416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Sustrai Kolina. Bertsolaria: Maite euskara bikotea maite behar den bezala

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Ekain Velez de Mendizabal

Euskararen Nazioarteko Eguna (abenduak 3) nazioartea ospatzen den egun bat da. Euskarari bultzadatxo bat eman nahi dion ekimena. Eusko Ikaskutzaren eskutik sortutako egun horretarako bideo bat egin dute, eta Sustrai da bertan parte hartu dutenetako bat.

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzaren bideoan hartu duzu parte. Zer moduzko ideia deritzozu?

Ona eta helburu argiko ekimen serio eta sendo bat iruditu zait. Horrelako gehiago ez leudeke gaizki. Pena gehien motiboak ematen dit. Ez dakit oso seinale ona den euskarak nazio arteko egun bat izatea.

Grabaketa Larraldean egin zen, ezta?

Halaxe da. Larraldea Senperen kokatutako etxe dotore bat da. Orain pare bat urte erortzeko zorian zegoen eta aitzinako erara erabat eraberrituta dago orain. Iparraldeko euskalgintza eta kulturgintzaren polo garrantzitsu bat izan nahi du eta gauza dezente egiten dira bertan. Han daude Euskal Herrian Euskaraz edo Bertsularien Lagunak elkarteen egoitzak, Andoni Iturriotz etxeko jabearen inplikazio eta eskuzabaltasunari esker.

Zure gaia Euskara eguneroko bizitzan izanik, zer nolako balorazioa egiten duzu horren inguruan?

Munduak daudela esango nuke, eta mundutxo horien barruan azpimundu gehiago.Toki batzuetan euskaraz bizi daiteke goitik behera, besteetan ezta pentsatu ere. Nik mundu desberdinetatik edaten dut, mundu batean euskara soilean bizi naiz eta bestean erdara hutsean.Aberasgarria da hori, baina seinale txarra ere bai.

Beraz, Ipar Euskal Herrian euskaraz bizitzea Hego Euskal Herrian baino zailagoa al da?

Azpeitian baino bai, baina Barakaldon edo Tuteran baino ez. Gero, Iparraldean ere errealitate desberdinak daude. Ez dira berdinak Baiona eta Sara, Miarritze eta Baigorri. Hori bai, gurean administrazioarekiko guztia frantsesez egin behar da, Nafarroako toki batzuetan bezala, funtsean.

Noiztik daramazu bertsolaritza munduan?

Zortzi urterekin-edo hasi nintzen, eta tartean hiruzpalau urteko etenaldi bat izan nuen arren, gaur arte. Suertea izan genuen ikastolan bertso-eskola geneukalako, eta talde giroak eta lagunarteak animatu eta lotu gintuen.

Zein girotan abesten duzu erosoen?

Ez dakit. Afaritan esan beharko nizuke giroa lasaiagoa izaten delako. Baina jaialditan ere gustura kantatu izan dut, eta inoiz behin, txapelketan ere eroso sentitu izan naiz.

Nola animatu dezakegu jendea euskara suspertzera?

Maite, bikotea maite behar den bezala esanez. Euskarak nahikoa du hitz egitearekin. Sustrai Kolina (Lapurtarra) Sustrai Urruñan sortu zen 1982an. Baionan Zuzenbide ikasketak egin zituen eta noizean behin prentsan berak idatzitako zer edo zer irakurri dezakegu. Bestalde, liburu bat ere idatzi du lapurtarrak: haurrentzako H-gabe deitzen dena.