411 Zenbakia 2007-10-12 / 2007-10-19
Gerla Handia finitu dela, geografia arras aldatu da Europan. Versailles-en sinatutako hitzarmenean, lurralde handiak galdu ditu Alemaniak. Gerraren ondorioz, hiru inperio handi desagertu dira: Austrohungariarra, Errusiakoa eta Turkiakoa. Europa hustu egin da jendez, hamahiru bat milioi gizon eta emazte hil dira guztira. Lapurdiko, Behenefarroako eta Zuberoako sei mila lagunetik gora hil dira, nekazariak gehienak, Baiona, Pau, Tarbes, Mont de Marsan eta Bordeleko erregimentuetatik Belgikako mugetara bidali eta gero.
Laburra izatekoa zen gerlak lau urte iraun du. Eta garaileen artean dena ez da ohore izan. Errepresioa gogorra izan da frantziar gudaroste barnean matxinatu diren soldaduentzat. Muga herrietan, Aldudeetan, Baigorrin, Saran... Frantziagatik hiltzera joan beharreko gizonetarik batzuek desertatu egin dute. 1917an, soldaduen manifestazioek bete dituzte Frantziako karrikak. Baionan, frontetik heldutako milaka lagun bildu dira ez itzultzeko eskatzen, eskulan kualifikatu direla eta baliagarriagoak beraz arma usinetan frontean baino. Geltoki aurrean armadako kantu bat abestu diete bertan diren militar buruei: Tue-le, tue-le, pour lui apprendre à vivre, pour lui apprendre à vivre un tout petit peu... Chiquito de Camboren omenezko momumentua.
Anartean, industria militarrak asmakizun berriak frogatu ditu gerla zelaietan. Tankeen, balen dum–dum, baina batez ere gasaren gerra izan da jendeak Gerla Handia deitzen duen hau. Fosgenoak, hiperitak, ziape gasak ito, erre egin ditu lubaki lokaztuetako soldadu akituak. Bada, Frantziak izen beldurgarriak erantsi dizkio europarren memoria kolektiboari: Verdun, Somme, Marne...
Euskal Herrian, euskal prentsak egundaino ez bezalako testuak ezagutu ditu. Iparraldean, soldaduak dira kazetariak, eta norberaren mamitan sufritutakotik idatzi dute.
Bestalde, terminologia militarra euskaraz emateko egin den ahalegina gaitza izan da: hazkurria, gerla karrikarteak, errekak, airezkariak, mitraillausak... Ez da ordea terminologia euskal irakurlearengan finkatu den gauza bakarra. Gerratik heldu diren istorio asko eta asko hain dira sinesgaitzak non ezin egokiago datozen garaileen mito berriak sortzeko. Euskal Herriak behar du berea, eta zein karazkoago Frantziari eskaintzeko pilotari bat baino. Giza neurritik gora, Joseph Apestegi, Chiquito de Cambo-k frontean egin balentriaz Eskualduna-n kontatu direnak Euskal Herriko mugak gainditu ditu. Lehendik ere entzute handiko gizona da Paris, Vichy, Niza, Bordele edota Arcachon-go frontoietan. Orain Frantzia irabazleak behar duen heroietarik da:
Bai, Chiquito ere ikusi diat. Erran zautak ibilia dela toki gaixto batean, mandatu batekin;... alemaneri bonbak... xixterarekin aurdikitzen dituela, eta orai berriz krako handi batekin alemanen burdin hariak atzemanik beren phaldoekin herrestan bereganatzen dituela.
— To, entzuna nian, pilotan ari zela bonbekin, artillur batek erranik. Baina ez nakian oraino armarekin ari zela burdin hari arraintzan.