411 Zenbakia 2007-10-12 / 2007-10-19

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Eztitxu Vivanco. Igerilaria: Anbizio ugari ditut; nahi nuke joan 2008ko Joko Paralinpikoetara, Pekinera

XALBADOR KOLEGIOko lantaldea (Kanbo)

Askotan, elbarrituak bitxiki ikusiak dira, arazoak dituztelako edo penagarria dela pentsatzen dugulako. Bainan jakin ezazue, jende horiek, beste jendeek bezala gaitasunak dituztela, gauza bera egiten ahal dute, eta batzuetan gehiago. Gaur egun, kirola munduko kultura dela erran dezakegu. Egiten dira lehiaketa anitz estatu desberdinetan. Adibidez, munduko kopak, Joko Olinpikoak, eta hauek, kirol guzietan. Bainan, oraindik ere, kirol sail bat ahanzten dugu ez baitugu aski aipatzen: handikirola. Handikirolak, ezagunak diren kirol moldatuak dira, elbarrituentzat. Adibidez, saskibaloian, jokalariak aulki errotadun batean ari dira, eta saskia beherago dago. Kirol hauek elbarrituentzat aukera bat direla erran dezakegu. Hor dituzte probak egiten eta kirol normalak bezala, lehiaketa anitz daude igeriketan, atletismoan edo beste edozein handikiroletan. Anitz ari gira Joko Olinpikoei buruz, bainan, para-olinpikoak? Alta, ber egunetan eta ber tokian pasatzen dira. 2008-an, Txinan elkartuko dira elbarritu azkarrenak, bakoitza bere sailean.

Noiz hasi zira igeri egiten ? Zertarako ?

Igeriketa ikastolarekin hasi nuen, bost urte nituelarik gutti gora behera ; kirol hori gustukoa izan nuen eta beraz segitzea erabaki nuen.

Zer edo nork pusatu zaitu aktibitate honetara ?

Ez nau nehork bultzatu aktibitate honetara, baizik eta gogoak. Uretan ongi sentitzen nintzen, ez nuen zailtasunik.

Lehiaketa garrantzitsuak egiten ote dituzu ?

Bai, lehiaketa garrantzitsuak egiten ditut. Adibidez, joan den urtean Txekiar Errepublikara joan naiz Europako koparentzat, Frantziako selekzioarekin. Horrez gain, urtero bi edo hiru aldiz Frantziako txapelketak egiten ditut. Heldu den urtean printzipioz Estatu Batuetara joanen naiz Kanada eta Ameriketako txapelketak egitera.

Batzuetan, elbarrituak ez direnekin lehiaketak egiten dituzu...

Bai. Hasteko, haiekin entrenatzen naiz, eta ondorioz hor txapelketa horietan dut, orain dudan maila antzeman elbarrituekin egiten ditudan txapelketetan. Lehiaketa horiek, hobetzera eta indartzera bultzatzen naute. Gainera, haiekin ez naiz elbarritua sentitzen, denek ber indarra dugulako. Beti tiratzen naute, eta ez dute pentsatzen erreski irabaziko nautela. Horrek, motibazio handia emaiten dit.

Ba ote dira handikirol sail desberdinak lehiaketetan?

Bai, elbarrituaren larritasunaren arabera sailkatuak gira eta ez adinaren arabera. 13 sail badira. 1etik 6rako sailak aulki errotadunetan ari direnentzat dira ; 7tik 10era zutik direnentzat edo zango bat edo beso bat eskas dutenentzat, 11tik 13ra itsuak izaten dira.

Zuretzat, handikirolak zer dira ?

Handikirola, lehenik kirola dela kontsideratzen dut, bainan ez da bakarrik hori. Bertan, ikus daiteke beti badela norbait zuk baino zailtasun handiagoak dituena eta hala ere zu bezalakoa dena. Denak elkarrekin egoten gira eta ez gira borrokan ari: alderantziz, entseatzen irri egiten dugu presiorik eman gabe.

Anbizioak geroko igeriketan ?

Nik anbizio ugari ditut. Nahi nuke joan 2008ko Joko Paralinpikoetara, Pekinera, eta untsalaz posible izanen zait. Espero dut egunen batean munduko lehenetariko bat izaitea. Gero, igeriketa munduan egotea gustuko nuke, diziplina honetan, lan bat eginez. Eztitxu Vivanco (1993–01–31) Zango bat eskas du Eztitxuk eta gure ikastolako (Xalbador Kolegioko) ikaslea da. Igeriketa gustoko du eta hortan dihardu. Diziplina honetako, Frantziako Txapeldunari, galdeketa bat egin diogu.