413 Zenbakia 2007-10-26 / 2007-11-02

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Julian Retegi. Pilotari ohia: Pilotan gorriz janztea nahiago nuen, irabazleen kolorea delako

ARAIKO, Jon

Olabide Ikastola (Gasteiz)

Gazte hasi zen pilotan jokatzen Julian Retegi. Eta lan handia egin zuen kirol horretan, etengabe, eta azkenean profesional izatera iritsi zen. Retegi IIak garaipen ugari lortu zituen. Gaur egun ez du jokatzen, baina beti jarraituko du pilotari lotuta. Gaur egun, bere semea ari da maila bikaina erakutsiz.

Txikitan oso pilotazalea al zinen?

Ba bai, ni betidanik izan naiz pilotazalea, oso txikitatik erakarri nau mundu horrek.

Zein zen zure txikitako idoloa?

Nire idolo handiena nire osaba zen, Retegui I. Baina Ogueta ere gustuko nuen, oso ona baitzen. Nik bera bezalakoa izan nahi nuen, guztiok bezala, nire ustez.

Nola lortu zenuen profesionaletara iristea?

Hasieran, maila apalenean egon nintzen jolasten, baina gero poliki-poliki aurrera jarraitzea lortu nuen maila hoberenera iritsi arte.

Zenbat urte egon zinen profesional mailan jolasten?

Profesionaletan 26 urtez egon nintzen gutxi gorabehera.

Zein zen zure gustuko kolorea partiduak jolasteko?

Gorriz janztea nahiago nuen, hori baita kirol honetan txapeldunen kolorea.

Eta ze pilota mota zenuen gustuko partiduetarako?

Pilota ez oso biziak nahiago nituen. Joko politagoa eskaintzen dute eta pilotariak denbora gehiago daukate ondo kokatzeko. Pilota biziekin berriz, partiduak azkarregiak dira eta hori jendeari ez zaio asko gustatzen.

Pilotaz gain beste kirolen batean aritzen al zinen?

Ez. Pilotak denbora asko kentzen dizu, eta denbora librea deskantsatzeko edota familia eta lagunekin egoteko aprobetxatzen nuen.

Noiz eta noren aurka irabazi zenuen zure azkenengo txapela?

Eskuz banakako txapelketa izan zen, 1997. urtean, eta Augusto Titin III.aren aurka irabazi nuen.

Pilotarien artean areriotasuna oso handia dela esan al genezake?

Areriotasuna egon badago, bai, baina nahiz eta enpresa ezberdinetakoak izan, guztion artean adiskidetasun oso polita dago orokorrean.

Ze ezberdintasun uste duzu daudela lehengo eta oraingo pilotarien artean?

Lehengo pilotariek ez zituzten oraingo gazteek dituzten abantailak. Adibidez, lehengo pilotariak takoak erabiltzen zituzten bai, baina ez ziren gaur egun erabiltzen direnak bezalakoak, askoz txarragoak ziren. Ondorioz, eskuek askoz gehiago sufritzen zuten partiduak jolastean.

Zer sentitu zenuen zure semea pilotaria izango zela jakin zenuenean?

Izugarrizko poztasuna izan zen niretzat hori jakitea. Gainera asko lagundu izan diot horraino heltzeko eta nire esfortzuak zerbaitetarako balio izan duela jakitea asko pozten nau.

Zer egiten duzu orain ez dituzula partiduak jokatzen?

Partiduak ez jolastu arren beste hainbat gauza egiten ditut esku pilotaren inguruan. Gazteei erakusten diet nola jolastu behar den eta bitartean, denbora pasatzen dut. Baina nahiz eta pilotan ez aritu forma fisikoa mantentzen saiatzen naiz beste kirol batzuen bitartez.

Julian Retegi (Eratsun, 1954ko urriak 10) Nafarra da Julian. Pilota munduan pertsonaia berezia izan da. Askok, historiako aurrelaririk hoberenetarikoa dela uste dute. Lehen mailako txapelketa bat 1980. urtean irabazi zuen eta ez zen azkena izango. Buruz buruko txapelak jantzi zituen (1980etik 1988ra urtero eta 1990 eta 1993 urteetan). Gainera, Binakako txapeldun ere izan zen (1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997) eta baita Lau eta erdiko txapelduna (1989, 1990, 1991 eta 1997).