Euskonews Gaztea
Gaiak: Oihane Perea. Bertsolaria: Euskara harrizko ondare bihurtu dadin eragotzi behar dugu
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Argazkiak: Ekain Velez de Mendizabal
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzaren bideoan hartu duzu parte. Zer moduzko ideia deritzozu?
Zerbait desberdina eta originala iruditu zait. Gainera nahi duguna esateko aukera eman digu, eta horrenbestez pozik nago. Ia jendeari gustatzen zaion!
Euskara gure ondarea dela argi utzi duzu botatako bertsoetan...
Gure ondarea dela adierazi nahi nuen, baina batez ere ez diogula behar besteko arretaz begiratzen. Oraindik gauza asko daude euskararen historian jakiteko, behar bada batzuk sekula argituko ez direnak; baina gutxienez ez dadila izan gure aurreiritziek hori oztopatu dutelako. Araba adibide ona da, eta arabar askok konpartitzen dugu sentsibilitate hori.
Iruña–Veleian grabatu zenuten, esan daiteke iraganaren ispilu dela.. Toki berezia, ezta?
Bai, umetan ezagutu nuen Iruña–Veleia txango batean, eta liluratu egin ninduen. Beti izan naiz iraganeko harri–zalea, eta beraz gustura hartu nituen lekua eta gaia. Horrelako lekuetan konturatzen naiz dakigun apurraz.
Etorkizunean ere euskarak ondare izaten jarraitzeko zer egin behar dugu?
Ba ausartak izan eta borondate guztia horretan jarri konplexuak eta interes pertsonalak alde batera utzita. Harrizko ondare bihurtu dadin eragotzi beharko dugu, noski, baina horretarako euskara beharrezko bihurtu behar dugu gure eguneroko bizitzan. Eta ez dut uste erakundeak hori bermatzeko behar bezala jokatzen ari direnik.
Noiztik daramazu bertsolaritza munduan?
Umetan hasi nintzen, 11 urterekin edo. Seguruenik ez neukan oso argi nora nindoan, baina berehala harrapatu ninduen. Geroztik ez dago modurik bizio hau kentzeko.
Zein girotan abesten duzu erosoen?
Taberna giroan eta leku txikietan gustura aritzen naiz, neure saltsan, eta horixe, entsazioa gustuko dut. Tentsioa eta emozioa uztartuz zer berezi bat sentitzen da eta uste dut bertsotarako puntu ona dela hori.
Nola animatu dezakegu jendea euskara bultzatzera?
Ez dakit. Norberak badu egiteko bat kontu horretan, eta gure eguneroko bizitzan pausuak emanez, pegatina bat jarrita baino gehiago lagunduko diogu euskarari. Euskara ikasi, lagunekin erabili eta hurrengo belaunaldiei familia giro euskaldun bat bermatzea lehentasunezko kontuak iruditzen zaizkit. Jende askok hor pausu txikiak emanez gero, urrats sendo bat emango genukeela uste dut. Oihane Perea (Arabarra) Hamabi urterekin ekin zion gasteiztar honek bertsotan aritzeri; izan ere, Gasteizko bertso–eskolan eman zuen izena. Magisteritza ikasi du eta bertsolaritzako irakaslea da. Askotan izan da Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunordea, baina 2007. urtean jantzi zuen txapela azkenik.