, pilota gure kulturan oso barneratuta dago eta hainbat gauzetarako inspirazio-iturri izan dela aurkitzen dugu. Hala, Goyaren koadro batzuk seinala ditzakegu esaterako, zeinetan pala bat agertzen da harresiaren oinean eta hari eusten dion pertsona joko-posizioan dagoen.
Pilotaren garrantziaren beste adibide argi bat historiak uzten dizkigun pasarteetatik ateratzen dena da. Liburuek diotenez Parisen pilotak egiten zituzten hamahiru industria zeuden garaian, zortzi liburu-denda bakarrik zeuden eta denda bakarra idazteko tinta saltzen zuena.
Lehenago esan dugun bezala, euskal pilota izan da eta oraindik ere bada gure herri kulturaren adierazpen garrantzitsuenetarikoa. Ez dugu ahaztu behar kirol hau, bere baitako ezaugarriengatik eta duen izaera bereziarengatik pribilegiozko lekua izan duela herri-kirolen artean eta oso barneratuta egon dela jendearen artean. Halaber, gehitu behar dugu euskal pilotaren presentzia nabarmendu egin dela gure kulturan: aski da gogoratzea plaza, herri, udal edo eliza bakoitzaren alboan frontoi bat eraikitzen zela monumentu gisa.
Historian zehar, pilotan jokatzeko moduak ugariak izan dira. Hain zuzen ere, joko zuzena, bote-luzea, laxoa, mahai-jokoa, pasaka eta errebotea aipatu behar dira. Horiek guztiak talde-jokoak ziren.
Bote-luzea gune irekietan jolasten zen eta horietan artzainek bikotetan jokatzen zuten. Gainera, gaur egun ere pilotan aritzeko modu hori ikusi dezakegu bai Iparraldean eta baita Hegoaldean ere. Beste modu hedatuenetako bat laxoa zen eta udako jaietan egiten zen. Horretarako erremintak eta eskularruak erabiltzen ziren. Pasaka deritzona da aterpe itxietan edo goi-klaseetako edo moduko pertsonentzako erreserbaturiko trinketetan jolasten zena. Azkenik, errebote modua dago: zuzeneko jokoen artean taldeka egiten diren artekoa da. Ogueta pilotaria. Talde ofizialak
Gaur egun, euskal pilotan bi talde nagusi daude: Aspe eta Asegarce. Bi hauek liga pribatu bat sortu zuten, marko iraunkor eta orokor bat eratzeko helburuarekin. Ligaren izena Esku Pilota Enpresen Liga(EPEL) deitzen da. Pilota federakuntzak hainbat txapelketa egiten ditu, bai lehenengo mailan nahiz bigarren mailan ere. Adibidez lau eta erdiko txapelketa, eskuz banako txapelketa edota binakako txapelketa egiten dute urtero. Ogueta pilotaria
Jose Maria Palacios Moraza, Ogueta, 1935.urteko irailaren 2an jaio zen Gasteizko Arana kalean. Bere aitak igeltsero bezala lan egiten zuen. Oguetak sei urte zituenean familia Bernedora joan zen bizitzera; han hasi zen pilotan jolasten. 13 urte zituenean zuriz jantzi zen lehen aldiz partidu bat jolasteko eta 16 urterekin Espainiako txapeldun bilakatu zen.
Eskuz eskuko txapelduna izan zen bi urte jarraian, 1958 eta 1959. urteetan hain zuzen ere. Oguetaren denboran, frontoiak bete egiten ziren eta bertan hasi ziren emakumeak partiduak ikustera joaten. Benetan famatua egin zen binakako partiduetan erakusten zuen bere jokoaren edertasunagatik eta El Ciclon Alaves izan zen jarri zioten azpi izena. Oguetak egiten zuen jokaldi hoberena kako edo gantxoa zela esaten dute.