414 Zenbakia 2007-11-02 / 2007-11-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Oroitzapen ugariren eguna

ELIZONDO, Amaia



Mende asko igaro dira azaroaren lehen egunean santu guztien eguna ospatzen denetik. Joan direnen oroitzapen ugari etortzen dira burura egun horretan. Dena dela, oroitzapenak egunero daude maite duzun norbait gehiago ikusiko ez duzula ohartzen zarenean. Erlijioak zerikusi handia du santu guztien egunarekin. Izan ere, kristautasunaren sorreratik egutegian hainbat jaiegun sortu ziren. Horien artean, azaroaren lehen eguna, San Joanak, Gabonak edota Aste Santuko ospakizunak daude. Azken finean, ohituraz jasotako jaiegunak dira, egutegian urtero ezartzen diren jaiegun guztiak bezalaxe. Ospatzeko modu ezberdinak

Santu guztien eguna tristura eta malkoekin lotzen da normalean. Hildakoen eguna da, familia edo lagun artetik joan diren pertsona horiena, hain zuzen. Arbasoengandik jasotako ohiturek geroz eta oihartzun gutxiago dute gazteen artean. Duela hamarkada batzuk santu guztien eguna herri eta txoko guztietan ospatzen zen. Egun, tradizioak aurrera jarraitzen du, baina ez du hainbesteko eraginik.

Oso ohikoa izaten da egun horretan hilerrira joatea loreak aldatzera edota errautsak bota diren tokira bisita bat egitea. Dirudienez egun hori joan direnak oroitzeko pentsaturik dago. Halaber, aspaldian ikusi gabeko jendearekin topo egiteko ere egun aproposa izaten da Omia Santu eguna. Hilerrian batekin eta bestearekin hitz egiteko aukera egoten da normalean. Horrez gain, eguraldiak ez du eragin handirik izaten egun horretan. Euria ala eguzkia atera, jendea berdin-berdin joaten baita oroitzapen ugari datozkion lekura.

Bestalde, familiak elkartzeko aitzakia ere izaten da askotan azaroko lehen eguna. Joandakoak oroitzeko asmoarekin elkartzen direnak asko izaten dira. Elkar bizitako momentuak, abenturak edota une alaiak berriro oroitzeko unea izaten da. Tristura eta poza aldi berean; beraz, sentimendu kontrajarriak nagusi izaten dira askorentzat. Bizitzari aurre egin behar zaiola ohartzeko eguna ere izan daiteke beste batzuentzat. Kontsumismoa nagusi

Urtetik urtera santu guztien egunak dakarren kontsumismoa handia dela diote hainbat azterketek. Egun horretan urte osoan saldu ez diren lore guztiak agortzen dira. Hilabete bat aurretik gutxi gorabehera, azoketan lore eskaerak asko igotzen dira. Eta, merkatuetan gehien saltzen den produktua loreak dira, mota guztietakoak, gainera. Saltzaileek lan ugari izaten dute urritik aurrera, jendearen eskaerak betetzen. Denek nahi izaten baitute lore sortarik ederrena eman falta denari.

Bestalde, Euskal Herriko herri gehienetan meza bereziak ospatzen dira. Hildakoen alde otoitz bereziak egiten dituzte. Beste asko ez dira elizara hurbiltzen, baina hilerrira joaten dira, edo beste toki batzuetara. Azken urteetan hildakoak erraustea ohikoa bihurtzen ari da. Normalean errautsak hildako pertsonak gustuko zuen tokiren batean zabaltzen dira, edo beste aukera bat izaten da, jaioterrian aukeratzea, esaterako. Hala, senitartekoak eta lagunak leku horietara bisita egiten dute joan denarekin egoteko. Hildakoekin oroitzeko eguna bada ere, urteak beste egun asko ditu horiekin oroitzen jarraitzeko.