415 Zenbakia 2007-11-09 / 2007-11-16

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Oihana Bartra. Bertsolaria: Herrietatik deitzen deustien bitartean kantatetan jarraituko dot

BEGOÑAZPI IKASTOLAko lantaldea

Ander HERRERO, Ibon LARRINAGA, Asier GARCIA, Aitziber RAMIREZ, Oiane RAMIREZ, Oihane BAUTISTA, Garbiñe ATXA, Uxue CANALES eta Ane URIARTE

Bertsolari gaztea da Oihana. Bizkaitar honek Euskal Filologiako ikasketak egin ditu eta irakasle lanetan aritzen da. Hainbat sariketatan parte hartu eta txapela behin baino gehiagotan jantzi du.

Noiz eta zelan hasi zinan bertsotan?

Lehenengo, LMHko 5.mailan irakasle bat etortzen zan klasera bertsoak erakustera, euskera orduetan. Gero, eskolaz kanpoko ekintza bat jarri eben ikastolan, bertsolaritza zana, eta bertan apuntatu nintzan. Eta azkenik, 14 urtegaz, Santutxuko bertso eskolan apuntau nintzan, bertsoen munduan sakonago barneratzeko.

Zenbat sari irabazi dozuz bertsoak eginez?

Birritan izan naz Bizkaiko txapelduna, 18 urte arteko kategorian. Beste hainbat gazte sari be irabazi dodaz: Bagare, Abra, Osinalde eta beste hainbat, baina oraintxe bertan ez naz gehiagoz oroitzen, ez nagoalako oso zentratuta.

Noiz izan zan irabazi zenduan lehenengo saria?

Lehenengoa 1998. urtean izan zan; 15 urte nebazan eta orain atzera begiratuz gero, neskato bat baino ez nintzala konturatzen naz (barreak). Elkarrizketaren egileak Oihanarekin.

Zer sentidu zenduan lehenengo aldiz Bizkaiko txapelketa irabazi zenduanean?

Hasieran ez neban sinisten lortutakoa, baina egindakoaz konturatu nintzanean poz handia sentidu neban eta niretzat animo handia izan zan bertsotan jarraitzeko.

Uste dot ez dala bardina bertsotan egitea eta zure lana hutsean izatea, edo zuk egindako lana gustuko izatea eta egindako esfortzuaz konturatzen dan jendea egotea.

Zure ustez Paiak merezi izan dau saria irabaztea?

Bai, uste dot baietz. Lehiaketan oso ondo hasi zalako eta oso gogor jarraitu ebalako saio guztian zehar. Bere aurkariak oso gogorrak izan baziran be, eta asko gustau bajatazan be, merezi ebala uste dot; egindako lan eta esfortzuagaitik batez be.

Bertsogintzatik bizi zeinke?

Ez dot uste eta gainera, ez neuke gura.

Zergatik?

Ba, bertsogintzaz bizitzea hori bakarrik egitea dalako. Eta bizitzan beste gauza batzuk egin gura dodaz, ez bertsotan bakarrik. Lehenengo eta behin, nire ikasketak amaitu gura dodaz eta gero gerokoa. (barreak).

Bizkaiko bertso sarira joan zinanean, zure aurkariak gogorrak ziran?

Sari horretara orain dala urte batzuk aurkeztu nintzan eta hainbat gauza ahaztuta daukadaz, baina gogoratzen dot bertako partaideak ni baino nagusiagoak zirala eta beraz, nik baino esperientzia gehiago ebela eta gatza egin jatan irabazi egin nebala konturatzea. Argazkia: Iñigo Azkona.

Zelakoak dira gaur egun bertsolaritzan dabiltzan gazteak?

Gaur egun jende asko dago bertsolaritzan sartzen, gehien bat gazteak, eta jende oso ona dagoala eta ahaleginak egiten dagozala uste dot. Gainera, poztekoa da ohitura zahar honek aurrera egiten dauala ikustea, eta gehiago gazteak badira horretan lan egiten dabenak.

Orain bertsotan ibiltzeaz gain, zertan lan egiten dozu?

Dakizuenez, orain euskerako eskolak emoten nabil Begoñazpi Ikastolan. Hamen eguerdietan lan egiten nabil diru apur bat ataratzeko eta zuek aurrean zagozienez apur bat diplomatikoa izango naz...(barreak)

Beno, klaseak emoten dodazan lehenengo urtea da eta oraindik ez naz guztiz ohitu zuekaz egotera. Gainera nerabezaroan zagozienez apur bat gatzak zarie. Baina oso gustura nabil egiten dodanagaz.

Beste leku baten be eskolak emoten dodaz, baina bertsolaritzakoak. Nire adineko jendeari eta jende nagusiagoari bertsoak egiten irakasten deutset eta bertan be oso gustura nabil lanean. Nire bertso klaseetatik Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio barriren bat urteteak poztu egingo ninduan, seinale ona izango zan; irakasle ona nazan seinale.

Nortzuk dira zure bertsolaririk gustukoenak?

Asko dagoz, eta danak oso onak gainera. Baina Bizkaian, adibidez, Paia eta Paiatarrak iruditzen jataz onenak. Euskal Herri osoa kontuan hartuta, Mailen Lujanbio eta Andoni Egaña aukeratuko neukez, baina uste dot horretaz jende guztiak bardin pentsetan dauala, euren lana oso baloratuta dagoalako eta sari asko irabazi dabezelako.

Zer iruditzen jatzu emakumezkoak bertsotan ibiltzea?

Ba ondo,ez? (barreak). Nire ustez, gaur egun, leku guztietan moduan, emakumezkoak garrantzia hartzen dabilz eta begi bistakoa da bertsotan be gertatzen dagozala. Horrela, lehen, antzina, gizonezkoek egiten ebena gaur egun emakumezkoek be arazo barik egiten dabela. Eta honek emakumezkoak motibau dauz bertsotan aritzera eta beraz oso ondo iruditzen jat.

Zenbat urtera arte aritzen da jendea bertsotan?

Ba nik uste dot horretarako ez dagoela adinik, gainera denborak aldatu egin dira. Lehen, orain dala urte batzuk, gizon nagusiak aritzen ziran gehienbat; 60 urtetik gorakoak edo; baina apurka-apurka adineko pertsonek ogibide hau itzi dabe eta gero eta pertsona gazte gehiago dagoz. Gaur egun ez dago 60 urteko ia inor eta gazteak, ostera, asko dira. Baina orain gazteak badabilz be, horretarako ez dagoela edaderik errepikatu gura dot.

Zuk zenbat urtera arte aritzeko ideia dozu?

Oraindik ez dot pentsatu eta benetan dinotsuet, ez dakit. Herrietatik deitzen deustien bitartean kantatetan jarraituko dot, edo hori da nire asmoa. Lan hau asko gustatzen jat eta bizitza osorako izatea gustatuko litxakit, baina badakit nagusiagoa nazan heinean gitxiago izango nazala entzuleen artean, gazteak nahiago dabezelako. Baina momentuz gaztetxoa naz, eta hori gertatu aurretik urte asko daukadazala pentsetan dot. Oihana Bartra (Bizkaitarra) Oihana Bartrari gazte gaztetatik gustatu zaio bertsotan aritzea. Bizkaiko Eskolarteko txapelketan txapeldun izan da hiru urtetan (1999, 2000 eta 2001 urteetan) eta gainera, 2004ean Osinalde saria eta Bilboaldeko txapelketa irabazi zituen. Bilboko Begoñazpi ikastolan ere irakasle lanak egin ditu eta bertsolaritzari buruzko eskolak ere eskaintzen ditu.