Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Aritz Lizarraga. Erentzun Ikastolako Zuzendaria: Aukera oso zabala egongo da igandeako Nafarroa Oinezen Vianan
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Noiztik dago irundar bat Vianako ikastolan?
Laster bi urte egingo ditut hemen lanean. Bai zuzendari karguan eta baita irakasle bezala ere.
Eta zer moduz?
Egia esan erronka bat izan da. Zuzendari izendatu ninduten eta hortik gutxira aipatu zidaten gure ikastolak antolatuko zuela Nafarroa Oinez 2007a. Sarrera itzela izan zen. Nafarroa Oinezen aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Erentzun Ikastolako Argazki Galeria.
Beraz, hastapenetik zabiltza antolaketan...
Halaxe da, bai. Lehenengo bilerak 2006ko maiatzean hasi genituen. Urte eta erdiko antolamendu lana izan da, eta luzea, azken batean.
Luzea bai, baina gogoekin, ezta?
Bai horixe! Batez ere, dena ongi ateratzeko desiratzen gaude. Orain azken txanpan sartu gara. Oraindaino batzordeka egin ditugu prestakuntza guztiak, baina momentu honetan denok elkarrekin gabiltza beharrean, muntaia lanetan batez ere.
Egitarau potoloa prestatu duzuela entzun dut.
Horrela da. Aukera oso zabala egongo da igandean Vianan. Zazpi gune antolatu ditugu eta bakoitza adin bati zuzenduta dagoela esan genezake. Lehenengoa eta seigarrena haurrena izango da; herri–kirolen txokoa ere prestatu dugu, bigarren eta laugarren guneetan; gazteentzako tokia hiru eta bosgarren guneak izango dira. Azken horrek, esaterako, kontzertu mota ezberdinak jasoko ditu. Ska, folk eta rock gogorragoa entzun ahalko ditugu, besteak beste.
Ikusten dugunez inork ezin du hutsik egin jaira...
Ez, ez dago ez etortzeko aitzakiarik. Gainera ibilbidea ere oso laua da. Sei kilometro izango ditu eta oso polita izango da. Viana garai batean dago eta ibilbidea beheko aldetik joango da, herria alderik alde inguratuz.
Baina jaiaz gozatu ahal izateko aurretik lan egin beharko duzue, ezta?
Aurtengo Nafarroa Oinezen inaugurazio ekitaldia Ikastolan egingo dugu. Hasieran zirkuituari bira emango diogu etortzen diren autoritate guztiekin. Ondoren polikiroldegian omenalditxo bat eta luntxa izango dugu. Ostean, medioekin egon eta eguerdi arratsalde parterako behar den tokira laguntzera joatea espero dut, horretarako gogoa ere badaukat eta.
Zertarako erabiliko duzue igandean jasotako dirua?
Zati bat eraikin berri bat eraikitzeko izango da. Orain arteko tokia txiki geratu zaigu, izan ere 133 ikasle ditugu eta leku beharrean gabiltza. Hala, gelak zabaltzeko tokia izango dugu, jantokirako lekua...Bestalde, gaztetxoentzako frontoi estali bat egin nahiko genuke.
Gaiz aldatuta, nola ikusten duzu euskararen egoera Vianan?
Egia da zailtasunak egon badaudela eta egoera ez dela erraza. Baina egia da baita ere 1992. urteko Nafarroa Oinezek (Vianan antolatutakoa) behar zuen bultzada eman ziola gure ikastolari. Horren erakusle da handitzen goazela, eta erbait ondo egiten ari garen seinale da.
Animatu itzazu, bada, euskaltzaleak...
Egitarau polita antolatu dugu, zirkuitu errazarekin... beraz, etorri eta lagun iezaguzu ikastolaren proiektuari jarraipena ematen! Aritz Lizarraga (Irundarra) Hogeita sei urte ditu Irungo gazte honek. Orain bi urte hartu zuen Vianako Erentzun Ikastolako gidaritza eta ordutik dabil aurtengo Nafarroa Oinez prestatzen. Lan gogorraren osteko emaitza iritsi da, igande honetan ospatuko den jaia heltzeko unea desiratzen da gipuzkoarra.