409 Zenbakia 2007-09-28 / 2007-10-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mariasun Landarekin hizketan

DIAZ, Idoia GONZALEZ, Ane IRAZOKI, Irati

Biurdana Ikastetxeko Lantaldea



Iruñeko Biurdana Ikastetxean urtero ospatzen dute Irakurketa Eguna. Bertan, Mariasun Landa omendu zuten aurten, eta berari elkarrizketa egin zioten Euskonews Gaztean argitaratzeko. Hemen duzue emaitza:

Gogoratzen al duzu idatzi zenuen lehenengo istorioa?

Nire literatur zaletasuna nerabezarotik datorkit.15-16 urterekin idatzi nahi nuela ohartu nintzen eta idatzi nituen ipuin batzuk. Denborarekin liburu bat egitea pentsatu nuen. Hamabi ipuin garbira pasa, ilustratu, azala jarri eta nire anaiari eskaini nion. Hauxe izan zen nire lehendabiziko liburua. Horko ipuin batzuk oraindik gogoan ditut. Gaur egun ez nituzke ipuin horiek onartuko, baina garai hartakoak zirenez oso politak iruditzen zaizkit. Mariasun elkarrizketaren egileekin.

Zergatik hasi zinen euskaraz ikasten?

Nire belaunaldikook jasan izan genuen euskararekiko nolabaiteko errepresioa. Adibidez: nire gurasoak euskaldunak ziren, aiton-amonek apenas zekiten gazteleraz. Gurasoekin batera bizi nintzen herrian (Errenterian) ikastetxean den-dena gazteleraz egiten zen. Gaztelera ikasi eta gero Parisera joan nintzen estudiatzera. Han frantsesa ikasi nuen, baina beti neukan euskara ikasteko izugarrizko gogoa, konturatu nintzelako euskara ere neure hizkuntza zela, zapalduta, ukatuta zegoena, baina neure hizkuntza azken batean.

Adibide bat emateagatik: aitonarekin egoten nintzenean ezin genion elkarri hitz egin, berak apenas zekielako gazteleraz eta nik, berriz, ez nekien euskaraz. Egiten genuena zera zen: kartetan jolastea. Hori beti gelditu izan zait oroitzapen hunkigarri zein mingarri bezala. Parisen filosofian lizentziatu ondoren, euskal kulturaren alde lan egin nahi nuen. Horretarako lehenengo gauza euskara ikastea zen. Horrek eraman ninduen sortu berria zen ikastola batetan lan egitera eta han gutxienez egunero euskara entzuten nuen. Bertan urte batzuk pasa ondoren, ondo ikasi nuen hizkuntza.

Haur hezkuntza, lehen hezkuntzan edo bigarren hezkuntzako irakaslea izan zinen?

Gaur egun esango genuke Lehen Hezkuntza eta DBH. Garai hartan OHO-ko (EGB) lehenengo mailatik zortzigarren mailaraino, hau da, 14 urte arte.

Zergatik hasi zinen euskaraz idazten?

Garai hartan, nire ikasleek ez zeukaten ia ezer euskaraz, ez zegoen apenas libururik. Irakasleok gai guztietako fitxak egin behar izaten genituen. Ikastolak ez ziren gaur egungo ikastolak, garaje moduko batzuetan irakasten genuen. Ez nuen inoiz pentsatu haur literatura egingo nuenik, baina idaztea gustatu eta nire ikasleek ez zutenez ia ezer euskaraz irakurtzeko, ipuin batzuk idatzi nituen klasean lantzeko. 1980. urte inguruan, euskal argitaletxeak sortu zirenean, nire ipuinak eskatu zizkidaten argitaratzeko eta modu erraz horretan argitaratu nuen nire lehenengo liburua, “Amets Uhinak”.

Helduentzako literatura idatzi duzu?

Bai inoiz idatzi ditut eta gainera ez dut baztertzen berriro egitea. Bestalde, ipuin batzuk, gaztelaniaz eta frantsesez ditut idatzita. Baita poesia ere, gazte garaietakoa. Geroago, narratiba idatzi dut gehiago. Gaur egun artikuluak ere argitaratzen ditut Unibertsitaterako, ponentzia eta kongresuetarako. Horiek guztiak gazteleraz idazten ditut. Baina gehien bat haur eta gazte literatura egiten dut.

Lehiakortasun handia dago euskal idazleen artean?

Ezin izango nizuke galdera horri erantzun. Orain dela 20 urte idazle gutxiago ginen, eta gainera elkar ezagutzen genuen ia denok, harreman handiagoa zegoen gure artean orain baino. Gaur egun pizgarria da gazte jende asko sartu delako, eta batzuetan ez ditut ezagutzen ere. Irakurketa saioan.

Euskal idazleen artean gizonezko ala emakumezko gehiago dago?

Gizonezkoa da gehiengoa.

Zer gomendatuko zenieke idazle berriei?

Ezinbestekoa den gauza bat: asko irakurtzea eta denetik: poesia, narratiba, haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, abentura, umore beltza... Generoak pikoteatzeko, hor asko ikasten da eta. Beste gomendio bat: ez ahazteko gauza guztietan bezala bizitzan diziplina behar dela, idazten hasten denean kontzentratuta egon behar dela, azkenean poza oso handia izango delako.

Egunero idazten duzu?

Egunero ez. Pentsatzea zer idatzi behar dudan, bai, egunero. Oso garrantzitsua da pentsatzea idazten hasi baino lehen. Asteburuetan eta oporretan idazten dut batez ere.

Nondik ateratzen dituzu zure istorioetako ideia nagusiak?

Leku askotatik. Uste dut liburu batzuk atera zaizkidala nire txikitako oroitzapenetatik, sentimenduetatik batez ere. Beste iturri bat izan daiteke beste liburuak irakurtzen ari zarenean sortutako ideiak, liburu horiei erantzuteko gogoa. Batzuetan ez dakit nola bururatzen zaizkidan ideiak. Galtzerdi Suizidaren ideia bururatu zitzaidan, ez nuelako berriro animalia edo landare bat pertsonifikatu nahi. Orduan objektu bat pertsonifikatzea otu zitzaidan eta bi galtzerdi direnez, bat erromantikoa izango zen eta bestea guztiz kontrakoa. Imajinatu egin behar da, hari batetik tiratzea bezalakoa baita.

Liburu berri batean lan egiten ari zara.

Bai, horretan ari naiz. Baina bukatu arte ez dut liburuaz hitz egiten. Liburu bat bukatzen ari nintzela lagunei kontatu nien zehatz-mehatz zertaz zen eta liburu horrekin segitzeko gogoa kendu zitzaidan, dena kontatuta zegoen eta.

Uste al duzu gazteok gutxi irakurtzen dugula?

Adin batekook hori esaten dugunean ahaztu egiten zaigu zuen adina geneukanean, guk ere ez genuela horrenbeste irakurtzen. Nik uste dut lehen ez zela hainbeste irakurtzen eta liburuak izateko orain daukazuen aukerekin, gazteok beste gauza batzuei heltzen diezuela. Ez dut uste literatura baztertuta dagoenik.

Zein izan da irakurri duzun azkeneko liburua?

Anonimoa da, gazteleraz aurkitu nuen, “Una mujer en Berlin” deiturikoa, non emakume batek Bigarren Mundu Gerran Berlinen Errusoak sartu baino lehenengo egunak kontatzen dituen. Eguneroko bat da. Bere bizipenak kontatzen ditu, gainera berak ez du inoiz nahi izan bere izena ezagutaraztea. Kontakizun errealista da.

Zein genero gustatzen zaizu irakurtzea?

Ia guztiak gustatzen zaizkit: beltza, umoretsua, zientzia fikzioa pixka bat. Nire gustukoak batez ere barne sentimenduak arakatzen dituzten liburuak dira.

Biurdanako irakurketa publikoa lehendik ezagutzen al zenuen?

Entzunda neukan. Aurretik egona nintzen institutu honetan. Orain bost urte ikasle talde batekin nire liburu bat irakurri eta komentatzera etorri nintzen. Banekien Biurdana institutua bazela eta banekien horrelako zerbait egiten zela, baina besterik ez nekien.

Zer iruditzen zaizu irakurketa publikoa?

Zoragarria. Benetan literatura zaletasuna gazteen artean zabaltzen da ekitaldi hauen bidez. Ez ditugu aginduak bete behar, ezta ere gomendio hutsak. Guk behar duguna zera da: gazte jendea motibatu eta literatura ezagutarazteko ekintza batzuk egitea.

Zer iruditu zaizu zuri egindako omenaldia?

Oso polita, ez nuen espero hainbeste oparitxo jasotzea.

Euskal literaturaren bultzada emateko beste ekintzarik ezagutzen al duzu?

Gauza polit asko ikusi ditut ikastetxe batzuetan. Ez dut orain gogoan baina sinistu nahi dut badaudela. Hemengoa oso irudigarria dela deritzot.