Euskonews Gaztea
Taldea: Tximeleta C-Zuria
Nola ezagutu?
Tximeleta C-zuriak ez du dimorfismo sexualik, eta hegoen itxurarengatik oso erraz identifika daiteke. Ildo horri jarraiki, bere ertzak bihurriak dira eta itxuraz puskatuta daude. Bi sexuetan hegoen goiko aldea marroi laranja da eta orban ilun ugari ditu sakabanatuta. Beheko aldea, berriz, grisa edo arre horixka da eta ?C? formarekin orban zuria du atzeko hegoen zona diskal zonaldean. Horrek ematen dio izen zientifikoa.
Tamaina
Aurreko hegoek 22 eta 24 milimetro bitartean neurtzen dituzte eta hegaluzera 41 eta 55 mm bitartean aldatzen da.
Biologia
Espezie honetako indibiduo helduak hibernatu egiten dute. Udazkeneko egun hotzak iristen direnean, zuhaitzetako zurtoinen hutsuneen edo azalen artean babesten dira; bestela, arroken artean zuloak bilatzen dituzte. Martxoaren hasieran, udaberria hasi berria denean, egun eguzkitsuetan lozorrotik irteten dira eta hegaldiei ekiten diete, nahiz eta gero desagertu. Emeek batzuetan banan-banan eta besteetan multzo txikietan jartzen dituzte arrautzak landareen hostoen artean. Ondoren, beldarrak hosto horiek elikatzeko erabiliko ditu. Beldarrek bizkarraldean orban zuri handia dute. Horren gainean kolore berdineko arantzak agertzen dira. Udaberriko errunaldi berdinetik beldar batzuk elikatu eta oso azkar hazten dira eta bigarren belaunaldia sortzen dute udaren amaieran edo udazkenaren hasieran. Beste batzuk, berriz, motelago garatzen dira eta belaunaldi bakarra sortzen dute urtean. Beldarrek krisalida ederrak eratzen dituzte eta elikadura-landareen adarretatik zintzilikatzen dira kremasterraren bidez. Espezie honek bi belaunaldi ditu urtean. Lehenengo belaunaldiko indibiduo helduak hegan ikus daitezke ekainean eta uztailean; bigarrenekoek, berriz, abuztuan eta irailean egiten dute.
Elikadura
Beldarrek, nagusiki, Urtica urens eta Urtica dioica espezieetako osinak jaten dituzte,baita zumarrak, arteak, elorri beltzak, lupuluak, hurritzak eta andere-mahatsak ere.
Habitata
Zelai loretsuetan, lorategietan eta basoetako ertzetan bizi da, betiere altitude txikietan. Hala ere, 1.800-2.000 metroraino irits daiteke.
Banaketa
Europan banatzen da, iparraldetik gutxi gorabehera 6?-raino. Asiaraino eta Japoniaraino irits daiteke. Halaber, Afrikaren iparraldean (Maroko, Aljeria eta Tunez) eta Mediterraneoko uharte handietan agertzen da. Euskal Herrian espezie hedatua da, baina urria, bereziki, Bizkaian eta Gipuzkoan. NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.