409 Zenbakia 2007-09-28 / 2007-10-05
Aurten Biurdana institutuak liburuaren eguna ospatu du Mariasun Landaren omenez.Baina gure artean beste emakume berezi bat izan genuen, Ceferina Fontellas.
Ceferinak txikitatik euskara ikasi zuen, eta gaztea zenean Iruñera etorri zen lan egitera.Laster bere senarrak Abarzuza liburu denda ireki zuen Iruñeko Alde Zaharrean.Frankismo garaia zen, errepresio eta zentsura garaia. Urte horiek zailak eta gogorrak izan ziren kulturarentzako eta baita euskal munduarentzako ere. Zailtasunak zaitasun, gogor aritu ziren euskal kultura sustatuz. Izan ere, mota guztietako liburuak zituzten: debekatutakoak, euskara eta euskal munduaren ingurukoak, eta hizkuntza hau ikasteko oso baliagarriak izan ziren gramatika liburuak. Ez pentsa erraza izan zenik, gogoratu errepresio eta debekapenen ondorioz klandestinitatean aritu behar zela hau guztia aurrera eramateko, denda-ostetik.Hau dela eta, kontu handiz ibili behar ziren bezeroekin,debekatutako edo arazoak ekar zitzaketen liburuak konfiantzazko bezeroei soilik salduz.
Klandestinitate garaia pasatuta, arazo berriekin topatu dira Abarzuza liburu dendan - gaur egun Santo Domingo aldapan. Mota guztietako liburuak zein haurrentzako jokoak saltzen dituzte. Baina denda familiarrek duten oztopo berdina dute, hots, beraien arazorik garrantzitsuena, azalera handiko saltoki-guneei aurre egitean datza,hauek merkatuaren gehiengoa bereganatzen baitute. Gaurko zaletasuna
Irakurtzeko zaletasunaren inguruan Ceferinak dio nahiz eta urte hauek literaturarentzako oso oparoak ez izan, egoera hain larria ez dela; beraz, ez dago dena galduta.Izan ere, aukera handia dago literatura merkatuan irakurle bakoitzak bere gustuko liburua aukeratzeko, kalitate kontuak alde batera utzita.
Bukatzeko Ceferinari eta bere familiari eskertu nahiko genieke Biurdanara hurbildu izana bere bizitza eta bere lanaren berri eman eta kulturaren inguruan egindako lan guztiagatik.
Milesker eta muxu handi bat.