412 Zenbakia 2007-10-19 / 2007-10-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskararen gorabeherak Nafarroan

ELIZONDO, Amaia



Urte asko daramatzate Nafarroako Ikastolek euskararen alde egiten. Hala, aurten, Nafarroa Oinez festa antolatu du Vianako Erentzun ikastolak. Erentzun Ikastola. Argazkia: weborritik hartua.

Oztopo guztien gainetik ikastolak, gazteak, helduak, euskaltzaleak eta euskaraz hitz egin nahi duten guztiak egoerari aurre egiten saiatzen dira egunero. Izan ere, euskara ez da hizkuntza ofiziala Nafarroa osoan. Euskaraz hitz egiteko eskubidea badute herritarrek, baina askotan zaila da euskaraz mintzatzeko kideak aurkitzea.

Euskararen bide zail horretan Nafarroako ikastolen lana ez da nolanahikoa. Administrazioaren laguntza handiegirik gabe, milaka haurrek euskaraz jasotzen dituzte eskolak. Nafarroako iparraldean herri oso euskaldunak aurki daitezke, baita erdialdean ere. Hegoaldean biztanleek askoz gutxiago hitz egiten dute gure hizkuntzan. Dena dela, ikastolak lurralde osoan zehar daude. Duela hogei urte pasatxo hasi ziren ibilbide zail horri aurre egiten.

Nafarroako Ikastolen Elkartea sortu zenean, ikastolak sortzea zen helburu nagusietako bat. Egun, hamabost ikastola daude gutxi gorabehera Nafarroako herri ezberdinetan. Hala nola, Tuteran, Vianan, Tafallan, Iruñean, Lesakan, Beran edota Irunberrin aurki daitezke ikastolak. Lan handia egin behar izan dute hauek aurrera ateratzeko, baita umeak biltzeko ere. Ikastolen helburu nagusiak Argazkia: weborritik hartua.

Eskola guztietan ematen diren baloreez gain, Nafarroako Ikastolek umeek euskaraz ikas dezaten nahi izan dute betidanik. Helburu horri eusteko, Nafarroa Oinez antolatzen dute urtero. Izan ere, jasotzen dituzten laguntzak urriak dira eta eraikinen eta ikastoletako materialen gastuei aurre egin behar zaie. Dena dela, Nafarroako Ikastolako elkarteko kideak pozik daude. Geroz eta ikastola gehiago daude eta geroz eta haur gehiago matrikulatzen dira euskarazko ikastoletan.

Ikastolen jaialdiez gain, Nafarroan euskararen alde ekitaldi ugari egiten dira urte osoan zehar. Euskarari buruzko zikloak, euskararen egunak edota euskarazko hitzaldi eta bideo emanaldiak antolatzen dituzte zenbait elkartek. Jende askok euskara lehen hizkuntza bezala erabiltzen du. Horrez gain, Nafarroako herri askotan euskara hutsezko komunikabideak ere badituzte. Irratiak, telebista kateak edota herri aldizkari ugari daude euskaraz.

Igande honetan ere euskararen aldeko pertsona ugari bilduko dira Vianan. Kontzertuak, erakustaldiak eta jai giroa nagusi izango dira egun osoan zehar. Festa prestatzen hilabete asko daramatzate eta dena ondo atera dadin nahi dute. Egingo duten guztia euskararen alde egingo dute, beren hizkuntza bultzatzeko, hain zuzen ere.