Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Unai Iturriaga. Bertsolaria: Bertsolariok ez dugu batak bestearen kontra abesten, ez dugu areriorik
ETXEBERRIA, Amaia MADOZ, Idoia YERRO, Ioseba ZUDAIRE, Lorena
Biurdana Ikastetxeko lantaldea
Bertsolaria zara. Noiz erabaki zenuen horretan jardutea?
Egia esan gauza bat da bertsotan hastea eta beste bat da erabakitzea bertsolaria izan behar zarela. Ni 13 urterekin hasi nintzen mundu honetan eta 18 urtera arte eskolako txapelketak, saioak eta abar egin nituen. Egia esan ez duzu erabakitzen bertsolaria izan behar zarela. Baina 22-23 urterekin pentsatu nuen honaino iritsi naiz eta zer egin behar dut aurrerantzean? Eta horrela izan zen gutxi gorabehera.
Abestu zenuen lehenengo aldian nola sentitu zinen?
Nahiko urduri egia esan. Hamahiru urterekin izan zen lehenengo aldia bertsoak txapelketa batetik kanpo abestu nituela. Urduri nengoen lehenagotik bertsoak prestatuta nituelako. Eta denbora pasa ahala konturatu naiz hori askoz okerragoa dela bat-batean egitea baino. Buruan baldin baduzu guztia eta hitzen bat ahazten baldin bazaizu, ez duzu zer eginik. Lagun taldean kantatzen genuen eta abesteak alaitasuna ematen zigun. Bi sentimendu hauek nahasten dira: batetik, urduritasuna eta bestetik, alaitasuna.
Zein bertsolariren kontra izan duzu zailtasun gehien?
Bertsolariok ez dugu batak bestearen kontra abesten, ez daukagu areriorik eta. Zailtasun bakarra izan zitekeen bidea ez aurkitzea bertso bat egiterako orduan. Batzuekin errazagoa egiten zaizu hala ere. Niretzako errazena Igor Elortza aldamenean izatea da, nire bertso-kide izateaz gain, nire koadrilakoa delako. Oso ongi ezagutzen dugu elkar eta batak zerbait esaten duenean besteak badaki zertan pentsatzen ari den. Baina orokorki denok ditugu harreman onak, horregatik ez dago beldurrik bataren edo bestearekin abesteko.
Irakurri dugu Berandu da gelditzeko liburua idatzi duzula. Nola bururatu zitzaizun?
Niri irakurtzea asko gustatzen zait eta horretatik hasi nintzen; ausardia askorekin, egia esan. Irakurtzen hasi nintzenean pentsatu nuen ea zer gustatuko litzaidakeen niri irakurtzea. Denboraldi horretan nahiko libre nengoen eta inork ez zekien idazten ari nintzela. Gaur egun uste dut jendeak ausardia handia duela idazteko garaian eta oso zaila dela zure lehenengo obra, maisu lana izatea.
Bertsoak abesteko garaian, nola kontzentratzen zara?
Ez dut uste kontzentrazioa behar denik. Ez da berdina bertso afari bat, lehiaketa bat?Bertso afari batean zaudenean, esaterako, zaila egiten zaizu batzuetan denekin hitz egin eta afaldu ondoren tupustean abesten hastea, minutu bateko kontzentrazioa behar da. Txapelketetan zaudenean, bakoitzak bere kontzentrazio modua dauka, batzuek tentsioa kentzeko salto edo korrika egiten dute adibidez. Azterketa baten aurrean daukazun tentsioaren antzekoa da. Nik tentsiorik handienak solfeoko azterketetan pasatzen nituen. Orduan tarte bat behar duzu zuretzat.
Liburuaren eguna ospatzen ari garela eta, zein da gehien gustatzen zaizun liburua?Eta zein generokoa? Liburu bat esatea oso zaila da, asko baitaude. Eta generoari dagokionez ere oso zaila da bat aukeratzea. Niri bereziki nobela beltza gustatzen zait. Genero hori oso zabala da. Idazleei dagokionez, Joseba Sarrionandia asko gustatzen zait, bere bertso bilduma oso zabala eta polita da. Unai Iturriaga Zugaza-Artaza (Durango, 1974) Gazte gaztetatik bertsolaritza munduak erakarri du duragar hau. Behin baino gehiagotan jantzi du txapela sariketa nagusietan, eta plazaz-plaza aritzen da bere doinuekin jendea animatzen. Hala ere, beste esparru batzuetan ere aritu da. Esaterako, Zazpi Eskale musika taldeko partaide izan zen Igor Elortzarekin batera, edota idazle lanetan ere aritu da, artikuluak eta liburu bat kaleratu dituelarik.