411 Zenbakia 2007-10-12 / 2007-10-19

Euskonews Gaztea

Taldea: Mendiko Tximeleta Beltzarana

ADEVE

ADEVE

Nola ezagutu?

Mendiko tximeleta beltzaranak hegoen goiko aldea arre iluna du eta ertzetan lunula laranjak ageri zaizkio. Aurrekoek disko-puntu belzkara dute. Hegoen beheko aldea marroi argia edo arre grisaxka da; disko-puntu beltzak ditu zuriz inguratuta. Halaber, puntu submarjinal gorri-laranjekin orbanak ditu.

Tamaina

Aurreko hegoek 12-14 milimetro neurtzen dituzte eta hego-luzera 24 eta 30 mm bitartean dago.

Biologia

Espezie honek bi belaunaldi ditu urtean. Lehenengo belaunaldiko imagoak hegan ikus daitezke apiriletik ekainera bitartean; bigarren belaunaldikoak, berriz, uztailean eta abuztuan ikusiko ditugu. Estali ondoren, emeek banan-banan jartzen dituzte arrautzak beldarrek ondoren elikagaitzat hartuko dituzten hostoen azpian. Bigarren belaunaldikoek uda iritsi arte hibernatzen dute. Beldarrak ondo garatu direnean, sarritan, inurriekin elkartzen dira eta inurritegietatik hurbil dauden landareetara eramaten dituzte. Beldarrek krisalidak zorutik hurbil jartzen dituzte, hain zuzen ere, elikagai bezala erabiltzen dituzten landareen zurtoinen oinarrian.

Elikadura

Beldarrek estrepak (Cistus), geranacea familiakoen landareak (hala nola Geranium, Polargonium edo Erodinum) eta centauracea familiakoen landareak (nagusiki, Centaurea cyunus eta Centaurus montana) jaten dituzte.

Habitata

Zelai irekietan, sastrakak ugariak diren tokietan, bizi dira. Halaber, hurrengo tokietan aurki daitezke: baso-bideetan eta zelaietan, bereziki, kareharrizko zoruetan, itsas mailatik 1.000 metroraino. Hala ere, banaketa eremuko zenbait zonaldetan 2.000 metroraino irits daitezke.

Banaketa

Espeziearen banaketa-eremua oso zabala da: Europaren hego eta erdialdetik, gutxi gorabehera iparraldeko 56°-raino, Ingalaterra eta Eskandinavia barne. Halaber, Europatik Asia Txikiraino, Iraneraino, Himalaiaren mendebalderaino, Siberiaraino eta Amur eskualderaino hedatzen da. Iberiar penintsularen hego eta erdialdean ez da agertzen, ezta Balearretan eta Irlandan ere. Euskal Herrian espezie arrunta da, nahiz eta ugaria ez izan. Araban eta Nafarroan aurki daiteke. NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.