410 Zenbakia 2007-10-05 / 2007-10-12
Sarri entzun dugu Aranzadi hedabideetan. Baina zer da?
Batxilergora arteko heziketa eskaintzen duen ikastola da. Eta igande honetan ospatuko den Kilometroak jaiaren antolatzailea ere bada.
Bergara herri euskalduna da. Baina nola ikusten duzu zuk gure hizkuntzaren egoera?
Ezagutza maila nahiko altua da Bergaran eta erabilera aldetik ikusten dut nik egoera pixka bat oker dabilela. Asko dira euskara ondo ezagutzen dutenak baina erabiltzea kostatzen zaienak. Eta esan daiteke horretan lanean dihardugula, erabilera bultzatzen. Kanpaina desberdinak egin ditugu beste ikastetxe eta elkarte batzuekin batera.
Bertakoen erabilera sustatzeaz gain, etorkinei hizkuntza berria irakasten diezue, ezta?
Bai, gure artean baditugu etorkinak, eta gaztetxoak direnez, azkar integratzen eta ikasten dute euskara.
Akaso nagusiek dute zailtasun handiagoa...
Halaxe da, bai. Geroz eta urte gehiago zailtasun gehiago. Oso txikiak badira hizkuntza modu natural batean ikasten dutela esan genezake. Adin batetik aurrera ordea, hasieran errefortzu bat jartzen zaie eta beste ikasleekin nahasten diren heinean modu naturalez bereganatzen dute hizkuntza.
Igandean Kilometroak. Zertarako erabiliko duzue lortutako dirua?
Batez ere instalazioak hobetu nahi ditugu. Momentu honetan bi eraikinetan gaude banatuta (Seminarioan eta Poligonoan). Lan batzuk egin ditugu dagoeneko, eta horiek ordaindu behar dira. Gainera, beste lan batzuk ere egiteko asmotan gabiltza.
Eta zu nola sentitzen zara eguna horren gertu egotean?
Urduritasun puntu bat dut, poza eta gogoa, dena batera. Azken urteko antolaketa lanaren fruituak ikusiko ditugulako izango da ziurrenik.
Beraz esan dezakegu azken aste hau urte guztiko txarrena dela?
Bai, zalantzarik gabe. Nahiz eta dena prestatuta egon azken ukitu batzuk ematea falta da. Gainera azken aste hau jendea gonbidatzeko eta hedabideekin egoteko aprobetxatu dugu.
Esan duzun bezala antolaketa lana eginda dago. Suposatzen dut bergararrak buru-belarri sartu direla horretan.
Halaxe da eta nire eskerrona erakutsi nahi diet antolaketa lanean aritu direnei; hau da, guraso, langile, ikasle, ikasle ohi eta baita ikastolarekin zerikusirik ez duten beste guztiei ere. Horrek esan nahi baitu ikastolaren proiektua aurrera doala.
Lanaren ostean, beraz, ondo pasatzeko momentua.
Bai, baina guk goiza protokoloko ekintzetarako erabiliko dugu. Hots, zuzendari eta juntakideok goizeko 9:30etan zinta mozketa egingo dugu, agintariekin zirkuitutik buelta bat eman eta 12ak aldera datorren urteko antolatzaileei, Irurako Ikastolakoei, testigua pasatuko diegu. Ondoren, arratsaldean kontzerturen batera gerturatzeko aukera izatea espero dut. Mota guztietako musika atsegin dudanez, oraindik ez dut erabaki zer ikusi.
Protokoloa aipatu duzula, ez zara gaueko soinekoz etorriko, ezta?
Ez! (barre) Kilometrotako kamiseta eta arropa erosoa soinean etorri behar da festara!
Eroso ibilbidearen sei kilometro eta erdiak egiteko.
Hori da. Baina hala ere aipatu behar da ia zirkuitu guztia herritik barrena izango dela. Ibilbide lau baten bila aritu ginen, jende guztiak aukera izan dezan parte hartzeko eta Bergarara ez gerturatzeko aitzakiarik izan ez dezaten. Bide batez, herria ezagutzera emateko aukera paregabea da. Aurtengo logoa eta leloa.
“Errespetua” hitza bolo-boloka dabil egunotan Kilometroei buruz hitz egitean.
Bai. Izan ere norberarekiko, naturarekiko eta besteenganako errespetua sustatu nahi izan dugu. Aurtengo jaialdiko bigarren lelo bat ere bada “Primeran pasa pasatu gabe” eta kanpaina horren barruan ideia horiek sendotu gura izan ditugu. Ondo pasa baina besteak errespetatuz, osasuna eta natura zainduz...
Kanpaina hori baina, egun bakarrerako al da?
Ez, urte guztian zehar eragin dugun kanpaina da. Ikastetxeak ikasleengan kontzientzia sortu nahi izan du. Eta balorazio positiboa egin dugu. Gainera beraien herrian egonda gure gazteak eredu bilakatzea espero dut.
Baina gazteak ez dira errespetuz aritu behar diren bakarrak, ezta?
Halaxe da. Gehienetan beraiei egozten zaie ardura bakarrik, eta denona dela gogoratu behar dugu.
Hemen duzu aukera jendea igandean Bergara etor dadin animatzeko... Urte honetan zehar ilusioz aritu gara lanean dena ondo atera dadin eta adin guztientzako ekintzak antolatu ditugu. Gainera, ikastolaren proiektua bultzatu nahi baduzue, gurekin jai giroan ongi pasatzera etor zaitezte! Patricia Urrutia (Bergararra) Patriciak bederatzi urte egin ditu aurten Aranzadi Ikastolaren zuzendari karguan. Igande honetan Bergaran ospatuko den Kilometroak jaia ikastola horrentzako dirua biltzeko helburua izango du. Urtebeteko lanaren ondoren, jai-giroan murgilduko da Bergara.