410 Zenbakia 2007-10-05 / 2007-10-12
Kilometroak jaiaren testigua Bergarako Aranzadi ikastolak hartu zuen iazko urrian. Hainbat hilabete lanean gogor ibili ostean, asteburu honetan bere fruituak jaskoko dituzte. Guraso, irakasle eta ikasleak buru belarri ibili dira festa ondo atera dadin. Jaia ez da faltako, ezta euskararen aldeko aldarrikapenak ere. Dena dela, Aranzadi ikastolak urte asko daramatza lanean gure hizkuntzaren alde. Seminarioan aurkitzen da Aranzadi Ikastola. 1971an sortutako ikastola
Euskara eta euskal kulturan dago errotuta ikastola eta herri ekimenez 1971an sortutako kooperatiba da Aranzadi. Halaber, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko partaide da. Egun, 705 ikasle ditu eta 2 urtetik 18 urte bitarteko ikasketak eskaintzen dira. Bi egoitza nagusiz osatuta dago. Batetik, Errege Mintegia deituriko eraikina, monumentu historiko bezala ezagutzen dena Bergaran. Bestalde, DBH ikasketak Martinez de Irala eraikinean eskaintzen dira. Ikastola sortu zenetik, ikasleen kopuruak goraka egin du.
Kilometroak 07 antolatzea erabaki zutenetik helburu bat argi dute: Errege Mintegian erabiltzen diren instalazioak hobetzeko erabiliko dute igandean lortutako dirua. Horrez gain, ikasketa planek sortzen dituzten beharrizanei aurre egiteko ere erabiliko dute jasotakoaren zati bat. Helburu horiek dira nagusiak, baina antolatzaileen asmoa euskararen alde beste pauso bat ematea da. Hala, ekitaldi ugari prestatu dituzte bai haurrentzat, baita helduentzat ere.
Argi daukagu lelopean, Aranzadi ikastolan ikasle guztiak jaia prestatzen ibili dira. Festaren kantuan parte hartu dute, eta hainbat marrazki ere egin dituzte txikienek, esaterako. Erronka handia bada ere, gurasoek beraien indar guztiz egin dute ikastolaren alde, sorreran bezala. Balore nagusiak
Ikastola sortu zutenetik hainbat balore abian jarri zituzten sortzaileek. Aranzadiren balore nagusiak hurrengoak dira: herri ekimena eta lankidetza, solidaritatea, nazio ikuspegia, euskara eta euskal kultura, herrira eta mundura irekia izatea, aitzindari izatea eta errespetua. Egun horiek aldarrikatzen jarraitzen dute Bergarako ikastola horretan.
Antolatzaileek dituzten helburuez gain, Aranzadi Ikastolako langile eta gurasoek euskararen alde egiten jarraituko dute aurrerantzean ere. Momentuz jaia ondo ateratzea espero dute. Horregatik Euskal Herriko pertsona guztiak gonbidatzen dituzte Bergarara hurbiltzeko. Bertan, jai giroa eta ibilbide eder bat egiteko aukera izango baitute. Musika, ikuskizunak, haurrentzako puzgarriak, jateko eta edateko postuak, erakustaldiak... denetik aurkituko dute hurbiltzen direnek.